Gazteberri / 2017-07-27 / 954 hitz
Sexu-transmisiozko gaixotasun (STG) kasuen erdia baino gehiago 25 urtetik beherako gazteen artean ematen direla ohartarazi dute adituek. Gainera, Estatuan STG kasuen kopurua % 25ean hazi da azken urteetan. Babes neurririk gabeko harremanak, alkohol eta droga kontsumoak eta promiskuitatea omen dira horretarako arrazoi nagusiak.
Epidemiologoek ohartarazi dutenez, sexu-transmisiozko gaixotasun kasuak biderkatu dira estatuko gazteen artean. Horrela, azken hamar urteetan, hainbat STGen kasuek izugarrizko gorakadak izan dituzte; adibidez, gonorrearen kasuan % 153ko gorakada eta sifilisaren kasuan, % 45ekoa. Adituek azaldu dutenez, gorakadarik handienak gizon gazteen artean ematen dira eta, bereziki, gizon homosexualen artean, beharrezkoak diren prebentzio neurriak hartzen ez direlako.
Gazteen artean arriskutsuak diren sexu-jokabideak gero eta ohikoagoak direla azaldu dute adituek. Fenomeno hori azaltzeko bi dira erabiltzen diren argudioak: STG batekin kutsatzeko den arriskuaren inguruan den pertzepzioa eta droga eta alkoholaren kontsumoa. Hainbat gazterentzat STGren bat harrapatzeko arriskua ez omen da erreala. Duela zenbait urte HIESaren inguruan zen alarma, hein handi batean, desagertu da eta, ondorioz, gaixotasun horien inguruan gero eta informazio gutxiago dago. Gazte askoren ustez horrelako gaixotasunak bakarrik prostitutekin oheratuta harrapa daitezke.
Bestalde, ezaguna da alkohola eta zenbait droga kontsumituta jokabide desinhibituagoa izaten dela eta, ondorioz, sexu-harremanen kasuan, neurriak hartzeko joera gutxitu egiten da. Gainera, gazteek kontsumitu ohi dituzten hainbat substantziek (adibidez, marihuana) sexu-grina areagotzeko ere balio dute. Anfentaminen kasuan, berriz, berehalako plazerra lortzen da.
Gazteen Euskal Behatokiak urte honen hasieran argitaratu zuen txosten baten arabera, sexu-esperientziaren bat izan duten gazteen % 15 inguruk azken hamabi hilabeteetan arriskua zekarren harreman sexualen bat izan duela aitortzen zuen. Horietatik, gehienek haurdun geratzeko edo sexu-transmisiozko gaixotasunen bat hartzeko arriskua zekarren harremanen bat izan zuten. Txosten horren arabera, jokabide arriskutsuak ohikoagoak omen dira mutilen artean nesken artean baino. Horrela, sexu-esperientziaren bat izan duten mutilen % 17k arriskua dakarren harreman sexualen bat izan duela aitortzen zuen eta nesken kasuan, berriz, ehuneko hori 13,4raino jaisten da. GEBren txostenean azpimarratzen zenez, adina ere kontuan hartu beharreko aldagaia litzateke. Horrela, zenbat eta gazteago orduan eta jokabide arriskutsuagoak izateko joera handiagoa izan ohi dela azpimarratzen da.
Adituen ustez funtsezkoa da gazteen artean sexu-hezkuntza sustatzea. Modu horretan, gazteek sexu-harreman seguruak izateko informazio eta ezagutza handiagoa izango dute. Zentzu horretan, gazteek preserbatiboa erabiltzearen garrantzia ulertu behar dutela azpimarratzen da, sexu-transmisiozko gaixotasunak ezezik, nahi ez diren haurdunaldiak ekiditeko ere balio dezaketelako.
HIESa ez da homosexualen kontua bakarrik
HIESaren alorrean izan diren aurrerakuntzei esker, bereziki, sendagaiei dagokionez, gaixotasun hori jada ez da heriotzaren sinonimo. Duela zenbait urte ez bezala, orain posible da gaixotasun horrekin bizirik mantentzea eta, agian horregatik, gaixotasun horrekiko zen beldurra desagertuz joan da. Euskal Autonomia Erkidego mailan gaixon horren inguruan ezagutzera eman diren azken datuen arabera, kutsatutako pertsonen kopurua berean mantendu da azken urteetan. Pasa den urtean, adibidez, 158 kasu berri antzeman ziren, aurreko urtean baino zazpi gehiago eta duela bi urte baino hiru kasu gehiago. Sarritan pentsatu izan da gaixotasun hori pertsona homosexualen arazoa besterik ez zela. Egia da, historikoki, HIESak bereziki pertsona horiengan izan duela eragina. Hala ere, azken urteetan joera berri bat azaldu da. Izan ere, gero eta gehiago dira giza immunoeskasiaren birusarekin (GIB) kutsatzen diren pertsona heterosexualak. Azken datuen arabera kasu berrien ia erdia (% 42) pertsona heterosexualei dagokie.
