Gaztezulo / 2017-10-09 / 266 hitz
Emakumeoi birjintasunaz esan digutena kulturala da, ez fisiologikoa; hau da benetan gertatzen zaiona gure gorputzari lehen aldiz sexua dugunean.
Zer da birjintasunaz benetan dakiguna? Askori esan zigutena honakoa da; gure barnean himenizeneko telatxo moduko bat dugula, lehen sarketarekin apurtzen dena. Horrekin batera, esan ziguten apurketa hori dela lehen aldietan odolez amaitzearen arrazoia. Odolik botatzen ez duten neskei aldiz, esan ohi zaie ziurrenik kolperen batekin apurtu zuela noizbait himen hori. Bada guzti hau gezurra da!
Errealitatean, ezinezkoa da jakitea sarketa egon den edo ez soilik himena begiratuz. Himena ez da apurtzen lehen sexu harremanean; gainera, himen bakoitza oso ezberdina da. Gure gorputzeko gainontzeko atal guztien antzera, himenak ere forma eta tamaina ezberdinak ditu. Hala, badira himenik gabe jaiotzen diren emakumeak. Baina, zer gertatzen da orduan himenarekin?
Sarketa bakoitzarekin, himena geroz eta malguagoa bihurtzen da. Horregatik, lehen sarketan mina sentitu dezakegu, baina himena ez da horren zergati nagusia izaten. Gainera, himena apurtzen bada, ez da besterik gabe han gelditzen; sendatu egiten da.
Gazteak garenean himena nabaritzea posible da, hormonengatik; baina 25 urtetatik aurrera, himena uzkurtu egiten da, eta jada ez dugu nabaritzen. Berdin du harremanak izan ditugun edo ez; adin horretatik aurrera, himenak ez digu oztoporik jarriko.
Orduan, zergatik sentitzen dugu mina? Zergatik ateratzen da odola? Gehienetan lubrifikazio faltak eragindako urraketek eragiten dute min eta odol hori.
Ondorioz; ez dugu ahaztu behar birjintasunaren kontzeptua erabat kulturala dela, ez fisiologikoa. Gure gorputza ez da “apurtzen” edo aldatzen lehen sexu harremanaren ondoren; neska gazteak makurrarazi, beldurtu eta kontrolatzeko erabili den gezur handi bat da besterik gabe; birjintasuna ezin da galdu eta ezin dizute kendu, ez baita existitzen. Beraz, gozatu lasai eta beldurrik gabe!