Edurne Elizondo / 2018-04-13 / 885 hitz
Duela hamabost urte bota zituzten Itoizko urtegiak azpian hartuko zituen herriak. Nagorera ailegatu ziren inora baino lehenago hondeamakinak, 2003ko apirilaren 28an. Geroztik, zazpi herri pobreagoa da Nafarroa. Inguruko herritarrek aurrean dute gertatu zena gogoratzen dien paisaia, ez baita ezagutu zuten bera. “Borroka galdu genuen; eta orain zer?”. Hori galdetu du Maddi Barber zinemagileak (Lakabe, 1988), eta erantzuna emateko egin du 592 metroz goiti filma.
Zer duzu gogoan Itoizko borrokari buruz?
Borroka hori ezagutu nuen, baina txikia nintzela. Gogoan ditut manifestazioak, eta itsasgarriak saltzen nituela. Gurasoak Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kide ziren, gainera, eta ni neu Lakaben jaio nintzen. Beraz, bailara nola itxuraldatu den ikusi dut. Auziak zuzenean eragiten dit, nire oroitzapen asko urperatuta baitaude, nolabait esanda.
Maiz itzultzen zara?
Bai. Ama Zaraguetan bizi da, eta asteburuetan joaten gara, bai eta udan ere. Gogorra da ingurua nola aldatu den ikustea, eta filma egiteko ideia, hain zuzen, hortik sortu zen. Itoizko urtegia egin zuten, borroka galdu genuen; eta, orain, zer? Galdera hori jarri nahi nuen mahai gainean. Ea nola bizi gaitezken hemen bizi garenok, egun, ingurua hainbeste aldatu eta gero. Finean, egunero etxetik ateratzen garenean jabetzen gara errealitate horretaz, bizi garen tokia ez dela jada ezagutu genuena. Hori da abiapuntua.
Galdera jarri duzu mahai gainean. Zein da zure erantzuna?
Dolua egin behar dugula, horren beharra dugula. Eta dolu horrek, gainera, kolektiboa izan behar duela. Agian, zaila da hori egitea, baina iruditzen zait ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatu dugula, neurri handi batean, eta ezer gertatu izan ez balitz bezala segitu dugula aurrera; horrek ez du balio, ordea, ez du funtzionatzen. Horrela jokatzen badugu onartzen ari garelako bailararen erdia galdu dugula.
Zer erran nahi duzu?
Kontua da saiatzen garela urpean galdu dugun hori ez ikusten. Ez gara lehengo tokietara joatean ez dugulako ikusi nahi zer gertatu den. Bizkarra ematen diogu, nolabait. Agoitzen ere hori gertatzen da. Atzean dute urtegiko presa, eta atzean duten horretaz ahazten saiatzen dira; egondako borroka guztiaz ahazten saiatzen dira. Nire ustez, ordea, inportantea da aurpegira begiratzea errealitateari. Urtegiaren kontrako borroka kolektibo bat gertatu zen, eta gizarteak erantzun indartsua eman zion. Orain, ordea, bakardadean bizi dugu egungo errealitatea.
Dolu kolektibo hori egitera deitu nahi du zure lanak, beraz?
Uste dut horretarako baliagarria izan daitekeela, bai. Bakardadean bizi dugun hori kolektibizatzeko, hain zuzen.
Dokumentalean agertzen den Lakabeko emakume batek aipatzen du galdu duela, azkenean, herriak berreraikitzeko esperantza. Itxaropen hori zegoen eskualdeko jendearen artean, zure ustez?
Uste dut baietz. Eta egungo gobernuak agintea hartu zuenean ere gauzak aldatuko zirela pentsatu zuten askok, nire ustez. Itxaropena ez da galtzen, eta jaio zaren lekua berreskuratu nahi duzu beti. Deserrotu zaituztelako. Oraingoa uste dut erabaki bat hartzeko momentua dugula. Atzera begira jarraitu edo aurrera segitu. Argi dut egoera hori bizitzeko mila modu daudela, eta nork bere dolua egin behar duela. Baina iruditzen zait zinema dela, adibidez, min bat besteekin partekatzeko modu bat. Horregatik, Itoitzi buruz orain prestatzen ari naizen bigarren lanak doluaren gaiari modu zuzenago batean eutsi nahi dio.
