Jon Torner Zabala / 2017-10-25 / 193 hitz
Kokatze aldera: Lazio eta Erroma futbol taldeko ultrek gorroto dituzte judutarrak… besteak beste. Hiriburuko taldeak dira biak, eta estadio berean jokatzen dute, asteburu batean batak, hurrengoan besteak. Erromatar ultrek hego-harmailan ikusten dituzte partidak, iparraldekoan Laziokoek.
Laziok Estadio Olinpikoanjokatutako azken partidan, ordea, hego-harmailan jarri ziren, iparraldekoa itxi egin baitzuten, aurreko partidan Sassuolo taldeko jokalari beltzen aurkako irain arrazistak jaurti zituztelako Lazioko zaleek. Baina, esan bezala, azken partidan (Cagliariren aurkakoan) hego-harmailan eseri ziren, inolako arazorik gabe, Claudio Lotito presidenteari esker: denboraldiko-abonuak baliogabetu eta sarreraren prezioa euro bakarrean jarri zuen. Eta hala, Lazioko ultrak Curva Sud delakoan kokatu ziren, Erromako zaleak eseri ohi diren lekuan.
Gauzak horrela, abagunea baliatuz, Lazioko zaleek mezu bat laga nahi izan zieten arerio dituzten Erromakoei. Erromaren kamiseta daraman Anna Franken irudidunpegatinak itsasi zituzten harmailetan, irain moduan.
Iraina, baina, aurka jausi zaie Lazioko ultrei. Italiako lehen, bigarren eta hirugarren mailako partida guztietan isiltasun-minutua egin da, eta Anna Franken egunkariko pasarteak irakurri. Lazio taldeko zuzendaritzak –ultren jokabidea salatu duen Lotitok barne–, bestalde, Erromako sinagoga bisitatu du, eta klubak jakinarazi du urtean 200 ume bidaliko dituela Auschwitzeko sarraski-esparrua bisitatzera. Bolognaren aurkako partidaren atarian, gainera, Lazioko jokalariek Anna Franken omenezko kamisetekin entrenatu dute.