Ibai Murillo / 2017-10-19 / 848 hitz
Gazteen droga kontsumoa apaltzeko beldurrean oinarritzen diren kanpainek ez dute balio, Jon Sigfussonen ustez. Esan du nerabeak ezin direla euren osasunaren erantzule egin; gizarteak kargutu behar duela.
Jon Sigfusson (Reykjavik, 1961) ziur dago gurasoek seme-alabekin egunero ordubete pasatzea dela nerabeek alkoholik ez edateko metodorik onena. Eta hori sustatzen dute berak gidatzen duen Youth in Island programan (Gazteak Islandian). Bilakaera esanguratsua izan dute hogei urtean: lehen, Europako nerabeen artean, islandiarrek kontsumitzen zuten droga gehien, eta, orain, haiek kontsumitzen dute gutxien. Sigfusson Bilbon izan zen atzo, Eusko Jaurlaritzak gonbidatuta; eredua ezagutu nahi izan du Osasun Sailak.
Zein zen hasierako egoera?
Reykjavik gazte mozkorrez beteta egoten zen asteburuetan. Auzia politiko bihurtu zen, eta gobernuak eta udalek zerbait egin behar zela ikusi zuten. Gure ikerketaren emaitzak erabiltzea erabaki zuten. 1998an, drogarik gabeko Islandia ipini zuten helburu. Orduan askok barre egiten zuten. Baina orain ez. Orain eredu gara beste herrialde batzuentzat.
Zelan ohartu zineten gazteen ongizatea bermatuta arrakasta izango zenutela?
Ez genekien arrakastarik izango genuen. Halako programetan inoiz ez da jakiten. 1992tik 1998ra bitarteko datuak ikusi genituen, eta ohartu ginen arrisku faktoreak eta faktore onuragarriak zeudela. Adibidez, ohartu ginen lagunekin kalean ezer egin gabe zenbat eta denbora gehiago igaro orduan eta kalamu gehiago erretzen zutela. Beraz, erabaki genuen arrisku faktoreak apaldu behar genituela, eta prebentzio faktoreak indartu. Hori da programaren muina. Garai hartan ez genekien zein zen arrazoia eta zein ondorioa. Alegia, ez genekien gurasoekin gutxi zeudelako edaten ote zuten, edo edaten zutelako ote zeuden gutxiago gurasoekin. Edonola ere, programan prebentzio faktoreak indartzeari ekin genion, eta emaitza onak jasotzen hasi ginen.
Programa horren aurretik, gazteei droga kontsumoaren ondorioak erakusten zenizkieten, nolabait beldurra sortzeko. Baina ohartu zineten horrek ez zuela aldaketarik eragiten. Zergatik?
Beldurrak ez du balio. Umeei edo gazteei emandako informazioak ez du balio. Haiek badakite droga kontsumoak zein ondorio dituen. Ez dira inozoak. Informazio hori ematean, zelanbait, esaten diegu: «Zu zara zure bizitzaren erantzule». Baina adingabeak dira. Nola egingo dituzu erantzule? Erantzulea gizartea da. Drogarik behar ez izateko giroa eskaini behar zaie gazteei. Bestela ez da ezer lortuko. Gurasoak hezi behar izan ditugu, prebentzio faktore bihurtzen ikas dezaten. Lehengo batean, NBEk antolatutako konferentzia batean nire kide batek esan zuen gizartea bera sendatzeak herritar osasuntsuak emango dituela. Ez dugu norbanakoekin lan egin behar, gizarte osoarekin baizik.
Esan daiteke kontsumoak falta den zerbait ordezkatzen duela?
Familiaren afektua falta dutenean jotzen dute alkoholera. Hala aitortu digute. Eginiko ikerketetan lortutako emaitzekin ez dugu soilik droga kontsumoari aurre egiteko informazioa lortzen. Adibidez, Errumanian programarekin bat egin dutenek suizidioak prebenitzeko informazioa eskuratu dute. Arrisku faktoreak eta prebentzio faktoreak zein diren identifikatzen asmatu dute. Oro har, nerabeen bizitzarako garrantzitsuak diren hainbat arlo identifikatzen laguntzen dute ikerketok.