Urpean, lurra izenburua jarri diozu. Urpean gelditu denari egin nahi diozu so?
Bai. Lehen lanaren izenburua Itoizko urtegiko uraren mailari buruzkoa da; 592 metroko maila hori da, nolabait esanda, bi lanen arteko muga ezartzen duena. Lehendabizikoan, maila horretatik goitiko egungo pasaiari egin diot so. Bigarrenean, berriz, maila horren azpitik gelditu dena berreskuratu nahi dut.
Lehendabiziko lan horretan, animaliak dira protagonista; batetik, naturan bizi diren hegaztiak, eta, bertzetik, gizakien mende bizi diren behiak. Zergatik?
Batetik, nire aita abeltzaina zen, eta beti izan dut animaliekin harreman berezia. Maitasunezko harreman bat izan da, gertutasunak emana, baina, aldi berean, animalion heriotza egon da tartean beti. Antropologiako masterra egiten hasi nintzenean, gainera, hasi nintzen asko irakurtzen antiespezismoari buruz, bai eta gizartean beste animaliekin dugun harremanaz ere. Bestetik, gertatu zitzaidan Itoitzera grabatzera joan nintzenean bizpahiru aldiz behiak baino ez nituela ikusi. Gizakirik ez, bakarrik behiak. Baina behiak han baziren, argi nuen gizakiek inguruan egon behar zutela. Gizakien eta animalien arteko harremanak estuak dira eskualdean, eta horri buruz hitz egin nahi nuen.
Igandean, Suitzako Visions du Réel jaialdian aurkeztuko duzu dokumentala. Kontent?
Bai. Beste hogei lan ingururekin lehiatuko da nire dokumentala. Oso jaialdi garrantzitsua da, eta oso kontent nago.
Itoitzekin lotutako bigarren lanari ekinen diozu gero?
Bai. Lehena amaitu nuenean, konturatu nintzen gai asko ez nituela ukitu. Eta banuen gogoa memoriaren gaia lantzeko. Itoitzekin Elkartasuna taldekoek utzi dizkidate haiek grabatutako irudi guztiak. 80 ordu baino gehiago dira, eta denak ikusten ari naiz. Indar handiko irudiak dira, galdu zen borroka batenak. 592 metroko mailak erabaki zuen zer geldituko zen urpean eta zer ez, eta orain urpean dagoen hori jorratu nahi dut. Memoria, ametsak, eta orainaren eta iraganaren arteko talka landu nahi ditut film berri horretan.
Galdutako borroka bat izan dela erran duzu. Uste duzu, halere, zer irakatsi baduela Itoizko urtegiaren aurka egindako lanak?
Bai. Eta iruditzen zait nire lana izan daitekeela borrokan jarraitzeko beste modu bat ere. Garrantzitsua iruditzen zait belaunaldi berriei horren berri ematea. Eta argi uztea uraren azpian lurra dagoela. Herriak hor daudela.
Iruditzen zaizu jendeak ahaztu duela Itoitzen gertatu zena, neurri batean?
Bai. Uste dut baietz, ahaztu dugula. Egia da urtegiaren aurkako borrokak energia asko eraman zuela. Baina bada jendea borrokan, oraindik ere, bailaran. Hainbatek oraindik ez dute jaso gobernuak zor zien guztia.
Zuk nola bizi duzu gaur egungo egoera?
Nik sentitzen dut berriz ere gozatu nahi dudala bailaraz. Ur horietan bainua hartu, adibidez. Kontraesanak badira, ur horrek estali dituelako gure herriak. Baina kontraesan horiekin bizi behar dugu. Ezin diegu ihes egin