Gazteberri / 2018-08-30 / 1010 hitz
Meteorologiaren Mundu Erakundeak azaldu duenez, berealdiko eguraldiaren ondorioz, tenperatura errekorrak, bero-boladak, lehorteak eta uholde-prezipitazioak barne, sute suntsitzaileak eratorri dira. Berotegi-efektuko gasek eragindako klima-aldaketaren ondorioak dira. Bitartean, Donald Trumpek azaldu duenez, baso-suteak ekiditeko modurik egokiena zuhaitzak moztea da.
Aurten, Europan eta, oro har, ipar-hemisferio osoan, ohiz kanpoko uda izaten ari gara, baina, apika, horrelako udak izatera ohitzen hasi beharko dugu. Iberiar penintsulan udako lehen bero-bolada hil honen hasieran izan bada ere, Europako iparraldeko herrialdeetan hainbat astez tenperatura altuen gogortasuna pairatu behar izan dute ohikoak baino askoz altuagoak diren tenperaturekin.
Bero-boladekin batera, gainera, baso-sute suntsitzaileak ere jasan behar izan dituzte eta, horien ondorioz, hainbat pertsona hilik suertatu dira: Suedia, Japonia, Letonia, Grezia, Kalifornia edo Kanada ditugu, adibidez, horien adibide esanguratsuenak. Greenpeace erakundeak salatu duenez, “fenomeno global baten aurrean gaude”. Muturreko fenomeno meteorologikoen zabalkundeak “klima-aldaketa global baten inguruko aurreikuspenak benetakoak direla egiaztatzen du” azaldu du Greenpeaceko nazioarteko zuzendari Bunny McMaidek.
Pasa den urtean bero-boladak, lehorteak eta baso-sute suntsitzaileen ugaritzea, nagusiki, iberiar penintsulan eman baziren ere (Portugal, Galiza…), aurten, Europari dagokionez behintzat, kontinentearen iparraldean eta ekialdean kokatu behar da arreta. Izan ere, han aurkituko ditugu, Meteorologiaren Mundu Erakundeak (MME)azaldu duen moduan, luzaroko bero-bolada baten ondorioz sortutako suterik garrantzitsuenak.
“Bero-bolada suntsitzaile horien barreiatze globalaren faktore nagusia klima-aldaketa dugu eta, gainera, kontuan hartu behar dugu, berotze-maila ez dela bere puntu nagusira iritsi” baieztatu du McMaidek. Klima-aldaketaren inguruko Adituen Gobernuarteko Taldeak jakinarazi duenez, aurten Grezian edo Kalifornian izan diren edo iaz Portugalen izan ziren proportzio handiko suteak luzaroko bero-bolada zorrotzen ondorio dira.
Tenperaturek Parisko Hitzarmenean zehaztutako 1,5 edo 2 gradutako helburutik gora egingo balute, bero-boladak, lehorteak, suteak eta uholde-euriak areagotuko lirateke. Horregatik, Greenpeacek azpimarratzen duenez, ezinbestekoa da, inoiz baino gehiago, klima-aldaketa kontrolatzea suteek eragindako heriotzak eta etorkizunean izan daitezkeen muturreko fenomeno meteorologikoak ekiditeko. Ekologisten ustez, irtenbidea, nahi eta nahi ez, erregai fosilen erabilerari iraungitze-data jartzetik pasatuko litzateke. Horretarako, noski, % 100ean berriztagarria den sistema energetiko bat garatu beharko litzateke.
Hala ere, AEBko presidente Donald Trumpek badu bestelako teoria bat. Bere ustez, Kalifornia erraustu duten baso-suteak Estatu horretan diren ingurumen legeen ondorio lirateke. Ohi duen bezala, Trumpek Twitter erabili zuen honako hau azaltzeko: “Kaliforniako baso-suteak handiesten eta okerreratzen ari dira bertan diren lege desegokien ondorioz. Lege horiek ez dute baimentzen ur kantitate handien erabilera zuzena. Ozeano Bareradesbideratzen ari dira ura. Aldi berean, suteen zabalkundea ekiditeko, zuhaitz gehiago moztu behar dira!”. Beraz, Trumpen ustez, baso-suteen arazoa da zuhaitz gehiegi daudela eta horiek amatatzen ez badira, ibaietako ura ozeanoan itsasoratzen delako da.
Urte beroenetako bat
Dena den, errealitatea nahiko burugogorra izaten da eta MMEak behin eta berriro azaldu duenez, muturreko eguraldiaren ondorioz, tenperatura errekorrak, bero-boladak, lehorteak eta uholde-prezipitazioak barne, sute suntsitzaileak eratorri dira. Kontuan izan behar da aurtengo maiatza oso lehorra eta beroa izan dela. Horrela, 2018 erregistratuta dauden urte beroenetako bat izaten ari da, betiere, MMEren datuen arabera. Erakunde horretako idazkariorde orokorra den Elenea Manaenkovak azaldu duenez, egoera hori “berotegi-efektuko gasen ondorioz ematen ari den klima-aldaketaren eraginez espero zitezkeen emaitzekin bat dator. Ez gara etorkizunean izango den egoeraz ari; orain gertatzen ari da”.
