Nerea Segura / 2018-05-31 / 283 hitz
Karbohidrato, gantz, proteinak eta plastikoak jaten ditugu, egunero. Plastikoaren aroan bizi gara. Material xaflakorra da eta pisu arinekoa; gainera, kostu baxua du. Abantailak jakinak izan dira teknologiaren iraultzan. Arazoa non dago? Arduragabeko erabileran.
Elikadurari dagokionez, gehiegi erabiltzen da: erosteko poltsak, produktuen bilgarriak eta etiketak, ur-botilak, tapoiak, lastotxoak, film plastikoa… adibide gutxi batzuk dira. Jaten dugun plater bakoitzeko 100 partikula plastiko jaten ditugu eta 18 partikula ur litro bakoitzeko. Erronka bikoitza proposatuko dizuet: 1) erosketak egitean eraman potoak edo oihalezko poltsak pisura erosteko; 2) hondartzara edo mendira zoazenero, jaso bizpahiru plastiko-hondar eta bota itzazu edukiontzi egokira. Eman zaplastekoa plastikoari! #plastplastikoari. ( ikus irudia )
Munduan zehar, minuturo, zabor kamioi bat husten da itsasoan, eta zaborraren zati handi bat plastikoa da). Suntsiezina izateko sortuta izan arren, polimeroak mikroplastikoetan zatikatzen dira eta bazka-sarera igarotzen dira. Plisti-plasta plastikoen artean, arrainak dira kaltedunak, arnasterakoan eta elikatzerakoan zuzenean metatzen dituztelako. Eta bueltan, guk gure hondarrak jaten ditugu. Baina hartzen duguneko gehiena, airetik gure platerara doa zuzenean: 100 partikula plater bakoitzeko eta 18 partikula ur litro bakoitzeko. Europako txorrotako uraren % 70 kutsatuta dago, baina hura saihesteko botilaratuta erostea ironikoa litzateke. Erabilera bakarreko botilak, 500 urte behar dituzte deskonposatzeko; tapoiak betirako diren bitartean. Greenpeace-datuen arabera, edukiontzietara bota arren, % 15a soilik birziklatzen da; % 45 erretzen da eta soberakoa, zabortegi eta itsasoetan bukatzen du.
Elikadura-ontzietako plastiko erabilera ere zalantzan jarri da . Estaldura denon ahotan bukatzen du. BAT, zuzeneko kontaktuan, elikagaia ontzi barruan berotzean. BI, iraupen luzeko kontaktuan, kontserbazio epe luzea duten elikagaietan. Eta HIRU, koipetsu eta prozesatutako produktuetan; gordin eta izoztutako janarietan ez bezala. Bestalde, ontzietako jatorridun kimikoak (toxikoak) jaten ditugu: kola (lekeda), metalak, bisfenol A (BPA), ftalatoak, koloratzeko tinduak… Hala ere, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera, intoxikazio zorrotzik jasatzeko arriskurik ez dago; baina epe luzerako efektuak aztertzen ari dira: minbizia, emankortasun-galera, esaterako.