Itziara Ugarte Urizar / 2017-11-15 / 1311 hitz
Aldibereko interpretazioa sektore nahiko ezezaguna dela diote arloko profesionalek eurek ere. Euskarazko saioak hizkuntza ulertzen ez dutenei eramaten ugaritu zaie lana, eta bide bat da euren jarduna Euskal Herrikoa lako gizarte elebidun batean. Egunerokoan dituzten lan baldintza kaskarrez ohartarazi dute.
Euskara paretentzat itzultzen genuen, hasi ginenean. Euskara bermatuta zegoela zirudien gu han egote hutsagatik. Eta euskaldun pila bat egon arren, dena erdaraz egiten zen. Orain, hori aldatzen ari da, pixkanaka, baina euskarari prestigioa eman behar zaio». Hori da euskaratik eta euskararako aldibereko interpretazioan dabiltzanek ikusten duten argazkia, Idoia Gillenea interprete eta itzultzailearen ahotan. Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko (EIZIE) lehendakaria da egun, eta hogei urtetik gora daramatza «euskarazko kablean» interpretatzen; batik bat, euskarazko saioak gaztelaniara edo ingelesera eramaten. «Aurreiritzi eta uste oker asko dago lanbidearen inguruan. Jendeak uste du askotan euskarari mesede egiten diola dena euskarara itzultzeak, nahiz eta ez egon inor entzuten».
Bere zalantzak ditu horrekiko Ekaitz Bergaretxe itzultzaileak eta interpreteak: «Iparraldean, askotan, frantsesez ematen diren hitzaldiak euskarara itzultzeko eskari berezia dugu. Militantzia moduko batekin itzultzen da gehiago, eta, nahiz eta inork ez entzun, euskarari leku egiteko modu bat da». 1998tik dabil ofizioan, eta, ordutik hona, lana eta interpreteak nabarmen ugaritu direla dio. Peio Hegi arrangoiztarra da horietako bat. Frantsesa-euskara zubian aritzen da bera. Gillenea bezala, eta haren terminoa erabilita, freelance gisa egiten du lan hark ere —beste aukera, instituzio bateko interpretea izatea litzatekeela dio—. Instituzioek ere kontaktatzen dituzte interprete freelanceak; baina zabalagoa da abanikoa; sindikatuek, kultur etxeek, ikastolek, alderdi politikoek eta beste hainbestek kontratatzen dituzte.
Freelancen zaku berekoa da Maria Colera; autonomoa, alegia. Euskara, gaztelania, katalana eta ingelesean aritzen da, «norabide guztietan». Aurretik, interpretazio instituzionalean ibilitakoa da; Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta, unean-unean, erakunde handiagoetan, Nazio Batuen Erakundean, adibidez. «Aspergarriagoa» egiten zitzaion hura, ordea. «Merkatu librean gabiltzanak, eta ez instituzioetan, gai pila bat lantzen dugu, eta norberaren interesekoak diren gaietan lan egiteko aukera dago».
Izan ere, denetariko gaietan eta batetik bestera lekualdatzen da etengabe interpretea. Hona Gillenearen agendako aste «arrunt» bat: astelehenean, Donostiako Bakearen Etxean zurrumurruen aurkako prestakuntza saioa; asteazkenean, EHUko Leioako campusean zientzien jardunaldiak; ostegunean, Oronan konpostaren inguruko jardunaldiak; eta ostiralean, kooperatiben bilera bat Bilbon. Colerak dio inoiz ez dagoela jakiterik zenbat saio izango duten aste batean; topera daudela batean, eta saio bakarrarekin hurrengoan. Antzekoa Gilleneak: «Normalean, antolatzaileei ez zaizkie kafea eta opilak ahazten, baina interpretea bai. Askotan, bi egun lehenago abisatzen digute, edo goiz berean».
