Eihartze Aramendia Iparragirre / 207-12-13 / 1220 hitz
Baztandarren Biltzarra elkarteak ultimatuma eman du: laguntzaileak ez baditu lortzen, jaia bertan behera geldituko da. Jendeak festa bai baina antolaketa lanetan ez duela aritu nahi diote. Ez dira egoera horretan dauden bakarrak. Bada, ordea, desagertzeko zorian egon eta indartuta atera denik.
Pausoa ematea zaila da, baina erran dugu: Baztandarren Biltzarra kolokan dago». Baikor baina kezkatuta dago Elisa Almandoz Baztandarren Biltzarra elkarteko kidea. Prentsaurreko baten bidez ultimatuma eman zuten elkarteko kideek hilaren hasieran: kideak ez badituzte lortzen, jaia bertan behera geldituko da.
Joan den uztaileko Baztandarren Biltzarra ongi atera zen, «primeran», baina gutxi batzuek dena emanda, «ehuneko berrehuna», Almandozen esanetan. Eguna pasatu, eta aste horretan bertan bildu ziren, eta ikusi zuten egoera horrek ezin zuela horrela jarraitu. Uztailean, hausnarketa urtea izango zela jakinarazi zuen elkarteak, laguntzaileak beharko zituztela-eta, baina, hara non, urte barruan sei lagunek utzi diote kide izateari, eta horrek egoera zaildu du. Hortik ultimatuma.
Hilaren 29a giltzarria izango da Baztandarren Biltzarrarentzat. Egun horretarako bilera batera deitu dute (Elizondoko Arizkuneneako sabaian, 20:30ean), eta, jende aski ez bada azaltzen, jaiarenak egingo du. Kideekin harremanetan jartzeko beste modurik ere bada, posta elektroniko bidez (baztandarrenbiltzarra@hotmail.com) edota Facebookera (@baztandarrenbiltzarra) mezu bat bidaliz.
Deialdia orain egitea ez da kasualitatea; izan ere, nahiz eta festa uztailean izan, urtarrilean antolaketa lanekin hasten dira jada. Ez da egoera horretan dauden lehen aldia, dena den. Almandozek kontatu duenez, orain dela hainbat urte horrelako mehatxu bat bota zieten baztandarrei, eta antolatu zuten bilera hartan jendea lerroka apuntatu zen. «Oraingoan ikusiko dugu; jendearen pentsamendua aldatu egin da, eta niri beldurra ematen dit», adierazi du Almandozek. Jendearen aldetik «erosotasuna» ikusten du: «Herritarrek gustuko dute Baztandarren Biltzarra, besta egin nahi dute, zein ongi atera den aipatzen dute, baina erosotasunean erortzen gara. Ez dakit jendea kontziente den, eginen dela pentsatzen dute, baina, beti bezala, besteek eginen dute». Batik bat gazteen konpromiso falta sumatzen dute, betiere argi utziz denei zabaldutako mezua dela, «denek egiten ahal dute zerbait».
Parte hartze aldetik, orgei dagokienez, orokorrean nahiko ongi ibiltzen direla adierazi du: «Gure asmoa hamabost orga ateratzea da, herri bakoitzetik bat, eta, beti norbaiten atzetik ibili behar dugun arren, nahiko ongi moldatzen gara». Urteren batean, gainera, orga faltengatik jaia bertan behera gelditu zen, herritarrek erantzuten ez bazuten jaiak ez zuela zentzurik argudiatuta. Beste lanetarako, bazkaria zerbitzatzeko, esaterako, gaztetxoen laguntza falta nabarmendu du Almandozek: «Haien atzetik ibili behar dugu, eta horrek kezkatzen gaitu. Anitzek paso egiten dute, eta erantzunak ere ez dira oso egokiak izaten». Batzuek esan izan diete zerbitzariak kontratatzeko: «Hori egiten dugun egunean nik elkartea utzi eginen dut, ez du zentzurik. Auzolanean eraikitako besta bat da, denek denendako egiten duguna».
Almandozek bederatzi urte inguru daramatza elkartean, eta ikusi du gorabeherak beti egon direla; urte batzuk aberatsagoak izan dira, beste batzuetan larri xamar ibili dira… «Gure denbora librean egiten dugu hau, eta bakoitzak bere istorioak ditu, baina jende gehiagoren artean aiseago egiten da. Auskalo zer pasatuko den», egin du hasperen.
Baztanen duten egoera ez da bakana, «badakigu ez dela gurean bakarrik gertatzen, eta horrek kezka eta pena sortzen digu».
Lapurtarren Biltzarra da beste adibide bat. Noiz edo noiz bertan behera uztekotan egon dira, jendeak nola erreakzionatzen zuen ikusteko, baina horrek halako «ximiko» bat ematen duela dio Aritz Bidegain Lapurtarren Biltzarra elkartean ibilitakoak. Antolaketan eskasia egotea aspaldiko kontua dela azaldu du. Arrazoiak? Ez du argi. «Uztaritzen egiten da Lapurtarren Biltzarra, baina ez da Uztaritzeko elkarte bat bakarrik, Lapurdi osokoa da. Azken urteetan denak Uztaritzekoak izan gara, eta hori arazo bat da. Menturaz hortik heldu da», adierazi du. Egunean berean lan egiteko jendea topatzeko ez dute arazorik, aurretik egin beharreko lanetan dago hutsunea. Lauzpabost lagun aritu izan dira azken aldian. Festak ere bere zentzua galtzen hasia zela ikusi zuten momentu batez, eta ikusle kopurua ere apaltzen. «Aspaldiko besta bat da, menturaz gaur egungo egoerari ez dakit ea biziki egokitua den, edo ez dugu jakin denboran berritasun baten asmatzen», esan du Bidegainek.