Komunitateetan lan egiten duzue: ikastetxeka egiten dituzue azterketak, adinaren arabera sailkatuta. Badakizue, adibidez, ikastetxe jakin bateko Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleen egoera zein den. Hori da arrakastaren gakoetako bat?
Datuak biltzen ditugu komunitate lokaletan. Beraz, komunitate bakoitzak bere informazioa dauka. Hortik abiatuta, herrialde bakoitzean ohartuko zara udalerri guztietan mezua antzekoa dela. Hasieran, elementuak identifikatuko dituzu. Eta, normalean, horiek oso antzekoak izango dira. Baina gero komunitate bakoitzak bere erantzuna emango die. Kulturalki leku bakoitza oso ezberdina da, eta lan egiteko moduak ere ezberdina izan behar du.
Reykjaviken nola egin duzue? Zein da jokatzeko era?
120.000 biztanle ditu gure hiriburuak. Eta lortu dugu udalak 2015ean aurrekontuaren %7 gazteen elkarteetara bideratzea. Adibidez, 100 milioi euro inbertitzen dira eskolaz kanpoko ekintzetan. Izan ere, esna dauden denboraren %70 inguru libre izaten dute nerabeek; aisialdia da eurentzat. Baina gehienetan ez dute zer eginik. Eta hori arriskutsua da. Droga kontsumora jo dezakete. Udalak jardueraz bete du hiria; tailerrez, kontzertuz eta halako ekintzaz. Eta izena ematen duen nerabe bakoitzaren familiari 420 euroko laguntza ematen diote. Horri esker lortu dugu nerabe gehienek gutxienez astean lau ordu halako ekintzetan pasatzea. 14 eta 18 urte artekoetan, adibidez, %70etik gora.
Eredua Europako hainbat hiritara zabaldu duzue, eta orain gaztelaniaz hitz egiten duten Iberoamerikako herrialdeetara eroango duzue. Zelan egiten da?
Ikerketa eredua azaltzen diegu. Baina eurek egin behar dute ikerketa; eurek ezagutu behar dute euren komunitatea, zein diren indarguneak eta ahulguneak. Eta eurek erabaki behar dute zelan indartu faktore prebentiboak eta zelan gutxitu arriskuak. Komunitate bakoitzak bere eredua behar du. Nahiz eta arazoa bera izan, toki guztietan konponbideak ez du bera izan behar.
Eusko Jaurlaritzaren datuak ezagutu dituzu. Nola ikusten duzu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errealitatea? Posible al da zuen eredua esportatzea?
Datuak ezagutu ditut, eta beste leku batzuen parekoak dira. Programa hemen txertatzeaz, esango nuke egokitu egin behar dela. Gure programa begiratu eta hemen zerk balio dezakeen ikusi behar da: ikertu zein den egoera. Komunitate batzuk aukeratu, hiriburuak adibidez, eta faktoreak identifikatu. Eta politikarien aldetik borondaterik bada, ikerketaren emaitza erabil daiteke. Hemen badituzue programak, hainbat ekimen, eta horiekin jarraitu behar da. Ez dago zertan baztertu ondo dabilena. Gauza interesgarriak ezagutu ditut hemen.
Euskal kulturan, alkohola sozializatzeko bidea da. Gazteek sarri ikusten dituzte helduak edaten.
Balkanetako herrialdeetan alkohola edonon dago. Eta han ere ikusi dugu programarekin kontsumoa %30 apaldu dela gazteen artean. Egia da denbora asko beharko dela. Nire herrialdean, adibidez, lehen, ohitura zen gurasoek seme-alabak hartu eta lehenengoz alkohola edatera eroatea 15 urte betetzen zituztenean. Erritu bat zen. Orain ez da egiten. Garai batean, gizontzeko hartz bat ehizatu behar izaten zuten mutilek, eta hori ere desagertu da.