Sasoi hau da, gainera, interpreteen goi denboraldia. Coleraren esanetan, eurentzat azaroa eta maiatza dira turismoarentzat abuztua dena. Lana, izan, uneko interpretazioak irauten duena da. Baina interpretazio saiorik ez duenean ere badu lana interpreteak, itzuli beharrekoa aurrez prestatzen bereziki. Jardunaldiaren aurretik hitzaldiaren gaineko materiala jasotzea eskatzen dute, beti gertatzen ez dena. Gilleneak dioenez, «gaiaren arabera, aurretik asko prestatu behar da. Batzuetan informazio pila bat ematen dizute, eta hurrengoan ezer ez». Kexu da horretaz Hegi ere: «Askotan joaten gara, mikrofonoa hartu, eta zuzenean hasi. Iparraldean, eskerrak aspalditik usaia badugun gauzak deusekin egiteko», bota du ironikoki.
Ate osteko eskaileretan
Hala kontatu du Gilleneak: «Leku oso dotoreetara joatea egokitu zait, eta, zenbaitetan, eskailera baten ondoan jarri izan naute, atea itxita. Guk behar duguna da soinua zuzenean belarrira jasotzea eta ondo ikustea. Monitore batzuk jartzen dizkigute batzuetan, baina ez da ezer ikusten», kontatu du Gilleneak. Eliza bat, komun bat, luxuzko kabina bat, zinema areto bat… hamaika lekutara egokitu behar izan du. Eta baldintzak ez dira beti onenak, bistan da. Hegi: «Usu publikoaren erdian gara, behar dugu apal mintzatu, ez da azpiegitura teknikorik plantan emanik. Eskaera gero eta handiago da, baina materiala eskasa». Eta ildo horri heldu dio Bergaretxek: «Lan baldintzena arazo potoloa da, bereziki, Iparraldean. Hegoaldean, hainbat lekutan badaude aretoak prestatuak aldibereko interpretaziorako. Baina Iparraldean ez, Hendaiako areto batean salbu».
Arazoaren jatorria «formaziorik gabe» interpretazioan hasi zirenengan ikusten du Bergaretxek: «Jende asko hasi da interpretazioan horretarako formaziorik gabe. Euskararen Erakunde Publikoak dohainik utzi ditu kaskoak, eta baldintza ez-onargarriak normalizatu dira». Materiala utzi eta interpretazio zerbitzua eskaintzeari esker, Ipar Euskal Herriko bilkura kontseiluetan euskaraz egin ahal izateko aukera zabaldu dela azpimarratu du, halere. Gero eta antolatzaile gehiago interpreteen eskaerak kontuan hartzen hasi direla erantsi du Bergaretxek, baina berak bere soinu ekipo propioa erosi behar izan duela azkenean.
Colerarentzat, «gero eta okerragoak» dira lan baldintzak: «Modan jarri da kabinarik ez jartzea, eta, batzuetan, tokatzen zaizu armairu baten barruan, edo aretotik oso urruti lan egitea». Eraikin berriak egiteko orduan interpreteentzako espazioak ez dituztela aintzat izaten salatu du.
Aretoetan, kabinak izatea aldibereko interpretaziorako «gutxieneko bat» dela diote. Baina badira interpretazioan beste teknika batzuk ere; esan ostekoa —hizlariaren esanetatik oharrak hartu, eta apurka errepikatzen joatea—, xuxurlakoa —nonbaiten ondoan xuxurlatzea— eta akonpainamenduzkoa—laguntzaile gisa aritzea entzule baten ondoan—. Lau interpreteek diote, baina, noizbehinkakoak izaten direla xuxurlakoa eta esan ostekoa.
Euskarara bainoago, euskaratik
Hitzak «literalki» itzulita komunikatzen ez dena komunikatzean ikusten du interpretazioaren zailtasuna Colerak: «Erronka handia da hitzetatik harago dagoena transmititzea, denotazioa bakarrik ez, konnotazioa baizik. Zein mundu ikuskera dagoen hitz zehatzen atzetik. Adibidez, Bertsolari Txapelketako finala itzuli nuen duela lau urte, euskaratik katalanera. Eta ez genituen bertsotako hitzak bakarrik itzuli, baita pisu kulturala ere».