New Yorken den NASAren Espazioaren Ikerketarako Goddard Institutuak azaldu duenez, maila globalean, pasa den ekaina azken 138 urteetako hirugarren ekainik beroena izan da. Lehen bi postuetan, 2015eko eta 2016eko ekainak aurkituko lirateke. Era berean, aurtengo maiatza erregistraturik dagoen maiatzik beroena izan da Europan. Erresuma Batuko Oxford Unibertsitateko ikerketa talde batek ere anomalia horiek guztiak klima-aldaketaren ondorio direla azaltzen du.
Europako iparraldeko herrialdeetan ekainean eta uztailean izan den bero-bolada dela eta, eskandinaviar herrialdeetan urteko sasoi honetan ohikoak diren tenperaturak hamar gradutan gainditu dituzte. Zirkulu polar artikoan, adibidez, 30 gradutik gorako tenperaturak erregistratu dira eta Siberian, berriz, 40 gradutik gorakoak.Laponia bezalako lurralde hotz eta elurtuan, adibidez, 33 graduko tenperaturara iritsi dira eta Norvegiakoiparraldean ere 30 graduko langa gainditu dute. Horrela, pasa den uztailaren 18 gauean, Norvegiako iparraldean gutxieneko tenperatura ez zen 25 gradutatik behera jaitsi.
Iparraldeko herrialdeek pairatu duten muturreko tenperaturak direla eta, maiatzean hasi zen lehortea luzatuko da eta horrek eragin zuzena izango du nekazaritzan eta etorkizunean izan daitezkeen suteetan.
Suediako Meteorologia eta Hidrologia Institutuak baieztatu duenez, aurtengoa izan da azken ehun urteetan herrialdeak izan duen urterik lehorrena. Momentuz, erregistratuta dauden prezipitazioak ohikoak baino zazpi aldiz baxuagoak dira eta ibaietako zein lakuetako emariak ahultzen hasiak dira.
Erresuma Batuan ere bero-boladaren ondorioak pairatzen ari dira. Erresuma Batuko Meteorologia Zerbitzu Nazionalak zabaldu dituen argazkietan ikus daitekeen moduan, Britainia Handiko ohiko kolore berdea desagertu da azken hilabeteetan izan den euri falta dela eta.
Europatik kanpo, Japonian eta Hego-Korean ere muturreko tenperaturak pairatzen ari dira. Japonian bakarrik 80 baino gehiago dira uztaileko tenperatura altuen eraginez hil diren pertsonak. Tokiotik 65 kilometrora dagoenKumagaya hirian 41 gradutik gorako tenperaturak erregistratu dituzte.
Suteak zirkulu polarrean
Ikus daitekeen bezala, badirudi klima-aldaketa dela eta orain arte ezezagunak ziren fenomenoak gertatzen ari direla. Adibidez, eta Meteorologia Mundu Erakundeak ezagutzera eman duenez, uda honetan Suedia erraustu duten suteek eragindako kea espaziotik ikus zitekeen. Suedia bezalako herrialde batean ez daude ohituta horrelako suteak izatera, baina aurten 70 sute baino gehiago izan dituzte eta, ondorioz, beste hainbat herrialderen laguntza eskatu behar izan dute. Suterik handienek 20.000 hektarea baino gehiago erraustu dituzte.
Bartzelonako Unibertsitateak egin duen ikerketa baten arabera (pasa den urteko martxoko Scientific Reportsaldizkarian argitaratu zena) planetaren berotzeak udako lehorteak ugaritu ditu eta, ondorioz, gero eta arruntagoak izango dira sasoi horretan izango diren baso-suteak. Horren adibide garbia dugu, adibidez, iaz Portugalen jazotakoa edo aurten bertan Grezian gertatutakoa. Ikerketa horrek ondorioztatzen duenez, harreman estatistiko zuzena dago lehorte eta suteen artean, hots, lehortea pairatzen duten eskualdeetan sute gehiago izan ohi dira. Orain arte, harreman hori ez zen hain garbia.
Gauzak horrela, badirudi udako baso-suteen arriskua nabarmen haziko dela datozen urteetan. Klima-baldintzek sute horiek ekiditeko esfortzuak gaindituko dituzte eta egun sute horiek kudeatzeko diren egiturak motz gera daitezke.
Eta itsasoan zer?
MMEren arabera, tenperaturen hazkundeak ondorio hondatzaileak ditu ozeanoetan eta eragin zuzena ekaitz tropikaletan. Horrela, tenperatura igoera idorrean nabaritzen badugu ere, kalteak nabarmenagoak dira itsasoan. Izan ere, ozeanoek berotegi-efektuko gasek eragindako gehiegizko tenperaturaren % 90 inguru hartzen dute bere gain. Aldi berean, atmosferara isurtzen den karbono dioxidoaren laurden bat xurgatzen du.
Tenperatura igoera dela eta, ekaitz tropikalen intentsitatea areagotu da, besteak beste, itsasoak metatzen duen beroak energia gehiago ematen dielako ekaitz horiei. Beraz, uda ondoren, iaz ziren ekaitz eta urakan izugarriak errepikatuko direla aurre ikusten dute adituek.