Joseba Blanco / 2017-11-26 / 857 hitz
Baserritarren artean hausnarketarako –eta buruhausterako– gaietako bat erreleboa da, zalantzarik gabe. Behin, Laborantza Ganbarako teknikari bati entzun nion erretiro garaia baino 10 urte lehenago hasi behar genuela errelebo bila. Harriduraz begiratu genion, bihar hasi behar lan horretan. Ai, ama!
Egia esaten badizuet, une honetan ez da gure etxean kezka iturria, oraindik ere sasoia eta adina lagun baititugu; halere, jakin badakigu etorriko zaigula, lehenago edo beranduago. Seme-alabei begira –arditan doazela, adibidez–, txikiengan ikusten dugu aukeraren bat edo beste ardiekiko duten jarreragatik, baina oraindik ezin ezer esan, 10 urte dituzte eta. Bai, noski, ederra litzateke haietako batek sikiera heltzea artaldeari eta baserriko martxari; erabakia, ordea, haiena da, eurek erabaki behar dute zertan eman nahi duten bizitza. Horren aurrean gure planteamendua argia da: honi jarraipena eman nahi diogu, baserria bizirik nahi dugu hemendik 30 urtetara ere, eta ahalko balitz hemendik 50era.
Arazoa hasten da etxeko inork nahi ez duenean. Zer egin? Nondik hasi bila? Higiezin bulegoa izan daiteke abiapuntua? Elkarteren bat? Zaila da, oso zaila; izan ere, gauza asko nahasten dira etxea, lantoki eta bizi-proiektua izan denaren etorkizuna erabakitzeko orduan: gehienetan, baserriarekiko atxikimendu sentimenduak; askotan, arbasoengandik jasotakoa zaintzeko ardura; maiz, diru-beharra; hainbatetan, diru-gosea…
Hortaz pentsatu izan dugunean, lau ideia ditugu abiapuntutzat:
-
Lehentasunezkoa da gure etxeko jarduerak jarraitzea; eta jarraipena duen heinean, baserriak etorkizuna izango du.
-
Baserria hartuko duen pertsonak –taldeak, bikoteak…– baserria mantenduko du bertan biziz eta bertan lan eginez.
-
Hortaz, eskatu ahal zaion errenta ezin da oinarritu higiezinen merkatuak ezartzen dituen erreferentzietan –izan ere, besteak beste, horrek egingo luke proiektua bideraezina–, baizik eta pertsona horien presentziak eta lanak etxaldeari emango dioten balioan.
-
Errenta finkatzeko orduan aintzat hartu behar da gaur egun baserriko lanetik atera ahal den soldata ezin dela parekatu kaleko soldatekin –beti ere lan-ordu kopuruari begiratuta, badakit eta prekarietatea kalean ere badela–.
-
Transmisioa ezin da egin egun batetik bestera, denboraldi luze behar da elkarrekin lanean, elkar ezagutzeko, etxeko martxari heltzeko, ikasteko…
Pertsona egokiak aurkitzea, ordea, ez da erraza; abiapuntuak oso argi izan arren. Hasteko, ziurtatu nahi duzu hartzen duen horrek ez duela kale egingo, baserritarra izateko gogoa ez dela denborak eta nekeak higatuko duten zer edo zer, etxaldea zainduko duela eta mila kontu gehiago… Eta ziurtasun hori, zoritxarrez castingik zorrotzenak ere ez dizu emango.
