Gazteberri.eus / 2018-04-25 / 877 hitz
2016. urtean zabor elektronikoko 44,7 milioi tona metriko (MT) sortu ziren mundu osoan, hots, urte bakar batean 6,1 kilo biztanle bakoitzeko. 2014. urtean sortutako zabor elektronikoa biztanleko 5,8 kilokoa izan zen. Zabor horrekin guztiarekin urte bakar batean 4.500 Eiffel Dorre eraiki daitezke.
Zabor elektronikoa edo GEEZ (Gailu Elektriko eta Elektronikoen Zaborra) ingurumenerako erronka handienetarikoa bilakatu da. Big Dataren Aroan bete betean sartuta gaudenez, modu geldiezinean hazten ari den arazoa da.
Zabor Elektronikoaren Munduko Begiralea 2017aren arabera, 2016. urtean zabor elektronikoko 44,7 milioi tona metriko (MT) sortu ziren mundu osoan, hots, urte bakar batean 6,1 kilo biztanle bakoitzeko. 2014. urtean sortutako zabor elektronikoa biztanleko 5,8 kilokoa izan zen. Zabor horrekin guztiarekin urte bakar batean4.500 Eiffel Dorre eraiki daitezke.
Aurreikuspenek ez dute baikor izateko arrazoirik ematen. Izan ere, 2021. urtean zabor elektronikoaren kopurua 52,2 milioi tona metrikora iritsiko dela espero da, hots, 6,8 kilo biztanle bakoitzeko.
Zabor elektronikoaren hazkunde hori hainbat joeren emaitza da. Informazio-gizartearen zabalkunde azkarraren ezaugarri nagusietako bat erabiltzaile kopuruaren hazkundea da. Gainera, garapen bidean diren hainbat herrialdetan izan den errenta hazkundearekin, gero eta gehiago dira gailu elektronikoak erosteko gaitasuna duten pertsonak eta, ondorioz, zabor elektroniko gehiago sortzen da.
2017. urtean, munduko biztanleriaren erdiak Internet erabiltzen zuen eta munduko biztanleriaren ehuneko handi batek sareetarako eta zerbitzu mugikorretarako atzipena du. Askok, gainera, gailu bat baino gehiago dute eta horiek ordezkatzeko epeak gero eta laburragoak dira.
“Zabor Elektronikoaren Munduko Begiralea 2017” Nazio Batuetako Unibertsitateak (UNU), Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunak (UIT), eta Hondakin Solidoen Nazioarteko Elkarteak (ISWA) prestatzen duten txostena da. Dokumentu horren xedea da gero eta handiagoa den zabor elektronikoaren arazoaren inguruan ohartzea eta sentsibilizatzea.
Zer da zabor elektronikoa
Duela zenbait urtetik hona, gero eta gailu elektroniko eta elektriko gehiago erabiltzen ditugu gure egunerokotasunean. Gailu horien kontsumo masiboak ingurumena larriki kalte dezaketen hainbat hondakin toxiko sortzen ditu. Zabor edo txatarra elektronikoa da gaur egun ekologiak duen erronkarik handienetako bat.
Urtero zabor elektronikoko 44,7 miloi tona sortzen dira. Europan bakarrik biztanle bakoitzeko 16,6 kilo sortzen dira (12,3 tona metriko). Zabor elektronikoak sortzen ditugun hiri-hondakinen
% 5 inguru suposatzen du.
Gainera, gailu horien bizitza baliagarriaren zikloa gero eta laburragoa da. Estatu batuetan, Txinan eta Europar Batasuneko ekonomia garrantzitsuenetan gehien erabiltzen diren telefono adimentsuen batez besteko bizitza 1,5 edo 2 urtekoa da. Urtero ekoizten diren sakelako telefonoak, ordenagailu jasangarriak eta antzeko gailuak erabiltzen dituzten kargagailu guztien pisua milioi bat tonakoa dela kalkulatzen da.
Mundu osoan, urtero, 180 milioi ordenagailu inguru saltzen dira. Azken urteetan, eta azken teknologia izan beharraren izenean, terminalak sarritan ordezkatu beharraren ideia nagusitu da. Berdin dio terminal zaharrak ondo funtzionatzen duen ala ez.
Hondakin elektronikoek gizakion osasunarentzat eta ingurumenarentzat oso kaltegarriak diren osagaiak dituzte. Horien eragina nabariagoa da garapen-bidean diren herrialdeetan.
Ingurunerako eta osasunerako mehatxua
Gailu elektroniko gehienak ingurumenerako eta osasunerako kaltegarriak diren osagai txikiekin ekoizten dira: metal astunak, kadmioa, beruna, merkurioa… Gainera, euren ekoizpenean degradagarriak ez diren hainbat plastiko erabiltzen dira. Horrek lur-azpiko uren, ibaien, lakuen, itsasoaren eta eremu berdeen kutsadura areagotzen du.
