Irantzu Varela / 2017-11-05 / 746 hitz
Sorpresa. Jaun heterosexual bat, zuria, diruz josia eta boteretsua, bere posizioaz aprobetxatu da emakume batzuei sexu abusuak egiteko. Gehienak, gazteak, eta jaun horri atsegin eman behar ziotela konbentzituak, beren lanbidean aurrera egiteko.
Benetan? Ezin dut sinistu.
Sorpresa, horixe da ezin sinistu dudana.
Zergatik? Ba, naizelako emakume bat, berrogeiak bete ostean, konturatu dena batek ez diola sekula uzten gazte izateari —beren posizioaz aprobetxatu nahi duten gizonen abusuen arriskupean egoteko bezain gazte izateari—, eta, kontzientzia feministari esker, gai naizelako inguruko gizonen abusuak antzemateko, eta benetan zer diren interpretatzeko: botere erakustaldiak.
Ea, Hollywoodeko zinema produktore hori ez zebilen sexu bila. Ezta hogeita hamar emakumek baino gehiagok salatua duten zinema zuzendaria ere, ezta bere alabaordearekin ezkondu zena ere bere alaba propioaz abusatu eta gero, ezta 1970eko urteetan adingabeak bortxatzen zituen hura ere, ezta Leticia Dolerari titia ukitu ziona ere. Botere bila zebiltzan.
Sexua zera izan daiteke, bi pertsonaren —edo egokitzen direnen— arteko plazer truke adostu bat, menderakuntza ariketa bat, merkataritza truke bat edo indarkeria ekintza bat. Eta jaun heterosexual, zuri, diruz josi eta boteretsuak gai dira hura lortzeko edozein formatutan (susmoa dut adostua lortzea ez ote den izango zailena halakoentzat). Baina, batik bat, hau inporta zaie: erakustea berek dutela boterea. Eta haiek dute, bai. Horrexegatik egiten dute.
Jaun batek (eta uler iezadazue, sistema heteropatriarkalari aurka egiten dion feminista baten doinu mespretxuzkoaz erabiltzen dut termino hori) emakume bat duenean aurrez aurre, bere boterea erabiltzeko aukera du. Eta izugarri gustatzen zaie erabiltzea.
Horregatik, ezin ulertu dut zuek horrela harritzea jakin duzuenean tipo batek, industriarik boteretsuenaren botere osoa duen batek —industria horrek asmatzen baititu gero guk krispetak janez irensten ditugun istorioak—, nola aprobetxatu dituen eskura zituen aukera guztiak, erakusteko nork janzten dituen prakak. Eta nork erantzi ohi dituen, koskabiloetatik irteten zaion bakoitzean.
Zeren eta inguruko gizonen abusuak antzemateko eta benetan zer diren, hau da, botere erakustaldiak direla, ulertzeko adinako kontzientzia dugun emakumeok ez baikaitu batere harritu.
Ni neu, esaterako, Latinoamerikako egunkari progre bateko Irakurlearen Defendatzaileak engainatuta eraman ninduen nik joan nahi ez nuen taberna batera, eta edan nahi ez nuen whiski bat atera zidan, eta hark ukitzerik nahi ez nuen gorputz atalak ukitu zizkidan. Eta istorio horixe kontatuko nuke baldin eta nahikoa irudituko balitzait halako istorio solteak kontatzea, kanpaina jakin batzuekin bat egiteko eskatzen zaigunean, eta kontatzeko «guri ere» halako zerbait gertatu zitzaigula «halako egun hartan». Baina ni, emakume guztiok bezala, jaun heterosexual eta gutxi-asko boteretsuek eraman izan naute nik joan nahi ez nuen tokietara, nik entzun nahi ez nituen gauzak esan izan dizkidate, eta ukitzea nahi ez nuen gorputz atalak ukitu izan dizkidate; hainbestetan, kontua ere galdua baitut.
Politikari mediatiko eta ezkerreko batek festa batean masajeak eman dizkit sorbaldetan jendaurrean; solaskide nazionalista demokristau batek lizunkeria desatseginak esan dizkit; proiektu politiko bereko partaide eta kide nuen kazetari batek bota dit kanpaia jo izan duela nigan pentsatuz; unibertsitate on horietako bateko errektore jaunak txerrikeriak esan dizkit nire gorputzaz; GKEzale zintzo batek behin eta berriz ukitu izan nau zirkinik esan gabe eta nire nazka aurpegia gorabehera; kargudun publiko izandako jaun agurgarri batek bere zahartzaroan erekzioak sorrarazi izanaz akusatu nau; sabel dantzarientzako trajeak saltzen dituen dendari turkiar batek eskua sartu izan dit gogoz kontra… eta segi eta segi egingo nuke memoriak ematen didan arte, halako botere erakustaldiak gogora ekarriz, sexu interakzio gisan mozorrotuak, nirekin topo egin izan duten gizonak niri egiten ausartu direnak, ahal dutelako. Eta ni ez naiz atrebitu horiek eragozten, nire heziketa izan delako «neska zintzo guztiona» bezalakoa, trebatze prozesu bat, helburu bakar baterako prestatu nauena: gizonen gustuko izatea, ni konbentzitzeraino jai daukagula, haiek janzten dituztelako prakak, eta koskabiloetatik irteten zaiena egiten dutelako.
Eta ez gero kexatu, zeure burua defendatu, edo protesta egin. Ez baitzaie kontra egin behar. Hartara, ateak irekiko dizkizute, kontratatu egingo zaituzte, jaramon egingo dizute eta heldu izatera jolastu ahalko zara haiekin. Eta kostatu ere ez zaizu hainbeste kostatuko… irribarretxo bat, barre zuri bat, aurpegi adeitsu bat, beheranzko begiratu bat, axola ez dizulako plantak egitea, baita gustatzen zaizulako plantak egitea ere. Eta dena beti bezain berdin. Beti bezain ongi.
Izan ere, kexatzen direnentzat, beren burua defendatzen dutenentzat, protesta egiten dutenentzat, irribarre egiten ez dutenentzat, barre zuriz barre egiten ez dutenentzat, aurpegi adeitsurik jartzen ez dutenentzat, edo lurrera begiratzen ez dutenentzat, horiexentzat daude gero burlak, irainak, zalantzan jartzeak, eta honelakoak: «baina zer uste ote du horrek», «zer espero zuen», «gerra eske ari zen», «hik nahi bai, zatar horrek», «lodia», «bollera», «zaharra», «inbidiatia», «urdanga», «puta», «gezurtia», «hotza», «ipurdi-estua», «gatzgabea», «gerraria»… «Horiexentzat» dira gero desilusioak, bronkak, haserrealdiak, konturatzen baitira bizi garen mundu honek ongi tratatzen gaituela, gutxi gorabehera, baldin eta «gutxiago» garela onartzen badugu.