Jon Torner Zabala / 2018-05-24 / 275 hitz
San Antonio Spurs saskibaloi frankiziak erabaki du Silver Dancers emakumezkoen animatzaile taldea kentzea, eta sortzea familia osoari zuzendutako ikuskizunak eskainiko dituen talde mistoa. Erabakia, NBA ligako klub batek lehenbizikoz hartua, kokatzen da #MeToo kanpainaren testuinguruan, zeina sortu zen AEBetako zinemaren sektoreko hainbat emakumek salatu zutenean sexu abusuak sufritu dituztela. Spurseko ordezkarien hitzetan, zaleen artean nahikoa interes pizten ez zuelako kendu dute animatzaile taldea.
Beste kasu batzuetan gertatu den bezala, auto lasterketetako azafaten auzian esaterako, erabakiak eztabaida piztu du, ez soilik interes falta dagoela zalantzan jarri duelako hainbatek; baita erabaki horrek “emakumeen aurka” egiten omen duelako, lanpostua kentzen zaien heinean. Erabaki horren atzean “purga”-ren presioa dagoela ere adierazi dute batzuek, Orlando Sentinel egunkariko David Whitley kazetariak adibidez.
Beste aldean leudeke, animatzaileen rola baino, rol hori betetzeko modua/janzkera auzitan jarri dituztenak eta, neurri batean bat egiten dutenak F1eko azafaten inguruko artikuluan nabarmentzen genuen proposamenarekin: soluzioa ez da azafata/animatzaileak errotik kentzea, haien lan moldea berplanteatzea baizik; eta, kasu honetan, haien profila anitzagoa bilakatzea.
NFLko animatzaileen salaketak
Hilaren hasieran, NFLko Washington Redskins taldeko animatzaile batzuek salatu zuten Costa Ricara egindako bidaia batean “behartu” zituztela argazki batzuetarako erdi-biluzik posatzea (babesleetako ordezkarien –denak gizonak– begiradapean), eta gaueko “txangoetan” gizon horiek laguntzea.
Beste jite bateko salaketa jarri zuen New Orleans Saints taldeko animatzaile batek, klubak zigortu zuenean sare sozialetan bere argazki bat plazaratzeagatik (lentzeria pieza bat soinean, zeina taldeko politikaren aurka dagoen), baita, taldeko jokalariak zeuden festa batean parte hartzeagatik. “Diskriminazioa” salatu zuen, besteren artean, NFLko jokalariek ez dutelako araurik animatzaileei dagokienez, eta, aldiz, animatzaileek jokalariak agurtu ditzaketelako soilik “kaixo” edota “jokaldi ona” moduko hitzekin. Halaber, animatzaile bat jatetxe batean baldin badago eta jokalari bat sartzen bada, jatetxetik alde egin beharra dauka.