Jon Barberena / 2017-12-15 / 382 hitz
Aspaldi honetan astoen bizkarrek guti sufrituko zuten zama garraiatuz. Astoa ez da garraiobide. Hala ere, hauek lotzeko erabiltzen zen burdinazko zintzilikari borobila, oraindik ere, zenbait ostatutako kanpoko paretan iltzatua ageri da. Lehen, astoa kanpoan gelditzen zen zintzilikarioan lotua eta nagusiak ostaturako bidea hartzen zuen. Baina egun, autoan datozen astoak ostatu zulorat sartu ohi dira eta alimaleko astakeriak botatzen dituzte. Ahoa zabaldu ahala, ingurukoak aho zabalik utziz.
Gizatasun gutiko gizonkeriak, harrotasunik sortzen ez duten harrokeriak eta edukirik gabeko solasak areagotzen dira ardo onduz odola nahasi ahala. Astoak oilartu ezin daitezkeen arren, bularraldea hauspotu eta solasaldia funtsik gabeko kalapita bihur dezakete. Halere, trago arteko astakeriek baino gehiago, zenbait politikariren kaikukeriek mindu izan naute ni.
“Nafarroako iparraldekoak ohituak daude egunero kilometro andana egin eta Iruñerat etortzen”, bota zuen haietako batek lotsagorritu gabe, Nafarroako iparraldeko zerbitzu gabeziaz galdeturik. Doike! Ohituak gaude gure eguneroko beharrak asetzeko autoari hain garestia den urre beltza ematen. Ohituak gaude bide bazterrak istripuan hildako gure senideen omenez paratutako lore sortekin edertzen. Ohituak burokraziaren izenean edozein paper ziztrin betetzeko Iruñerat joan eta gure lanean bakazio eguna hartzen. Ohituak pediatrarik gabe gure umeak artatzen. Ohituak eta ahituak!
Ohikora ohitu ez izan arren, ohitura bihurtu zaigu Iruñerat joatea. Baina kasu eman! Ohitua eta ohikoa ez dira gauza bera. Galde iezaiozue Zisjordaniako biztanleei Israelgo Gobernuak Zisjordania inguratuz egin duen harresiaren ondorioak sufritzen ohituak dauden, ohiko traba bihurtu zaien arren. Edo mendebaldeko sahararrari ohitua ote dagoen ohikoa duen zapalkuntza sufritzen? Ohikoa eta ohitura bihurtu zaigu baztandarroi, malerrekarrei, bortziritarrei edo goizuetarrei zerbitzu gutirekin bizitzea eta autoaren menpe bizitzea, baina horrek ez du erran nahi ohituak gaudenik eta gozagarri dugunik. Zokoratuak izan gara, baina eskubideak ditugu Lizarraldean, Tafalla inguruan eta batik bat Iruñean dauden zenbait zerbitzuz gozatzeko eta hurbilean eskuragarri izateko.
Aditzerat eman da Donezteben osasun etxe berria eta ogasun bulegoa irekiko dituztela eta Oronozen lanbide eskola berria. Berri pozgarriak zinez! Ospitalerat joan gabe, hurbilean, x izpiak izateko aukera izanen dugu. Nerabeek hurbil ikasteko aukera izanen dute; helduok edozein paper burokratiko egiteko aukera izanen dugu, Iturramara joan, ota ordaindu, eta goiza galdu gabe.
Ez atzendu Nafarroako iparraldean bizi garen anitzek ohikoa eta ohitura dugula euskaraz solastatzea, nahiz eta administrazio publikoan zoritxarrez euskara erabiltzera ohituak ez egon. Zerbitzuek arnas berria ekarriko lukete ingurura, baina euskararen arnasgunea dugun eremuari ez arnasbiderik trabatu, faborez. Astakeria litzateke! Badaezpada, burdinazko zintzilikarioak ez ditugu paretetatik kenduko.