Joxe Iriarte Bikila / 2018-05-23 / 1023 hitz
Duela berrogeita hamar Euskal Herrian, diktadura kriminal baten pean bizi ginen; munduan zehar, borroka iraultzaileak, grebak, eta sozialismoarekiko atxikimendua hedatuz zihoazen. Hango eta hemengo lurraldeetan, iraultzaren satorrak bere burua agertzen zuen. Hori uste genuen behintzat. Egoera gogorra bezain zirraragarria, kilikagarria, emozioz eta itxaropenez josia zen.
Vietnamgo herri txiki bulartsuak Estatu Batuetako inperio erraldoiari aurre egiten zion, askapenerako gerrak bere abantaila morala zein militarra erakusten zuen. Estatu Batuetan, bakearen aldeko mugimenduak, eskubide zibilen aldekoak, beltzen erreboltak eta haien mutur erradikalenaren sonak -Malcolm Xrenak esate baterako- txundituta uzten gintuen. Pariseko maiatzeko loreek zorabio irudikor batera bultzatu gintuzten, eta Pragako udaberriak esperantzarik ematen zigun iraultza sozialista bideragarria izan zitekeela, giza itxurako sozialismo askatzaile eta herrikoia. Fenomeno horri, teoria kutsu sakona eman nahian, iraultza mundialaren hiru sektoreen konbergentzia dialektikoa deitzen genion batzuek. Zentzuk ziren sektore horiek?
Lehena. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Europa Mendebaldeko kapitalismoaren metropoliak izugarrizko garapen ekonomikoa eta egonkortasun soziala izatera heldu ziren. Bertako langileriak eta erdi-mailako geruza sozialek etekin material zein lorpen sozial ugari lortzen zituzten; erakunde sozialak oso sendo eta eratuta zeuden eta, egoera horietan ohi denez, erreformisten kontrolpean.
Horregatik, 1968ko gertaerek eztanda edo lurrikara sozial baten itxura hartu zuten mendebaldeko gizartean, ohiko egia biribilak kolokan jarriz gazteen artean batez ere. Nola eman zitekeen tamaina hartako errebolta, hain ondo bizi zen gazteria baten eskutik? Kontsumismoan itotako gazteriak bestelako baloreen falta sumatzen al zuen? Soziologoek idatzitako txosten marduletan honelako galderak luzatu ziren. Frantzian bertan, eztabaida filosofikoetan baino bere interesetan arduraturik zeuden ugazaba zein banka-gizonek izugarrizko dardara sentitu zuten euren bizkarrezurretan. Burgesiak, ikara, izua ezagutu zuen; asko eta asko, banketxeetatik dirua ateratzen saiatu ziren; beste batzuk atzerrira ihes egin zuten. Sekulako esperientzia zuen eta gaitasun handikoa zen presidentea bera ere, De Gaulle jenerala, une batez zer egin jakin gabe gelditu zen, Alemanian kantonaturiko dibisioak deitzeko asmotan ibili zelarik. Inongo zalantzarik gabe, botere-hutsunea sortu zen.
Ikasle-mugimendua izan zen errebolta hura piztu zuen zuzia, baina langileria ez zen atzean gelditu. Grebak eta lantegien okupazioak bandera gorriak ateetan ezarriz, Frantzia osora zabaldu ziren. Maiatzaren hamahiruan, milioitik gora langilez zein ikaslez osaturiko manifestaldi batek Pariseko kaleak bete zituen, eta polizia ez zen gai izan kaleak kontrolpean izateko. Unibertsitateko paretetan, mundu guztira zabaldu zen mezua idatzi zuten: “Errealistak izan gaitezen, ezinezkoa eska dezagun”. Eta Frantziaren atzetik, bolbora bezala, Italiara, Ingalaterrara… hedatuz joan zen gatazka soziala.
Eric Hobsbamn historiagileak dioen bezala: “68ko Maiatzak, garaitu ez bazuen ere, frogatu zuen ahal zela herrialde industrial garatu batean, bake, prosperitate eta itxurazko egonkortasun politiko egoeran, iraultza egitea”. Iraultzak zergatik ez zuen aurrera egin? Arrazoi asko eman ziren. Hala nola, Iraultza bultzatzeko sortu zen Partidu Komunista kontra azaldu zen eta saiatu zen sua itzaltzen. Bestaldetik, Paristik harago errebolta mugatuegia izan zen, eta horrek asko erraztu zion De Gaulleri egoera hozten hasi zenean “gehiengo isila” mobilizatzeko, hasieran manifestazio erraldoi baten bidez, ondoren hauteskundeak antolatuz. Ekaineko hauteskundeetan De Gaulle jeneralak irabazi zuen, eta desegonkortasuna iraun arren Iraultzaren sua itzaltzen joan zen.