Gilleneak aipatu du entzuleria askotan ez dagoela «euskara tekniko batera» ohituta, eta, hain zuzen, interpretazioarena dela bide bat belarria egiten joateko. «Batzuek oraindik uste dute gaztelania dela hizkuntza kultua», dio. «Lehengo Kutxa bankuarekin interpretazioak egiten genituen, eta, hor, hitz teknikoak sartu behar dituzu, nahitaez. Obaria, kenkaria, kaudimena eta halako hitzekin jendeak barre egiten zigun, baina nik solbentzia ez dut esango kaudimena badago. Asko jota, obaria edo bonifikazioa esan dezakezu, baldin eta norbaitek ez badaki. Euskal Herrian, jakitea negatiboa dela dirudi batzuetan». Beste ohartxo bat ere egin du: «Interpretearen lana hizlariaren araberakoa ere bada; hitz egiten duena ez bada trebea, interpreteak nekez egingo du ondo bere egitekoa».
Interpretazioetarako enkargu gehienak Iparraldeko erakunde publikoek eta inguruko elkarteek egiten dizkiote Bergaretxeri. Eta espazio horietan euskarak tokia irabazteko interpretazioa lehen pausoa dela dio. «Ausartzen direnean pauso hori ematera, kide batzuek ez dute nahi izaten kaskorik jantzi nahi izaten». Duela gutxi bilera batean gertatu zitzaion, hain justu. «Bilkura hasi aurretik, pentsatua zuten jendeari aukera ematea euskaraz hitz egiteko. Hasi baino lehen kaskoak banatu zirenean, froga bat egitea proposatu nuen. Eta batek segidan esan zuen berari oso bortitza egiten zitzaiola kaskoa jartzea. Zergatik egin behar zuten euskaraz, denek frantsesa bazekiten. Azkenean, besteek ez zuten amore eman, euskaraz egin zuten, eta kaskoak ezarri zituzten». Non, eta Hirigune Elkargo berriaren Hizkuntza Politikarako batzordean jazo zen talka.
Hegoaldean nola, Iparraldean elkarteek eta instituzioek euskarari tokia ematearen aldeko jarrera areagotu dutelakoan da Hegi: «Hor da aldaketa, jendeak dioela, euskaraz egin behar dela». Baina ez du hain tonu baikorrik Colerak. Ez dator bat euskarak interpretazioan lekua irabazi duela. Edo, bederen, gorako joera bat bainoago, «geldi» ikusten du kontua. «Instituzioetan dagoenaren arabera, gehiago ala gutxiago erabiltzen da euskara. Interpretazioan ere, euskarari folklore funtzioa edo funtzio komunikatiboa ematen zaion da kontua. Horrek guztiz baldintzatzen du bakarrik ‘egun on, buenos días’den, edo benetako erabaki bat den». Gilleneak ere badu horren susmorik: «Askotan, soilik politikoki zuzena izateko deitzen gaituzte».
Instituzioetatik kanpo ere ez du argiago atzematen egoera Colerak. «Geldi» dio berriz. Katalunian lan asko egiten du, eta katalan hiztunekiko aldea «izugarria» dela nabarmendu du. «Ekitaldi ia guztiak katalanez dira han, hizkuntzak beste estatus politiko bat daukalako». Hizlari katalanak Euskal Herrira datozenean, aldiz, katalanez mintzo daitezen apustua egiten dela ikusten du. Kasu bakan horietan aritzen da katalanetik euskarako interpretazioa egiten, eta irmo defendatzen du hizkuntza gutxituen arteko interpretazio zuzena. «Herrien arteko komunikazioa ez dadin izan metropoliko hizkuntzaren bidez».
Euskaratik erdaretara, eta erdaretatik euskarara aritzen dira aldi berean itzultzen laurak. Erdaretara gehiago, euskarara baino, oro har. «Errealitatea halakoa delako. Euskaldun guztiak elebidunak dira», adierazi du Bergaretxek. «Mugaz gaindiko bileretan» euren lanak lurraldeen arteko zubigilearen funtzioa hartzen duela diote. «Noizbait, tokatu izan zait batera itzultzea Mauleko eta Bilboko batentzat. Eta orduan ikusten duzu euskaraz egitearen behar-beharra, zeren mauletarrak ez daki espainolez, eta bilbotarrak, ezta frantsesez ere», azaldu du Gilleneak. Hizkuntzaren auzian eragin arren, eurena bitartekari lana dela gogorarazi du orduan Bergaretxek: «Gu interpreteak gara, hor gaude jendeak elkar ulertzeko, ez dagokigu guri hizkuntza politika egitea».