Edurne Elizondo / 2018-06-01 / 566 hitz
Botoia sakatuz gero, ez dago atzera egiteko aukerarik”. Horixe erran du Bego Zestauk, sare sozialen bidez zabaltzen diren zurrumurruei buruz. Zaska sareko kide da Zestau, bertze hamaika norbanakorekin, gizarte talderekin eta erakunderekin batera. Migratzaileen inguruan zabaltzen diren zurrumurruen aurka egitea hartu dute helburu, zurrumurru horien atzean dauden estereotipoak eta aurreiritziak agerian uzteko asmoz. Duela bi urte osatu zuten sarea, eta orain arte barne lana egiten aritu dira kideak, formakuntza jasotzen eta trebatzen alegia. Herritarren artean gogoeta piztu nahi dute. “Pentsaraztea da kontua, zurrumurrua sare sozialetan zabalduko duen botoia sakatu baino lehen”.
Migratzaileek eskuratzen dituztela diru laguntza guztiak. Kanpotik etortzen direnek lana kentzen dietela hemengoei. Bi horiek dira gizartean zabaldutako eta errotutako zurrumurru nagusietako bi. “Ez dira egia, errealitatea distortsionatu egiten dute halako zurrumurruek, baina erruz zabaltzen dira, eta zaila da haiei aurre egitea. Elkarbizitzari eragiten diote, txarrerako”, nabarmendu du Zestauk.
Horren adibide da azken asteotan Tuteran gertatu dena. Whatsapp bidez zabaldu da herritarren artean Tuterako Udalak erosketetan gastatu dutena itzultzen diela migratzaileei, ordain agiria erakutsiz gero. Tuterako Gizarte Ongizate zinegotziak berak gezurtatu du mezu horretan jasotakoa, eta argi utzi du laguntzak errentaren arabera banatzen dituztela, batetik, eta, bertzetik, jatekoa erosteko laguntzak, zehazki, diru sarrerarik eta bermatutako errentarik ez dutenentzat direla; egunean, bi euro.
“Helburua ez da, zehazki, zurrumurruak dioena agerian uztea edo gezurtatzea, askotan zaila izaten delako, eta jendeak barneratuak dituelako; helburua da, batez ere, zurrumurruak isilaraztea, zalantza bat sortzea zurrumurru hori botatzen duenarengan”, nabarmendu du Zestauk.
Azken bi urteotan egindako formakuntza saioetan, hain zuzen ere, zurrumurruei aurre egiteko estrategiak ikasi dituzte Zaska sareko kideek, “ahalik eta eraginkorren” izateko xede nagusiarekin. “Ikasi dugu kontua ez dela datu hutsak emanez erantzutea zurrumurruei; kontua dela gogoeta piztea, eta, batez ere, zurrumurruek zabaldu nahi duten diskurtso baztertzailearen aurrean bestelako diskurtso alternatibo eta positiboak hedatzea”.
Saioak udalekin
Gizarte eragileekin eta gobernuz kanpoko erakundeekin batera, hainbat erakunde publikok osatu dute Zaska sarea. Taldean egin dute bat, adibidez, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Sakanako Mankomunitateak. Formakuntza jaso eta gero, formakuntza eskaintzen hasi dira Zaskako kideak, eta saioak egin dituzte hainbat udaletan, bertzeak bertze.
Sakanako Mankomunitateko Anitzartean zerbitzuan ari da Zestau, eta erakunde horretan NUPeko profesionalekin batera egindako saioak nabarmendu ditu Zaskako kideak, adibidez. Herritarrekin eztabaida saioak antolatu zituzten, jatorriz bertakoak direnekin eta kanpotik ailegatutakoekin, migratzaileen inguruko zurrumurruak identifikatu ahal izateko. “NUPeko kideek, gainera, tresna informatiko bat prestatu dute, hemendik aurrera ere zurrumurruak antzemateko, eta haiei buruzko informazioa jaso eta gero, haiei bideratzeko, landu ahal izateko”.
Zestauk argi eta garbi erran du zurrumurruen atzean zer dagoen: “Arrazakeria, xenofobia, bai eta aporofobia ere”. Halako mezuak zabaltzeko orduan, sare sozialekin batera hedabideek duten ardura eta rola jarri ditu Zestauk mahai gainean. Hedabideetan, adibidez, kargu edo ardura zehatza duen pertsona batek har dezake hitza, eta zurrumurru bat zabaldu. “Zurrumurruak duen sinesgarritasunarekin lotuta dago nork eta non esaten duen, hain zuzen ere”.
Zestauk erantsi du zurrumurrua bota edo zabaltzen duenarekin jasotzen duenak duen harremanak ere baduela eragina mezuari ematen zaion sinesgarritasuna zehazterakoan. “Lagun batek esaten duenean, gainera, zailagoa izan daiteke guretzat haren aurka egitea”. Horrek ez du erran nahi, ordea, aurka egin behar ez zaionik. “Eraginkor izateko estrategiak bilatu behar ditugu kasuan kasurako; bestea haserre badago, agian hobe da momentuan deus ez esatea; beste batzuetan umorea erabil dezakegu mezu baten atzean dauden aurreiritziak agerian uzteko”.
Ikasten jarraitzeko beharra nabarmendu du Zestauk, bai eta Zaska sarea zabaltzen joatekoa ere. “Finean, hemen garen guztiok dugu helburu bera: ongi bizi nahi dugu, duintasunez, besterik ez”. Eta hori ez da zurrumurru bat.