Gaztezulo / 2017-09-27 / 408 hitz
Argazkia jarri duzu? Udako txosnetan laguntzen ibili zinela aipatu duzu? Orrialde bat baino gehiago erabili dituzu? Ba ez zara ondo ari.
Lan bila bazabiltza, garrantzitsua da zure C.V.-a etengabe eguneratzea. Baina kontuz, etengabe datuak sartzea ez baita nahikoa; kontutan hartu behar dugu gaur egun segundo gutxi batzuk eskaintzen diotela guk mimo handiz diseinatutako orritxoari, eta beraz, lehen begiratuan atentzioa deitzea ezinbestekoa da. Jarraian, sekulako curriculuma egiteko gomendio batzuk irakurriko dituzu:
1) Ez erabili argazkia: Eta erabiltzen baduzu, ondo aukeratu. N.A.N.-ean jartzeko fotomatoian ateratako argazkia alboratzeko ordua iritsi da. Argazkian ere, originalak eta naturalak izatea ezinbestekoa da; modaz erabat pasata daude amaren alkandora eta blazerrarekin ateratako argazki estatikoa. Gainera, geroz eta gehiago dira argazkirik gabeko C.V.-ak eskatzen dituzten enpresak; batzuetan, marrazki edo iruditxo bat txertatzea ideia ona izan daiteke, originaltasunari ateak irekiz.
2) Orri batean kabitzen ez bada, kendu: Bost axola sekulako gauza pila egin badituzu zure bizitzan; curriculum batek ez du sekula orri bat baino gehiago izan behar. Zure sintesi gaitasunari txinpartak atera beharko dizkiozu; oso baliagarriak dira grafikoak, eskemak, irudi geometrikoak… baina mesedez eta arren, kendu itzazu behingoz udako txosnetan barran egindako lan-ordu horiek!
3) Gezurrak ez, aurkezpen on bat bai: Curriculum batean egin dezakezun gauzarik okerrena gezurra esatea da. Lan horretan ez zaituzte hartuko, baina gainera, gezurra esan zenuela ez dute ahaztuko, eta inguruko tokietan ere ez zaituzte hartu nahi izango. Horrek ez du esan nahi zuk egindako gauzak ondo aurkezteko modurik ez dagoenik; adibidez, Seneca, Erasmus eta antzeko bekak izan badituzu, esperientzia irabazi duzu munduan; munduko mapa batean non egon zaren jarri zenezake, zure mundu-esperientzia nabarmenduz. Zure lorpenak nabarmentzeko beste metodo bat logoak erabiltzea da; enpresa on batean lan egiten ibili bazara, txertatu bertako logoa, begietara azkarrago iritsiko baita.
4) Soiltasuna eta originaltasunaren arteko balantza bilatu: Gutxiago gehiago da, dudarik gabe, baina gure helburua atentzioa deitzea denez, minimalismoaren eta su artifizialen arteko oreka aurkitu behar dugu.
5) Egin bideo-curriculuma: Geroz eta gehiago erabiltzen dira bideo-curriculumak. Honen abantaila nagusia da elkarrizketa baten antz handia duela, eta gure benetako gaitasunak modu ikusgarriago batean aurkezteko aukera eskaintzen digula. Baina kontutan hartu bi kontu: bata, bideoak ez duela 3 minutu baino gehiago iraun behar, eta bigarrena, kameran ondo hitz egiteko gai izan behar zarela.
5) Nire curriculumak definitzen nau? Noski ezetz, baina gure aurkezpen orria da. Beraz, C.V.-a amaitzean, galdera hau egin behar diogu geure buruari; hau ni naiz? Ez badugu gure esentzia orri horretan aurkitzen, ez dugu ondo egin. Curriculuma jasoko duenak gu nor garen sumatu behar du, orri horretan gure esentzia irakurri behar du. ZORTE ON!