Estitxu Izagirre / 2017-12-02 / 463 hitz
ETB2k abenduaren 10ean, igandea, goizeko 11:16an “La leche de nuestra tierra” izeneko programa eman zuen. Berau ikusten ari ginela ahoa bete hortz gelditu ginen:
Bertako esnea ETBrentzat = Iparlat = Mercadona. Ekuazioa ez da berria: Iparlatek bere esnearen %70 Mercadonari saltzen dio eta bezero hain indartsu bat izatearen ondorioak aspalditik ari da ordaintzen: 2014an Iparlatek Kaikun zituen akzioen %18,58 saldu behar izan zuen, Mercadonak esklusibitatea eskatzen dielako bere hornitzaileei, eta Kaikuk Eroskiri eta Mercadonaren konpetentzia diren beste saltoki handi batzuei saltzen dielako. Kaikuren jabe nagusia Emmi talde suitzarra da, akzioen %44 ditu. “Gaurko baserritarren egungo mundu konplexuko arazoak” pentsatu dezake tele-ikusleak. Baina bertako esneari buruzko erreportaje bat ikusten hasi eta Mercadonaren publizitate gaindosiz enpo bukatu dugu. Esne sektoreak berak ematen digu mezua: “Mercadonak hemengo esnea saltzen du”, eta ETB2k eman digu “informazioa”: saltoki makroko pasilloak ageri dira pantailan eta esne marka zuria hiru-lau segundoko plano geldietan, “kalitatea eta prezioa da erosleek gehien estimatzen dutena” datua emanaz…
Mercadonak abenduaren 4an zabaldu zuen Belartzako supermerkatua, eta herritarrak jakin nahi luke bere dirutik ordaintzen den telebista publikoko “esneari buruzko” erreportaje hau zer izan den, ordaindua? edo are okerrago dena, doakoa? ETB2ren ikusle maiteok, hurrengo igandean izango dugu Mercadonaren sustapen kanpaina honen bigarren telebista saioa: “Reportaje Mercadona” iragartzen du egitarauak berriz ere igandean, berriz ere ETB2n, eta antzeko orduan, 11:30ean.
Esnea kontrako eztarrira
Bertako esnea edateko Mercadonara joateko, beraz. Katalunian ederki dakite Mercadonaren berri, eta bertako langileen esplotazioa, aurpegiko kremak eta esnekiak bezain ezaguna da honezkero. ETB2ko erreportajean ageri diren kamioi zisternek ere ematen dute zer pentsa: bi zisterna elkarri lotuta kamioi-gidari bakarrarekin, ikuiluko atetik Iparlaten Urnietako egoitzara ia kurbarik gabeko errepide zabalak eskatzen dituztenak.
La leche de nuestra tierra programari eskertzen diodana da, Iparlateko koordinatzaile Rodrigo Sánchezek oso argi azaltzen duela zein den beraien eredua: baserritar eta erosleen arteko harreman zuzena eten eta industria eta banatzaile handiak tartean sartzen dituena. Jasangarritasunaz ere hitz egiten du. Mami handiko gaia da nekazaritza eredua, eta batez ere esne behien produkzio eredua eta jasangarritasuna, bere zentzu sozial, ekonomiko eta ekologikoan: esne behien produkzioak baserritar kopurutan duen pisuagatik, eta ehunka behiren ukuilu bihurtu izanak ekarri dituen ondorioengatik (zorpetzea, behiek jan eta pixa-kaka egiteko behar duten lurrik inguruan ez izatea…).
Herritar asko gatoz bat mezuan eta eguneroko praktikan: “erosi bertako esnea”. Baina Mercadona (edo jarri beste edozein saltoki handiren izena hemen) baldin bada bertako esnea erosteko bidea, arazo handi bat daukagu, juxtu bertako esnea erosi nahi dugun herritarrok, denentzat (baserritarretatik hasi eta dendarietara) lan baldintza duinak nahi ditugunok, lantzeko lur gehiago eta errepidetarako gutxiago nahi ditugunok, inguru jasangarrirako jarduera ekonomiko jasangarriak eta harreman jasangarriak nahi ditugunok…
Badira bertako esnea erosteko beste modu batzuk, hainbeste kontraesan irenstera eramaten ez gaituztenak. ETB2ri eskertuko genioke hauen berri ematea hurrengo igandean, Mercadonari berriz denon dirua eta telebista denbora erregalatu beharrean. Eta esne ekoizpen ereduei buruzko debatea ematea, datuekin, ikuspegi eta praktika anitzekin.