Iñaki Etaio / 2017-11-09 / 579 hitz
Kontsigna hori gakoa izan zen 1917ko hilabete zurrunbilotsu horietan. Nikolas II.a tsarrak abdikatu ostean 1917ko martxoan (momentu horretan Errusian zegoen juliotar egutegian otsaila zen) sortutako behin-behineko gobernuan sozialdemokratak parte hartzen ari ziren, liberal eta aristokratekin batera.
Boltxebikeen zuzendaritzaren sektore batzuek ere gobernuarekiko adiskidetze jarrera zeukaten. Testuinguru horretan, Leninen Apirileko tesiak obran jasotako planteamenduak gakoak izan ziren boltxebikeen norabidea argitzeko (boltxebikeak barruko korronte nagusia ziren Errusiako Partidu Sozialdemokratan, handik gutxira Partidu Komunista bihurtu zena), baita, hilabete batzuk geroago, Petrograden boterea hartzea ahalbidetzeko ere.
[…] Langileek boterea hartzeak eta 1918-1921eko gudan potentzia inperialistek babestutako erreakzioa garaitzeak ideia marxisten gauzatzea suposatu zuen neurri handi batean. Izan ere, Marxek eta Engelsek berek azaldu zuten marxismoa ez zela dogma bat, baizik eta akziorako gida. 1871ko Pariseko Komunaren herri garaipen iraungikorraren ostean, sobietar iraultzak klaserik gabeko jendartera abiatzea ahalbidetu zuen, baita kapitalismotik komunismorako trantsiziorako estatu sozialistaren eraikitzea era praktikoan planteatzea ere (Estatua eta iraultza idazkian Leninek berak teorizatu zuena). Geroago gauzatu zen SESBen norabidearen okertzearen eta atzean egon ziren barne eta kanpoko arrazoien (eraso inperialistak, Europan hedatu behar ziren beste iraultzen porrota…) analisian sartu gabe, Iraultza sobietarrak gainontzeko herriei erakutsi zien posible zela klase zapalduek boterea eskuratzea eta berdintasunezko eta jaberik gabeko jendartea eraikitzea. Iraultza horrek eta sortutako estatuak auzitan jarri zuen (des)ordena kapitalista eta, inperialismo nazia adoretsuki suntsitu ostean, SESB munduko potentzia bihurtu zen arlo guztietan, inperialismo yankiaren kontrapisua bilakatuta. Horregatik, ezinbestekoa zaigu gertakizun horiek gogoraraztea, ikertzea (ondo eginak zein akatsak), baita aldarrikatzea ere. Are gehiago urteurren honetan non sistemaren desinformazio medioak gertaera horiek karikaturizatzen eta sinplifikatzen saiatuko diren. Izan ere, iraganeko zerbait bezala aurkeztuko digute, gaindituta dagoena, kapitalismoari alternatibarik ez dagoen munduan errepikatu ezin izango dena.
Leninen eta beste iraultzaile batzuen ekarpen teorikoak, baita milaka langile eta nekazarien borroka ere, lurperatzen saiatuko dira. Hala ere, errealitate gordinak berresten du ideia horien gaurkotasuna eta sistema aldatzearen beharra. SESBen desagertzeak eta kapitalismoaren nagusitasunak munduan emakume-gizonen arazo larriak konpondu ditu akaso? Jendartea klaseetan banatzeak, ekoizteko baliabideen jabea den gutxiengoak gehiengoa esplotatzeak, kapitala gero eta esku gutxiagotan kontzentratzeak (Inperialismoa, kapitalismoaren aro gorena idazkian Leninek deskribatutakoa), monarkia parasitoen irauteak, populazioak hiltzen dituen miseriak, goseak, gerrak… erakusten dute duela mende bateko jokalekutik ez dugula asko aurreratu.
Iraultza sobietarrak irakaspen oso baliagarriak utzi zituen, XX. mendean zehar eta gaur egun ere garatzen diren esperientziekin aberastuak izan direnak. Horietako bakar batzuk aipatzeagatik, iraultza horrek botere paralelo bat eraikitzearen beharra erakutsi zuen, boterea hartzeko baliagarria izango zena, baita etorkizuneko estatu sozialistaren enbrioia ere. Era berean, boterea hartzea ahalbidetuko duen estatu krisia heltzen den bitartean langileria formatzearen ezinbestekotasuna erakutsi zuen, baita langileek boterea eskuratzeko eta finkatzeko estrategiaren premia ere, historian hainbestetan gertatu diren matxinadak matxinada hutsetan ez geratzeko, ordena berri bat eraikitzeko ezgai. Iraultza sobietarrak estatu zaharra eraistearen eta berri bat eraikitzearen beharra erakutsi zuen, burgesiak berak gehiengoa menperatzeko diseinatutako egituren erabilera gaindituz. Horren harira, indarkeria antolatua herriaren eskumena izan behar zela azaldu zuen, eta ez herriaren kanpotik eta gainetik dauden errepresio indar berezien (polizia eta ejertzitoa) eskuetan egon.
Horretaz gain, Leninek behin eta berriro ohartarazi zuen bake sozial iraunkorraren ilusioa elikatzen duen klaseen arteko hitzarmenaren sineskeriarekin apurtu behar zela. Hots, interes kontrajarriak dauzkaten klaseak adiskidetzearen ezintasunaz ohartarazi zuen. Zentzu horretan, Leninek utzitako esaldi adierazgarrienetariko bat honako hau da: «Gizonak (eta emakumeak) beti izan dira politikan norberaren eta besteen engainuen biktimak, eta horrela jarraituko dute esaldi, adierazpen eta moral-, erlijio-, politika- eta jendarte-agintza guztien atzean klase baten edo beste baten interesak identifikatzen ikasten ez duten bitartean». Ideia honetatik sortutako burgesiarekiko eta sozialdemokraziaren morroi-sektoreekiko ezinbesteko mesfidantza gakoa izan zen Botere guztia sovietentzat! leloa errealitatea bihurtzeko.