Gehien kutsatzen duten elementuak txartel elektronikoak, hodi fluoreszenteak, ordenagailuak, inprimagailuak, bideo-kamerak, telebistak eta telefono mugikorrak dira. Kontsumo-produktu horien hondakinen birziklapena prozesu garestia eta kutsagarria da. Kontuan izan behar da horien ekoizpenean, gutxi gorabehera, tamaina txikiko 50 osagai baino gehiago erabili behar direla.
Adibidez, kobrea edo urrea bezalako osagai baliagarriak askatzeko egiten den erreketan toxina kutsagarriak askatzen dira. Sakelako telefono batek erabiltzen duen nikel-kadmio bateria batek 50.000 litro ur kutsa dezake eta telebista batek 80.000 litro ur kutsa dezake beruna eta fosforoa bezalako osagai metalikoekin. Aire girotuko gailu bat baztertzea oso kaltegarria da ingurumenarentzat ozono geruza txikitzen duten CFC gasak dituelako.
Zabor elektronikoa ingurumena ez ezik gizakion osasunarentzat ere oso kaltegarria da. Izan ere, zabor mota horrek akuiferoak, atmosfera eta zoruak kutsatzen ditu.
Esan bezala, zabor elektronikoaren eragina oso larria da garapen-bidean diren herrialdeetan. Izan ere, herrialde garatuetan sortzen den zabor elektronikoa, sarritan, herrialde horietara bidaltzen da. Han, oso baldintza kaxkarretan lan egiten duten langileek (batzuetan adingabeak eta haurrak) gailu horiek eraitsi egiten dituzte. Prozesu horretan, osagai kimiko toxiko asko eskuztatu behar dituzte eta horrek ondorio larriak izan ditzake: kalteak DNAn, minbizia edota gaixotasun kardiobaskularrak.
Lehengaien eralgiketa
Hurrengo hamarkadetan gero eta zabor elektroniko gehiago sortuko dela aurreikusten denez, Zabor Elektronikoaren Munduko Begiraleak gero eta gehiago birziklatzea eta gailu elektronikoen metaketa ekiditea gomendatzen du. Gomendio horren atzean, ingurumen-arrazoiak ez ezik, arrazoi ekonomikoak ere aurkitzen dira.
Egun sortzen diren 44,7 tona metriko zaborretik bakarrik 8,9 berreskuratzen dira, hots, zabor elektroniko guztiaren % 20 inguru. Zabor horretan oso baliagarriak diren osagaiak aurki daitezke: urrea, zilarra, kobrea, platinoa, paladioa eta abar. 2016an zabor elektronikotik berreskura zitezkeen osagaien balioa 55.000 milioi dolarrekoa zela kalkulatu zen. Txosten horren arabera, 2016an sortutako zabor elektroniko guztiaren % 4 zabortegietan geratu zen; % 76 (34,1 tona metriko inguru) erre egin ziren edo garapen-bidean diren herrialdeetako birziklapen-zentro irregularretan amaitu zuten.
ZER EGIN DEZAKEZU ZUK?
Zabor elektronikoaren kopurua murriztea guztion ardura da. Gure kontsumoak gailu horien ekoizpen-ereduan eragin handia duela jakin behar dugu.
Zenbait gomendio:
• Zure kontsumoa murriztu. Gaur egun, komunikazio gehiena kanal elektronikoetatik egiten da; zaila da ordenagailurik edo telefonorik gabe lan egitea. Hala ere, ez dugu zertan urtero gure telefonoa ordezkatu behar eta, are gutxiago, dugun gailua arazorik gabe funtzionatzen badu. Ordezkatzeak halabeharrezkoa izan beharko luke, ez nahiera baten ondorioa. Gailu bat erosten duzunean aukeratu batez besteko bizitza-ziklo luzeak dituzten gailuak.
• Osagai ekologikoagoak erabiltzen dituzten marken gailuak erosi.
• Gailu bat beharrezkoa ez dugunean saiatu berrerabilpen bat ematen.
• Zenbait ekoizlek zaharkituta geratu diren gailuak jasotzeko zerbitzuak eskaintzen dituzte.
• Gailu elektronikoak berrerabiltzen dituzten erakundeak daude. Erakunde horiek gailu zaharrak konpondu eta saltzen dituzte. Lortutako dirua proiektu jasangarriak finantzatzeko erabiltzen da.
• Badira osagai elektronikoak birziklatzeko berariazko puntu berdeak.