Nola hezi seme feminista bat

Gaztezulo / 2018-01-17 / 455 hitz

Seme bat feminismoan heztea ez da erraza, eta sarritan, haurrek mezu kontrajarriak jasoko dituzte gizartean. New York Times aldizkariak, psikologo eta bestelako adituen laguntzarekin, seme feministak hezteko hamar puntu zehaztu ditu; hamar puntu horiek, modu sinplean adierazten dute zer den haur bat feminismoan heztea:

1) Haurra haur dela ospatu dezagun: Beren ametsak jarraitu ditzaten, seguru daudela sentitu behar dute haurrek; dena den, beren sentipenak onartu eta adierazteko indartsuak direla ere irakatsi behar zaie.

2) Emakume eta neskak protagonistak diren istorioak irakurri: Haurren hezkuntzan, hainbat ohitura aldatzeko garaia da; mutilak ez dira beti hobeak zientzietan, eta neskak ez dira beti hobeak letretan. Bereizketa horiekin amaitzeko, estereotipoekin apurtzen duten istorioak elkarbanatzea ideia ona da.

3) Utzi negar egiten: Neskei negar egiten uzten zaien bitartean, mutilei hori “nesken kontuak” direla esaten zaie. Negar egiteak on egiten die haur guztiei, beren emozioak ulertzen eta garatzen laguntzen die. Negar egiterakoan, haserreak, frustrazioak eta beldurrak asimilatu eta laguntza eskatzeko ahalmena indartzen dute.

4) Erreferentzia egokiak bilatu: Gizon eta emakumeak gizartean berdinak direla ulertu dezaten, garrantzitsua da rol guztietan bi generotako erreferentziak edo modeloak ezagutaraztea. Horrela, umeek ulertuko dute berdin inspiratu daitezkeela gizon edo emakume batengan.

5) “Neska” terminoak ez du iseka egiteko balio: Ezin dira onartu tankera honetako esamoldeak: “pilota neska batek bezala botatzen duzu”, “neska batek bezala egiten duzu negar”, “neska batek bezala jotzen duzu”. Modu berean, homosexualekin lotutako terminoak ere ez dira modu negatiboan erabili behar.

6) Ez ezetz dela ikasi behar dute: Lagunak eta ingurukoak errespetatzen irakatsi behar zaie, baita familiako kideak zein ezezagunak ere. Adibidez, haur batek klaseko kide bati iletik tira egin badio, irakatsi behar  zaio ez duela hori egiteko eskubiderik, eta ingurukoen gorputza errespetatu behar duela.

7) Nesken lagun egitera animatu: Gurean oso ohikoa da soilik neskaz edo soilik mutilez osatutako lagun kuadrillak egotea, eta horrek ez du berdintasunean laguntzen. Txikitatik beste sexuarekin jolasten eta lagunak izaten irakastea komeni da, beren arteko harremanak normalizatu daitezen eta berdintasunean hezi daitezen.

8) Nahi dutena izan daitezela: Zoritxarrez, oraindik ohikoa da jostailu denda batean sartu eta jostailuak sexuaren arabera banatuta ikustea. Horrek lehen urtetatik bereizten ditu mutilak eta neskak, eta gatazkak sortzen ditu; zer gertatzen da mutil batek neskentzat katalogatutako jostailu bat aukeratzen badu? Ezer ez, kontrakoa pentsarazten badigute ere. Horregatik, nahi dutenarekin jolasten eta desio dutena izaten uztea komeni da.

9) Etxean lagundu behar dute: Etxeko lanetan laguntzea oso garrantzitsua da; egunerokotasuneko lanen pertzepzioa garatzen lagunduko die. Barneratu behar dute beraiek ere gai direla etxeko lanak, janaria, ohea egin edo platerak garbitzeko.

10) Lanak denon artean elkarbanatu: Ez da nahikoa haurrei lanak ematea, etxeko guztiek parte hartu behar dute lan horietan; gurasoek ere lanak bion artean egiten dituztela ikusten badute, eredu hori bereganatuko dute normaltzat, eta ez zaie arraroa irudituko aitak egun batean labadora jartzea edo amak kotxean eramatea, eginkizun bakoitzak ez duelako generoko rol bat zehaztuta izango.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.