Bestalde, HIESak gizonen gaixotasuna izaten jarraitzen duela berresten dute azken datuek. Kutsatze berrien % 80 inguru gizonezkoena da. Hainbat kasutan, gizon horiek hainbat urtez kutsatuta izaten dira birusa dutela jakin arte.
Osakidetzak ezagutzera eman dituen datuen arabera, pasa den urtean Euskadin izan ziren HIESa kasu berrietatik % 43,7 pertsona atzerritarrei zegozkien.
Nafarroan ere, Sare Elkarteak ohartarazi duenez, HIES kasuen gorakada eman da azken urteetan.
SEXU-TRANSMISIOZKO GAIXOTASUN NAGUSIENAK
Gonorrea:
STGrik ezagunenetakoa eta ohikoenetakoa. Sexu-organoen eremu hezeetan hazten ohi den Neisseria gonorrheae bakteriak sortzen du. Aipatu bakteria, gainera, uzkian, ahoan, eztarrian eta begietan ere haz daiteke. Gonorrea ez da gaixotasun hilgarria baina oso mingarria da eta antzutasuna ere sor lezake. Gizonen kasuan kutsatzea eragin duen harremanaren ondorengo bizpahiru egunetan azaltzen dira lehen sintomak.
Sifilis:
Treponema pallidum bakteriak eragiten du. Bakteria hau eremu heze eta epeletan hazten da, adibidez, genitaletan, ahoan edo uzkian. Kutsatzea jada gaixorik dagoen pertsona baten zauri irekiekin harreman zuzena izatean ematen da. Gaixotasun honek lau fase ditu. Lehen fasea kutsatze fasea da, hots, bakteriarekin kontaktu zuzena izaten denean. Fase horretan sintomak antzematea oso zaila da eta, ondorioz, gutxitan tratatatzen da eta beste faseetara pasatzen da. Bigarren fase batean (3-6 astetara) negelak azalduko dira azalean. Gaixotasuna tratatzen ez bada fase latente batean sartzen da. Fase horretan ia ez dago sintomarik eta ez da kutsagarria. Fase latentea igaro ondoren faserik larrienean sar gaitezke. Kasu horretan sintomak oso larriak izan daitezke: buru-nahasmenduak, itsumena… Garaiz antzematen bada antibiotikoekin erraz senda daiteke.
Giza Papiloma:
Giza papilomaren birusak eragiten duen gaixotasuna da. Nagusiki sexu-harremanen bidez kutsatzen da, baina baita beste bide batzuetatik ere. Dena den, hainbat pertsonekin sexu-harremanak izan dituzten pertsonetan ematen da nagusiki. Sintomarik nagusiena garatxoen agerpena da, batez ere, bagina eta uzkiaren inguruan edo zakilaren inguruan. Emakumeen kasuan galda sentsazioa izaten ohi da baginaren sarreran harremanak izatean. Kasurik larrienetan minbizia sor lezake. Badira Giza papilomaren aurkako txertoak ere.
Klamidia:
Sexu-transmisiozko gaixotasun ohikoenetako bat. Chlamydia trachomatis bakteriak eragiten du eta gizonei zein emakumeei eragiten die, baina nagusiki emakume gazteen artean ematen da. Nagusiki sexu harremanen bidez kutsatzen da: baginala, anala edo ahozkoa. Sintomak oso arinak izaten ohi dira eta, ondorioz, nekez jakin daiteke pertsona bat kutsatuta dagoen ala ez. Kondoiaren erabilera da gaixotasun hori ekiditeko modurik onena, baina ez du guztiz ekiditen kutsatzeko arriskua.
GIB/HIES:
Giza immunoeskasiaren birusak gaixotasunen aurka egiten duten globulu txuriekin amaitzen du. HIESa (hartutako immunoeskasiaren sindromea) GIB infekzioaren azken etapa izango litzateke. GIBa jada kutsatuta dagoen pertsona batekin sexu-harremanak izatean beregana daiteke. Lehen sintomak gripearen antzekoak dira.
Genitaletako herpesa:
Herpes simple birusak sortzen duen sexu-transmisiozko gaixotasuna da. Gaixotasun hori duten pertsonek zauriak izan ohi dituzte genitaletan. Hala ere, kutsatuta dauden pertsona guztiek ez dituzte zauri horiek izaten. Kutsatuta dauden pertsonak betirako izango dute birusa bere gorputzean eta lehen urtean agerraldiak errepikatzea ohikoa da. Denborarekin sintomak leunagoak dira.