Antzerkia larrialdi deialdi
Egoerari buelta eman nahian, Lapurtarren Biltzarrean ohikoak diren orgez gain, antzerkia ere sartu zuten orain hiru urte, Bertrand Lapurdikoa pertsonaiarekin. «Antzerkiaren bidez argiki erran genuen elkartean ez bazen jende berria sartzen ez genuela berriz besta antolatuko», adierazi du Bidegainek. Eta izan zuen eraginik. Uztariztar gazte batzuk joan zaizkie festak jarraitzea nahi zutela esanez. Hala, joan den urriko festa antolatzen lagundu zieten, eta nola antolatzen zen erakutsi. «Ez dira anitz, baina aski motibatuak direla ikusten dut, eta baikor izateko arrazoiak badira. Bada esperantza txiki bat. Heldu den urtean haiek antolatuko dute; ikusiko dugu nola moldatzen diren», esan du. Belaunaldi berri bati lekukoa pasatzeaz kontent da: «Anitz urtez egon naiz antolaketan, eta beti hor egotea, belaunaldi zaharra beti hor egotea ez da sanoa; momentu batez belaunaldi berri bati utzi behar zaio hazten».
Iruñeko Arrotxapea auzoan ere ez daude suziriak botatzeko moduan. Aurtengo jaietako egitarauan ezohiko modu batez adierazi dute jai batzordean jendea behar zela. Aurreko urteetako egitarauetan argitaratutako mezuak berriz argitaratu dituzte: «Gure auzo kuttunaren festak desagertzeko arriskuan daude. Benetako arriskuan», idatzi zuten 2013ko jaien egitarauan. «Udalak bere aldetik egindako ekarpenak ezin du auzoko lana ordezkatu. Festak auzotik eta auzoarentzat antolatzen jarraitu behar ditugu, auzokideak protagonista izanik», 2016ko egitarauan. «Garai hauetan oraindik egonen da uste duena jaien egitaraua ezerezetik sortzen den zerbait dela, berez agertzen dena», 2011koan. Mikel Oroz Arrotxapeko Jai Batzordeko kideari ez zaio zentzuzkoa iruditzen 25.000 biztanleko auzo batek jai batzordean lauzpabost kide soilik egotea: «Jaiak eta bestelako ekitaldiak, Olentzero, inauteriak-eta, antolatzeko eragileen laguntza izaten dugu, baina haiek ere dauden moduan daude, eta ezin zaie gehiegi eskatu». Argitaratutako mezu horiek oihartzun gutxi izan dute: «Gauza bat dela edo bestea dela, jendea azkenean ez da animatzen, baina bakoitzak pixka bat emanda errazagoa da gauzak antolatu eta aurrera ateratzea».
Jaiak bertan behera uzteko zorian egon ziren, eta heldu den urtekoak ere galdera markarekin irudikatu zituzten azken egitarauko azalean. Jendeak jaiak arriskuan ikusi arte ez duela parte hartuko uste du Orozek: «Ez da egoera honetan gauden lehen aldia, baina azkenean jaiak aurrera ateratzen dira, eta jendea ez da gehiegi larritzen».
Elkarlanaren argi izpia
Errenteriako San Tomas eguna desagertzeko zorian egon zen, baina, orain, indartuta dagoen jai bat da. Idoia Arbelaitz Xenpelar AEK-ko irakaslea da horren lekuko. Orain 32 urte ospatu zuten lehen aldiz San Tomas eguna Errenterian, AEK euskaltegia antolatzaile zela. Jaiaren hirugarren urtean sartu zen Arbelaitz euskaltegira. Urteren batean euskaltegian hiru irakasle soilik ziren, eta ezin zioten denari aurre egin, eta hortik hausnarketa bat egin zuten. Korrikako antolaketa jarri zuten adibidetzat. Hala, San Tomas egunerako batzorde bat sortu ote zitekeen planteatzen hasi ziren, eta egunean bertan txistorra postuak jartzen zituzten taldeak antolaketan inplikarazi. «Tartean udal gobernu aldaketa ere izan zen, eta hari ere planteamendua egin genion, tresna baliagarri bat izan behar zuela uste baikenuen. Hainbatek pentsatzen zuten horrelako jai bat udalak antolatu behar zuela, baina nik eta beste batzuek argi genuen udalak herrigintzari lagundu behar ziola», adierazi du.
Zortzi urte inguru dira elkarlanean antolatzen dutela San Tomas eguna, eta hori emaitzetan ikusten da, Arbelaitzen esanetan: «Urtetik urtera errotuz joan da, eta askok ez dute Donostiara jotzen egun hortaz gozatzeko». Ordutik herrian bertan antolaketa modua «irauli» dela nabarmendu du, eta eredua beste jaietarako balio izan duela. «Koldo Mitxelenako ikasle bat etorri zitzaidan esanez urte horretan ez zela bere ikastetxeko postuan egongo, baina ea parte har zezakeen antolaketan. Hori entzutean konturatzen zara jendeari zerbaiten parte direla transmititzen diozula, eta hori zoragarria da», adierazi du.
Baztandarren Biltzarrekoei itxaropena gal ez dezaten adierazi nahi izan die: «Normalean jendearengana joan behar da, oso gutxi dira hurbiltzen direnak. Ateak jo behar badira, bada, jotzen dira».