Eneko Compains / 2018-03-24 / 640 hitz
«Sutan kiskal daitezela!». Horixe da XXI. mendean betiereko espetxealdiaren alde egiten dutenek benetan esan nahi dutena, horretarako beste hitz batzuk erabiltzen badituzte ere. Babesten dutena hain da basakeria ezen eufemismo bat asmatu behar izan baitzuten «espetxealdi iraunkorra», eta adjektibo bat erantsi «ber-ikusgarria», jendartean leunago ageri zedin.
Horrexegatik hain zuzen idazten ditut lerro hauek; betiereko kartzela zigorra errefusatzeko arrazoi andana dagoela iritzita eta mahai gainean den eztabaidan eragin nahian.
Lehenik eta behin, hori bai, argituko nuke aipatu zigorra arautzeak ez zuela berrikuntza nabarmenik ekarri espainiar lege-sisteman, horrek 40 urtera arteko kartzela zigorrak betetzea aurreikusten baitzuen ordurako. Neurria hartzeko: betiereko zigorra duten herrialdeetan hura betetzeko batez besteko denbora nabarmen txikiagoa da (23 urte Frantzian eta 20 Alemanian, adibidez). Hala ere, esan behar da berau arautzeak lehen mailako eragina duela, porrot egin duen egungo justizia-sistemaren alternatiben gainean eztabaidatu beharrean, aukera txarraren eta okerragoaren artean eztabaidatzera eramaten baitute jendartea.
Bigarrenik, neurri hau ez da inondik inora eraginkorra hilketa horiek saihesteko, AEBetan eginiko hainbat ikerketak demostratu dutenez, ez baitu balio egileen asmoak aldarazteko.
Eta hirugarrenik, giza eskubideen aurkako neurria da erabat, baita betiereko espetxealdiaren sustatzaileek hainbeste maite duten Konstituzioaren aurkakoa ere. Abertzale gisa itsusia da nik hau esatea, baina konstituzio-zuzenbideko irakasle gisa ezin naiteke isildu:
Betiereko zigorra Espainiar Konstituzioko 25. artikuluan jasotakoaren antipodetan dago, horrek zigorraren xedea presoaren birgizarteratzea dela xedatzen baitu. Era berean, gizatasunik gabeko eta pertsonaren duintasunaren aurkako zigorra da, eta, beraz, Konstituzioko 10. eta 15. artikuluak nabarmen urratzen ditu. «Berrikusgarri» gisa arautu izanak, gainera, ez du aurrekoa konpontzen. Lehenik, berrikuspen hori gutxienez 25 kartzela-urte bete ondoren egiten baita (Suedian 10 urteren ostean); eta bigarrenik, berrikusteko baldintza erabat anbiguoa delako («birgizarteratzen aldeko pronostikoa existitu dadila»), zigorren zehaztasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioaren aurka eginez argiki (9.3 art.). Azkeneko hau Morgan Freeman eta Tim Robbins protagonista dituen Shawshank Redemption film bikaina ikusi duen orok aise uler dezake.
Arriskutsuena, edonola ere, zabaltzen duen aurrekaria da. Gaur betiereko zigorra onartzen bada, zerk eragotziko du bihar-etzi tortura edota heriotza-zigorra ezartzea? Zer alde dago betiereko zigorraren eta sarraski-eremu baten artean? Guztiz onartezina da!
Hori esanda, ezkerrean ezin gara eskuinaren errezetak errefusatzera mugatu; proposamenak egitea dagokigu.
Lehenik, argi utzi behar dugu zigor- eta kartzela-politika hau politika sozialaren porrota baino ez dela. Beraz, kriminalitateari «Estatuaren eskuineko eskua» indartuz erantzutea proposatzen dutenen aurrean (polizia, epaile eta kartzela gehiago eta zigor handiagoak), irtenbidea prebentzio-politiketatik datorrela esan behar dugu, «ezkerreko eskua» indartzetik (hezkuntza, kultura, babes soziala eta abar). Erabat demostratuta dago zigorrak gogortzeko apustuak kartzelak betetzen dituela, baina ez dituela delituak murrizten. Aitzitik, «ezker eskuaren» politiken aldeko hautua egiten dutenek kriminalitatea murriztu eta preso faltagatik kartzelak ixten dituzte, Holandan gertatzen ari den moduan.
«Bai, oso ongi, baina nola babestuko dugu gizartea gaizkile krudelenengandik?», galdetuko digute. Nire erantzuna da mendekua ez dela irtenbide bat, eta badela garaia justizia alternatiboaren mekanismoak orokortzeko (delitu arinekin onartzen den bezala).
Kartzela ezagutzen dugunok ongi dakigu hark ez duela ezer konpontzen. Ezin da inor birgizarteratu edo ber-hezi pertsona txiroen birringailu batean, eta, beraz, zentzugabea da xede horiekin ezarritako zigor baten muina kartzela izatea. Norbait barneratzea beharrezkoa izan daiteke, baina ez egungo zentroetan, ez eta proposatutako denboran, horrek presoaren osasunean kalte konponezinak baino ez baititu eragiten.
Amaitzeko, argi dut ortze-mugan kartzelarik gabeko gizarte bat izan behar dugula. Gaur utopikoa dirudi, baina utopiak hain zuzen horretarako balio du, aurrera egiteko. Kropotkinek orain mende bete esan bezala, «ezin daiteke kartzela bat hobetu. Garrantzirik gabeko hobekuntza txiki batzuk salbu, ez dago zereginik haiek eraistea baizik». Hala izan dadila biharko Euskal Herrian!