Edana eta tabakoa behera doaz

Amaia Ramirez de Okariz / 2018-09-27 / 597 hitz

Jaurlaritzak adikzioen gaineko inkesta aurkeztu du. Asteburuetako alkohol kontsumoak lehengoan jarraitzen du. Psikofarmakoen eta jokoaren kontsumoan gorakada egon da. 


Alkohola eta tabakoa dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleek gehien kontsumitzen dituzten substantzia adiktiboak; kontsumoak, ordea, behera egin du azken bost urteetan. Atzo goizean aurkeztu zituzten Adikzioen gaineko inkesta. Euskadi 2017 inkestaren emaitzak Eusko Jaurlaritzan, Gasteizen. Substantzia legezkoen eta legez kanpokoen, jokoaren, eta Interneteko jardueren kontsumoak ikertu dituzte, 15 eta 74 urte bitartekoen artean eta genero ikuspegia kontuan hartuta. «Emaitza hobeagoak eta zehatzagoak» lortzeko helburuarekin, ikerketa bost urtean behin egingo da hemendik aurrera; 1992tik 2012ra arte bi urtetik behin egin izan da. Jon Darpon Osasun sailburuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan adikzioei aurre egiteko ezinbesteko tresna da ikerketa: «Neurriak eta ekintzak diseinatzeko».

Alkoholaren kontsumoa jaitsi egin da. Lanegunetan edaten ez duten biztanleen kopuruak gora egin du, eta gehiegizko kontsumoa dutenenak, behera. Nabarmendu behar da 15 eta 34 adin tartean astegunetan kalean edaten dutenen kopurua ere jaitsi egin dela, lehen aldiz; hala ere, asteburuetako zifrek orain bost urtekoen pareko jarraitzen dute. Horren harira, Darponek onartu du datuak «kezkagarriak» direla, eta gazteekin lan egin beharra dagoela: «Gazteei kasu egin beharra dago; kaleko edanaren kontsumoa jaitsi egin behar da».

Tabakoari dagokionez, 2012tik lau puntu jaitsi da kontsumoa. Erretzaile kopurua ez ezik, egunero erretzen dituzten zigarroen kopuruak ere behera egin du; erretzaile ez direnen kopurua %75,3 da jadanik. Azken 25 urteetako prebalentzia apalena da. Gizonezkoetan, 45 eta 74 urte bitartean kontsumitzen da tabako gehien; emakumezkoetan, berriz, 15 eta 44 urte bitartean. Estreinakoz, gainera, zigarro elektronikoaren kontsumoa ere ikertu da; herritarren %6k kontsumitzen dute.

Legez kanpoko substantzien eta psikofarmakoen emaitzak bestelakoak dira. Gehiago kontsumitzen dira. Osasun sailburuak esan duenez, kalamua da oraindik ere EAEn gehien kontsumitzen den legez kanpoko substantzia; ondotik, kokaina da gehien hartzen den droga. Gizonezkoek kontsumitzen dute gehien; 18 eta 19 urte bitartean hasten dira. Hala ere, «datuak krisiaren aurreko zenbakietatik urrun» daudela esan du Darponek. Psikofarmakoen kontsumoa ere geroz eta nabariagoa da; gainera, aurreko datuekin alderatuz gero, emakumeek gizonezkoek baino gehiago kontsumitzen dituzte. Gizonak gailentzen dira gainerako kontsumoetan; adinekoen artean, gainera, kontsumo diferentzia «bereziki» handia dela azaldu du Osasun sailburuak.

Bada bestelakorik ere. «Lehentasuna tabakoak eta alkoholak izan arren, nagusiki jokoan eta Interneten jarri beharra dago arreta; areagotuz doa», azaldu du Miren Dorronsoro Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak. Izan ere, azken bost urteetako datuak aztertuz gero, jokoak gero eta presentzia handiagoa du adikzioetan; inkestaren arabera, herritarren %25,7k jokatzen dute astero loterian eta apustuetan. Kirol jokoak ere poliki-poliki igotzen ari dira, batik bat gizonezkoetan; gainera, 2012tik gehien hazi diren adikzioak dira. «Gizonen jokorako adikzioa emakumeena halako hiru izan da 2017an; adin ertainekoak eta gazteak dira nagusi», azaldu du Darponek.

Eguneroko jardunean Internet ohikoa da, eta ikerketaren emaitzek ere horixe baieztatu dute. Erabiltzaileen kopurua 12,2 puntu igo da azken bost urteetan; beraz, geroz eta jende gehiagok erabiltzen du sarea. Herritarren %15 besterik ez da geratzen hortik kanpo. Hala ere, Interneten arrisku erabilera edo erabilera problematikoa erakusten duten biztanleen portzentajea apalagoa da: %5. Beraz, Darponek modu positiboan hartu ditu datuak. Emakumeen artean Interneten erabilera arriskutsuagoa izateko joera handiagoa dela ikusi dute ikerketan.

Prebentzio kanpainak 

Datuak aurreko urteetan baino hobeak izan arren, adikzioak eragozteko lan egin behar dela azaldu du Osasun sailburuak. «Adikzioek dakarten erronka garrantzitsuari aurre egiteko, prebentziora bideratuta dagoen Adikzioen eta Droga Mendekotasunen Gaineko Arreta Integralari buruzko legea dugu», azaldu du. Adikzioei buruzko Euskadiko VII. Plana ere badu Eusko Jaurlaritzak, eta 50 ekintza biltzen ditu. Jaurlaritzak propio alorrerako onetsiak dituen lege eta planez gain, baina, badira bestelako programak ere. Osakidetzak lehen mailako zerbitzuak eta tratamenduak eskaintzen ditu; aldundiek eta udalek, berriz, proiektu askotarikoak dituzte. Hezkuntza esparruan, esaterako, Kerik gabeko gazteak edota Adingabeak eta alkohola deituriko programen barruan ikasle askok hartu izan dute parte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.