Kattalin Barber / 2017-10-06 / 631 hitz
Katedrala, gertutik. Ez da ohikoa aldamio batera igo, eta, segurtasun kaskoa buruan, Iruñeko katedraleko klaustroa bisitatzea; hurbiletik ikustea gargolak, kapitelak eta gangak. Aukera hori eskaintzen du Nafarroako Gobernuko Ondarearen Zerbitzuak orain, ordea. Bisita gidatuak ari da egiten ekainetik, urtea amaitu arte, klaustroan egiten ari diren obrak bertatik bertara ikusteko
Iaz hasi ziren Iruñeko katedraleko klaustroa zaharberritzen, eta lanak 2020an amaitzea espero dute. Lehen fasean, teilatua konpondu, euri ura biltzeko sistema hobetu, eta harlauzak egonkortu zituzten. Ekainean, berriz, klaustroko iparraldeko aldea zaharberritzeko lanak amaitu zituzten; hormartearen barnean eta lorategiko fatxadan egin dituzte. Orain, ekialdeko aldea zaharberritzen ari dira: “Alde horrek bi erlikia hobi ditu, eta kapitel asko. Hortaz, arreta handiz egin behar dira lanak. Aurrealdean, gainera, gargola eta trazeriak ari dira konpontzen eta garbitzen. Ia-ia urregileen lana da”, esan du Carlos Martinez Nafarroako Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendariak. Hamabi pertsona inguru ari dira lanean.
Igandero, eta hiru txandatan, taldekako bisitak egiten dituzte katedrala eraberritzeko lanak ikusteko. Carolina Paton Erreka Incoming Navarra enpresako bisita gidariak oso ongi ezagutzen ditu Iruñeko Andre Maria katedraleko txoko guztiak. “Bisita oso interesgarria da, eta bisitari guztien sentsazioa oso positiboa da. Badakite esperientzia paregabea dela, eta errepikaezina: orain ikusten ari direna ezinen dute aurrerago ikusi”. Nolanahi ere, gargolak, bobedak eta eskulturak gertu-gertutik ikustea izaten da bisitarientzat deigarriena. “Ez da egunero egin daitekeen zerbait, eta obren prozesua oso interesgarria da: esku hartzea, zailtasunak, narriadura…”.
Bisitari gehienak nafarrak dira. “Herritarrek klaustroko kultur ondarea ezagutzea, eta obrak bertatik bertara ikustea da helburua, hain zuzen ere”. Interes handia dago, eta, oraingoz, abendura arteko bisitak antolatu dituzten arren, Martinezek ez du baztertzen heldu den urtean berriro ere egitea. “Urrirako jada ez da tokirik, eta aurki zabalduko dugu azarokoetan izena emateko epea”, azaldu du Martinezek.
Bisitak ahoz aho asko zabaldu direla gaineratu du Patonek, eta hainbat turistak ere interesa agertu dute, ondorioz. “Baina, aldez aurretik izena eman behar dutenez, eta eskaria handia denez, zaila izaten dute”. Bada bisita bitan egin duen jendea ere. “Oso dinamikoa da, eta igandetik igandera aldatzen da”. Gazte eta helduek badute interesa. “Denetarik dago; familiak seme-alabekin ere etortzen dira. Guztiei gustatzen zaie ikusten dutena”.
Obretara bisitak antolatzeko, Nafarroako enpresa turistikoekin harremanetan jarri zen Nafarroako Ondare Historikoaren Zerbitzua. Hiru enpresak agertu zuten interesa, eta txandaka aritzen dira hirurak zaharberritze lanak erakusten. “Horrelako bisitak Erriberriko Andre Mariaren elizan hasi ginen antolatzen. Teknikoki posible bada, oso bisita aberasgarriak dira”, esan du Martinezek.
Azken urteetan, klaustroaren egoerak okerrera egin du, eta esku hartzea ezinbestekoa zela argi du Martinezek. “Egia da kanpotik ikustean ez dela nabaritzen narriadura, baina argazki serieekin eta hurbiletik ikustean argi atzematen da gaizkitu dela”, jakinarazi du Martinezek. 2013. urtetik premiazko zenbait esku-hartze eta azterketa asko egin dira. Harri zatiak askatu dira, eta elementu askoren deformazio eta hausturak jazo dira. “Pinakuluak, esaterako, tenkagailu eta sareekin behin-behinekoz lotuta zeuden”. Polikromian, bestetik, zikinkeria bada, eta materiala altxatuta dago: “Hezetasunak, euriak, klima aldaketak eta kutsadurak eragin handia izan dute. Gainera, beti esaten dugu garai gotikoko obrak ez direla egin asko irauteko. Esku hartzea beharrezkoa zen egoerak okerrera ez egiteko”.
Bisitari asko
Ez da lehen aldia zaharberritze lanak egiten direla Iruñeko katedralean. Martinezek jakinarazi du orain dela 40 urte inguru kapiteleko eskulturen irudiak eraberritu zirela. “Argi dago ez dela azken aldia izanen; normala da obrak egotea. Uraren eragina agerikoa da. Denboraren poderioz, harria ia-ia desegin eta harea bihurtu da. Laserrarekin ere aritu dira piezak garbitzen, eta bitxia da ikustea garbi eta zikin diren eremuen arteko aldea”.
Nafarroan gehien bisitatzen den monumentuetako bat da Iruñeko katedrala. 2017ko lehen hiruhilekoan, adibidez, 37.575 bisitari jaso ditu, inoizko kopururik handiena. Katedrala monumentu historiko-artistiko izendatu zuten 1931ko ekainaren 3an. “Klaustro gotikoa eta hura inguratzen duten gelak Europako Erdi Aroko arkitekturaren ondare aberasgarrienetarikoak dira”, nabarmendu du Martinezek. Ia bi mende behar izan ziren eraikitzeko, 1277tik 1472ra. Oraingoan, klaustroa beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera dago. 2020. urtean aurreikusten da obrak bukatzea; oraindik asko dago ikusteko, bai eta egiteko ere.