Gaiaren hari mutur garrantzitsua da formazioa, eta artzaintzari dagokionez kezka sortu zaigu. Izan ere, orain dela bi ikasturtetik hona lehentasuna dute baserritarren seme-alabek edota lurrak eskuragarri dituztenek. Alde batetik logika du, baserri horiek jarraipena izango badute, gazteek formazioa behar dute –instalazio berriek dituzten diru-laguntzak jaso ahal izateko ere bai–; bestaldetik, zertarako inbertitu diru publikoa baserria edota lurrak inoiz izango ez dituztenengan? Baina castingek etorkizuna asmatzen ez duten bezala, nork asma dezake kaletar batek ez duela inoiz modurik izango artzain izateko? Guk hurrengo galdera luzatzen diegu honen gainean erabakitzen dutenei: berezko jarraipenik ez duten baserriek non demonio aurkituko dute jende gazte formatua, baserrirako –gure kasuan, artzaintzarako– gogoa duten kaletarrei eskolako ateak ixten bazaizkie? Iparraldean dugu adibide garbia: etorkizuna duten baserri askok kaletarrengan topatu dute erreleboa. Gure etxean ere praktikak egindako asko kaletik etorritakoak izan dira, eta horixe lortu dutela artaldea izatea! Ez denek, noski; baina baserritarren seme-alaba guztiek ere ez dute asmatu!
Ez dugu ulertzen erakundeen erabaki hori, ez bada baten batek esan duela: nolatan hezi behar dituzue kaletarrak artzain izateko, etxe askotan gaztak saldu ezinda gabiltzanean? Nahiko artzain gara, eta nahiko etxe daude gehiago sortzen laguntzeko! Are gehiago, ea jubilazioak ugaltzen diren, konpetentzia gutxiago izateko! Ez harritu, planteamendu horrek bere azalpena badu eta: higiezinekin gertatu zen bezala, gaztekin ere burbuila sortu zen. Ekonomiazoragarri zebilen, eta dirua zegoen baita gazta erosteko ere; eta ez hori bakarrik, urte batzuetan zehar gaztaren prezioa igo egin zen. Hori ikusita, inbertsioak egin ziren esne-saltzailearen kontuak eginez. Gainera, erakunde publikoetatik inbertsioetarako diru-laguntzak baziren, hazkunde ekonomikoaren bedeinkaziopean. Horrela, etxe batzuetan ekoizpena dimentsionatu egin zen oso goitik, pentsatuta martxa horrek betiko iraungo zuela. Ondorioz, jakina, merkatua saturatu egin zen –gazta mota bakarra baitzen jaun eta jabe–, eta gaztak ez ziren hain erraz saltzen; krisiaren kolpea ere ezin ahaztu, ezta kanpotik etorritako gaztak ere –Gaztelatik, gehienbat–; orduan, Eusko Jaurlaritzak, diruz lagundu zuen gazta salmenta, eta hipermerkaturen batek –agian, gehiagok– txertatu zituen beren linealetan Idiazabal gaztak. Halere, ezin kamarak hustu. Konponbideetako bat dibertsifikazioa izan zen, eta eskerrak bakarren bati bururatu zitzaion hori aldarrikatzea –nahiz eta bezperan larrutu bide hori modu naturalean aukeratu zutenak–; bestela, artalde gehiago desagertuko ziren.
Kontakizunean bi detailek dute berebiziko garrantzia: artaldeen gain-dimentsioak eta gazta mota bakarra egiteak. Hegoaldean apustua –nahi gabe ala nahita, ez dakit– izan da baserri gutxi eta ahalik eta handien; nire ustez, ordea, juxtu kontrakoa beharko luke: baserri txiki asko. Txiki eta asko izateak aberastasuna dakarrelako, besteak beste, bai gaztagintzari dagokionez –etxe bakoitzak bere ñabardurak eskaintzen dituelako– bai ekonomiari begira –horixe esaten ez dute, bada, Hegoaldeko industria aipatzen dutenean?–.
Baina nondik hasi eraiki dugun erraldoia deseraikitzen? Nola egin atzera banketxearekin zorretan bazaude? Nola aitortu zeure buruari hanka sartu zenuela eta hobe zeundekeela halako marroietan sartu izan ez bazina? Galdera horientzako erantzunik ez dut. Ez dakit zer esan.
Badakit, ordea, errelebo bila dabiltzan baserriek lagundu ahal dutela deseraikitze prozesu horretan etxeko martxa hartuko duten gazte horiek betiko hipotekatzera behartzen ez badituzte. Hortik, besteak beste, izango du baserriak bizia; jarraikortasuna, alegia. Arbasoei zor diegu ariketa zintzo hori, baita gure herriari ere.