Asier Sarasua / 2018-05-12 / 544 hitz
Azkenaldian hegaztien inguruko albiste gehienak oso kezkagarriak dira, espezie eta populazio gehienek beheranzko joera bizkorra daukatelako azken urteotan (asteotakoak dira, esate baterako, 3 albiste hauek, antzandobien %95a desagertu dela EAEn, basoilo txikia ia-ia desagertu dela Euskal Herritik, edota urtean 600.000 enara gutxiago daudela Espainian).
Hala ere badaude egoera kezkagarri horretan euren populazioak eta eremu geografikoak zabaltzen dituzten espezieak. Adibiderik aipagarriena okil beltzarena da, gu gazte ginela Pirinioetan bakarrik ikusten genuena, eta orain egun batzuk Eibarren bertan aurkitu duguna!
Okil beltzaren zabaltze harrigarria
Orain hamarkada gutxi batzuk arte okil beltza (Dryocopus martius) mendi garaietako espeziea zen gure inguruan, 2 populazio bereizi zituelarik, Pirinioetakoa eta Europako Mendietakoa. Zuberoa eta Nafarroara joan beharra genuen hegazti hau ikusteko. 1985eko EAEko atlasean diote (hemen lana PDFan) bere presentzia Gipuzkoan anekdotikoa dela (Aralarreko baso batean behin ikusia). Eta ez dago beste zitarik Bizkaian eta Araban.
Harrezkero, baina, eremua zabalduz joan da eta azken urteotan izugarrizko hedapena izan du, naturan gutxitan ikusten den horietakoa. Aralarretik barrena Gipuzkoara zabaltzen hasi zen lehenengo, mendirik mendi eta basorik baso (2001eko Gipuzkoako Atlasean 4 kuadrikulatan aipatzen da, Leitzaranen eta Aralarren). Arabarantz hedatu zen ondoren, eta azken urteotan Bizkaian ere gero eta ohikoago bilakatu da. 1985ean EAEn anekdotikoa izatetik, 2013an 39 kuadrikulatan aurkitu zuten (“Black woodpecker Dryocopus martius recent range expansion leads to the coalescence of the two former distribution areas in northern Spain“, PDF). 2013ko albiste honek ere ondo azaltzen du hedatze-fase hori (Itsasenara Elkartearen blogean).
2013ko mapa, Gainzarain eta Fernández-García. Bi populazio historikoen artean (Europako Mendietakoa eta Pirinioetakoa) zubi-lana egiten duten hainbat lurralde hasi da okupatzen okil beltza, gehienbat Gipuzkoa eta Arabako mendilerroetan.
2013tik hona izan duen hedatzea are bizkorragoa da. Gehienetan pinadi eta pagadi helduei lotuta hedatzen da, baina badirudi bere behar ekologikoak ez direla uste genuena bezain zorrotzak (edo ondo egokitu dela azkenaldian “utzita” dauden pinu landaketetara) eta apurka-apurka ia-ia eskualde guztietara ari da zabaltzen.
Mendilerro nagusietan ohiko bilakatu da (Aralar, Aiako Harriak, Aizkorri-Aratz parkea, Arabako mendilerroak, Urkiolako parke naturala…), eta dagoeneko kostalderantz ere zabaldu du bere eremua. Donostian edo Baionan bertan ikusi dute, esate baterako, eta ezaguna da Bilbo ondoko okil bikote honen istorioa, txorizaleek bere ibilerak zuzenean jarraitu ondoren ehiztari batzuek kumatze-garaian erahila. Euskal Herrian ez ezik, inguruko lurraldeetan ere antzekoa izan da zabalkundea, bai Burgosen zein Landetan.
Zabalkunde bizkor hori ederto irudikatzen du Ornitho.eus webgunean jasotako datu bildumak: dagoeneko EAEko 70 kuadrikula ingurutan daude behaketak.
Okil beltzaren presentzia EAEn Ornitho.eus webgunearen arabera (2018ko maiatzean).
Ez daukat datu zehatzik, baina esango nuke Nafarroa hegoalde idorra, Arabako lautada eta Errioxa, eta Aturri inguruko eremu lauak direla okil beltzik gabeko lurralde bakarrak gaur egun Euskal Herrian (ikus banaketa orokorra eBird-en datuen arabera). Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldeko eskualdeetan ere falta zen orain gutxira arte (pagadi gutxi, inguru industrializatu eta humanizatua…), baina hor ere gero eta arruntagoak dira behaketak. Esate baterako, Eibar moduko ingurune txiro eta industrializatuan!
Okil beltza Eibarren lehenengoz
Eibartik gertuen Debagoieneko eta Durangaldeko aipamenak genituen orain gutxira arte. Urkiolatik jaitsita, Mallabian ere ikusi izan da azken urtean, besteak beste.
Eta hara non, duela pare bat aste Eibarren ere agertu den. J.M. Altuna txorizaleak 2 ale aurkitu zituen apirilaren 21ean Unbe gaineko basoetan, Galdaramiñoko maldetan. Biharamunean igo nintzen ni ere, eta hantxe zegoen okil bikotea, pinudi txiki batean.
Hara ba albiste pozgarria! Orain dela 20 urte ezta amestu ere egingo ez genuena: Pirinioetako okil beltz ederra Eibarko mendietan! Ongi etorri laguna!