Zer zegoen Iraultza horren sustraian? Unibertsitateko katedradunek, Ezkerreko zein eskuineko intelektual organikoek, errebolta eta borroka haien adierazpenaz eta zergatiaz iritzi ugari eta kontrajarriak plazaratu zituzten. Batzuen ustez, miseria eta langabeziarik ez zegoenez, arrazoi materialetan oinarritutako arazoa baino, bizimodu edo zibilizazio krisialdiari leporatzen zioten gertatutakoa; besteek, ordea, XIX. mendeko mugimendu erromantikoaren azken aztarnatzat jo zuten. Eta izan ziren, gertaera beste era batera ikusten zutenak ere, hots, gizarte kapitalista industrializatuak sortu dituen kontraesan berrietan, XXI. mendeko gizarte atariko nahikundeen aitzindari gisako asmo eta egitasmoak agertu bide zirela errebolta eta greba horietan.
Azken iritzi hau dut gustukoen. Izan ere, orainarekin baino etorkizunarekin zerikusirik duten mugimendu eta ideia berri asko (feminismo erradikala, eskola eta irakasle-ikasle harremanari kritika, ekologia, lurralde antolaketa, jarrera alternatiboak, disidentziaren fenomenoa) egoera horretan sortu ziren edo bere haziaz ernaldu. Honek ez du esan nahi ohiko asmo eta eskaerek indarrik izan ez zutenik. Tamaina horretako eztanda batean, oraina eta etorkizuna oso nahasiak egoten dira, gaur egun, alderantzizko egoera batean ematen den bezala. Honekin hauxe esan nahi dut, ene konbentzimendua dela, egoera horretan gertatutakoa ez dela soil soilik antzinatik zetorren ondorio emankorra, ezta ere ugaritasun-gizarteak sortutako diarrea edo betiko lasaigarria, gizarte burges honek eskatzen dituen aldaketa eta berriztapen sakonaren aldeko eztanda paradigmatikoa baizik, behin eta berriro adieraziko dena, noiz eta nola ez badakigu ere.
Bigarrena. Ekialdean, berriz, Bigarren Mundu Gerraren ostean hedatu eta finkatzen zen sistema, sozialismo erreala zeritzoguna zela. Estalinismoa zen bere euskarri ideologikoa, mendebaldeko alderdi komunista gehienek eredutzat zuten. Sistema hau kapitalismoarekin izankidego batera iritsi zen, bakoitza bere indar militarretan sustengatuz. Pragako Udaberriak, urte batzuk lehenago Jugoslaviako zismak agertutakoa, eta ondoren, Poloniako langileen borrokek adierazten zutena, sistemaren lehenengo artaziak eta pitzadurak baino ez ziren. Aspaldiko partez estalinismoak langile-mugimenduan zituen nagusitasuna eta eragina krisialdian sartzen dira, mendebaldeko alderdi komunistetan duda-mudak, eta zatiketak sortuz, eta gazteriarengan zuten eragina kolokan jarriz. Jakina, sistemaren lehen arrakalan izan ziren handik 20 urtera eztanda egitera eramango zutenak.
Txina urrunean eman zen Iraultza Kulturalak eta sobietarrekiko agertu zituzten konfrontazio ideologikoek gatza eta piperra eman zizkioten eztabaida ideologikoari. Alde batetik, kutsu estalinista zuten ideia eta jarrera tamalgarri askoren berpizkundea areagotu zutelako ezkerrean -purgak, ideia desberdinekiko intolerantzia, sektakeria, dogmakeria; gogora dezagun Liburu Gorriaren errezitaldi publikoak katekesia bailitzan-. Bestalde, ordea, Iraultza Kulturalaren astinaldiaren barnean zeuden zenbait asmo antiinperialistek eta pribilegio burokratikoen aurkako alde onuragarriek ezker ofiziala astindu zuten, ezker-muturra indartuz. Zoritxarrez, Maok Iraultza xaxatzetik zigortzera jauzi egin zuen eta Armada Gorriak amaitu zuen delako Iraultza Kulturala.
Txinakoa bai eboluzio harrigarria. Sobiet Batasuna desagertu ondoren Komunista izena duen baina zinetan izaera kapitalista, bigarren mundu potentzia bihurtu da.
Hirugarrena. Hirugarren Munduan, deskolonizazioak nazio askapenerako haizeak astintzen ditu, borroka horietako liderrek eta teorikoek gazteria liluratzen dutelarik. Frantz Fanonen idatziek esate baterako. Aljeriako gerrak Frantziako Estatuari galera handiak ekarri bazizkion ere, Tet-eko erasoaldiak EEBBei izugarrizko desprestigioa ekarri zion. “O! O! Ho Chi Min!” oihukatzen zen Pariseko kaleetan, eta Europako gazteria antiinperialista porrokatua bilakatzen ari zen, ez zuen izan nahi politika hiltzaile eta xurgatzaile baten konplizea. Hego Amerikan Kubako iraultzaren itzalpean, Che Guevarak aldarrikapena trikontinentala idatzi zuen: “bat, bi, hiru Vietnam sortu behar dira”.
Tupamaroak, Montoneroak, ERPkoak eta abarrak jada ez ziren oihanetako eta mendietako ohiko gerrillari bizardunak, urbanoak baizik. Mota desberdinetako estrategiak gizarte desberdinetako egoerei aurre egin nahian asmatzen eta dihardutenak dira. Bazirudien iraultza mundializazioaren bidetik zihoala.
Ezkerraren aldizkari batzuetan, Euskadi, Europako Kuba zela idatzi zen. Eta guk sinetsi egin genuen hala zela.