Marta Zumeta Olavera / 2017-11-13 / 360 hitz
Aurrekoan, pisukide ohiekin geratu nintzen afaltzeko, eta “4ak-ze-lanpetuta-eta-estresatuta-gauden”errondako txanda heldu zitzaidanean, pilatuta dudan lan guztiaz gain, aste honetarako ekarpena egin behar eta, beti bezala, denboraz estu nenbilela aipatu nuen. Asmoa nuela Maialen Lujanbiok Irunen botatako bertsotzarraren harira, (Euskal Herrian ikusi ez duenik geratzen bada, hemen bideoa) estereotipoak haustearekin lotutako zerbait.
Bertsoa azaldu eta bideoa whatsappetik bidaltzeko eskatu zidaten lagunek. Haietako batek -Leonekoa eta (momentuz) euskaraz ez dakiena- mezua bota zuen hurrengo goizean: ez zuela nik bidalitako estekan bertsoen transkripzioa topatzen, eta ezin zituela itzultzailean sartu esaten zenaren ideia bat hartu ahal izateko. Madarikatuok.
XXI. mendeko emakume autonomoa eta azkarra denez, hark bakarrik topatu zuen irtenbidea nik ezer erantzuteko aukera izan aurretik. Ez da, halere, hau egiten duen lehenengo aldia, behin baino gehiagotan ikusi dut Anari edota Zea Mays-en letrak ulertu ahal izateko itzulpenekin bueltaka.
Harekin, hain zuzen, joan nintzen duela pare bat aste, besteak beste, Delorean taldeak Mikel Laboaren bertsioak (bertsioak-edo) egin zituen musika jaialdi batera. Han, lagunaren lankide EAE-tar batekin elkartu eta, halako batean, emanaldiez hitz egiten geundela, “Mikel Laboa nor ote den” galdetu zuen mutilak . Eta horra non hasi zitzaion Leoneko laguna lankide bizkaitarrari azaltzen nor izan zen euskal kulturaren erreferente nagusienetako bat. To. Eta ni, bitartean, lagunarekiko harrotasuna eta haren lankidearekiko amorrua garagardo tragoekin batera irensten.
Hau ez da inguruan dudan kasu bakarra. Leon, Galizia, Murtzia edota Ameriketako lagunekin hitz egin ahal izan dut askotan euskal zinemaz, literaturaz, musikaz eta antzerkiaz (!); eta ez, ordea, hemengo nire lagun edo ikasle gehienekin. Areago, kanpoko lagun hauek ulertzen dute, beste lehentasunak direla-eta, euskara (momentuz) ez ikastea haiek egindako hautua izan dela eta, horrenbestez, ez dutela behartuko inguruko jendea gaztelaniara pasatzera, moldatuko direla nola edo hala.
Halako egoerak bizitzen ditudanetan, pentsatzen dut nola ote den posible oraindik ere Euskal Herriko kuadrilla askotan (nirean, besteak beste) erdaldun elebakar eta kulturabakarrak egotea, inguruko kultura eta jendearekiko interesik ez dutenak; eta inolako kontzientzia arazorik gabe, gainera. Nola izan daitekeen kanpokoek interes eta errespetu handiagoa izatea geure kulturagatik bertokoak baino. Eta zein tristea eta zein pozgarria den hau aldi berean. Pozgarria diot badelako gure kultura, berez eta inork ezer eskatu gabe,ezagutzen saiatu eta errespetatzen duenik. Eta hemen daukagun panorama ikusita, zaindu eta baloratzeko modukoa da jende hau.