Aitor Moro / 2018-10-19 / 590 hitz
Tipo bat ikusten duzu kalean 50.000€ balio duen BMW batean. Beste tipo bat ikusten duzu, 10.000€ balio duen Dacia batean. Nor uste duzu dela aberatsago? BMW duena, pentsatuko duzu. Ondo. Agian, 40.000€ “aberatsago” da?
Baina orain, datu gehiago ezagutuko ditugu.
BMWdunak, autoa erosi ahal izateko, aurreztuta zuen 10.000€ ordaindu zuen. Gainontzekoa (40.000€) lortzeko mailegu bat eskatu zuen. Orain, hilabetero, 500€ ordaintzen du. 7 urte eta erdi egon beharko da hilabetero 500€ ordainduz. Dacia autoa duenak, ordea, 10.000€ak ordaindu zituen behin. Bi pertsonek, BMWa duenak eta Dacia duenak, 2.000€ irabazten dute. Biak bizi dira auzo berean eta aldi berean hasi ziren lanean.
Orain, galdera errepikatuko dut. Nor da aberatsago? Ba, datu hauek ikusita, esan dezakegu BMW duenak ondare handiagoa duela. Hau da, mailegua eskatuz bere ondarea handitu du, baina zorra bereganatuz. Baina zor hori “ikusarazi” egiten du ondasun batez (ondasun bat=un bien) .
Baina, aberastasuna erlatiboa da. Hau da, beste norbaitek hurrengoa pentsa dezake: niretzat aberastasuna ez da gauzatzen elementu materialetan edo aberats-itxura ematen. Niretzat aberastasuna “lasaitasuna” da. Alegia, zor bat ez edukitzea eta horrek eragiten duen presioa. BMWdunak egunen batean lana galtzen badu edo bere diru iturria jaisten bada, agian, BMWa saldu beharko du. Ez du 50.000€an salduko (autoek oso azkar galtzen dute balioa), beraz, estu ibili daiteke eskuratutako zorra itzuli ahal izateko.
Pentsaera hau erabat zabaldua dago. Hots, gizarte kontsumistan, etengabe kontsumitzea eta kontsumo materiala besteei ikusaraztea, ondo ikusia dago. Are gehiago, kasu askotan, auto dotorea ez badaramagu, lotsatu egiten gara.
Baina, aberastasunaren zati handi bat zorren bidez lortzen da. Hau da, aurrerago lortuko duzun diruaren zati bat “aurreratu” egiten duzu, orain erosi ahal izateko. Negozio bat jarri ahal izateko edo ikasketak ordaintzeko bada, zor hori “garatu ahal izateko” zorra deitzen da. “Kontsumitu ahal izateko” zorra, ordea, ez da ezinbestekoa. Gehiegizko kontsumismo baten ondorioa da. Eta gizartean, ez dugu askotan ikuspegi hau planteatzen. Kanpotik ikusten dugunaren arabera, irudiagatik baloratzen dugu.
Pobrezia erlatiboa
Imajinatu Afrikan, Senegalen, 1950 urtean bizi den pertsona bat, Mamadou. Abeltzaina da eta 5 behi ditu. Bere herrian bizi da eta bere herrian tipo aberatsena da, behi gehien dituena delako. Egun batean, gizon europear bat agertzen da herrian. Land Rover batekin agertzen da. Safari arropa darama eta hainbat tramankulu. Europear hori gizon arrunta da bere herrian. Soldata arrunta jasotzen du. Baina Senegaleko herri hartan, aberatsena da.
Gizon horrek daraman Land Rover-ra zaharra da. Horregatik, Europara bueltatzean, Mamadou-ri oparitzea erabakitzen du. Mamadou oso pozik dago eta baita europarra ere, ekintza polita egin duela pentsatzen duelako. Momentu horretan, Mamadou herriko aberatsena da.
Baina europarrak alde egin ondoren, hilabete bat pasata, Land Roverra arazoak izaten hasten da. Mantenimendu eta konponketak behar ditu. Mamadouk ez du dirurik horretarako eta, nola edo hala, Land Roverra mantentzen du. Baina autoa duen bakarra izanik, nahiz eta autoa egoera txarrean egon, aberatsena izaten jarraitzen du herrian.
Urte bat pasa ondoren, beste europar bat heltzen da Senegaleko herri horretara. Mamadou-ren Land Rover zahar eta zapastoak oso itxura txarra du. Inork baino itxura pobreagoa du. Europarraren autoa egoera onean dago. Europarrak pentsatzen du: “ze pobre eta ze itxura txarra!”. Mamadou eta bere herrikideentzat, ordea, bere beharrak orain ez dira aurrekoak. Lehen, animaliak, uzta ona eta jatekoa edukitzearekin aberats sentitzen ziren. Orain, autoa ezagutzen dutela, bere helmugak ezberdinak dira. Baina hain zaila denez hauek asetzea, ezinegona handia da.
Azken egoera hau edozein tokitan eta pertsonarekin gertatzen da. Baina areago Afrikan. Izan ere, aldaketa are handiagoa da. Aberastasuna eta pobrezia, hortaz, ez da kontzeptu absolutu eta estatikoa. Erlatiboa da. Subjektiboa. Zeren araberakoa da?
- Norberaren abiapuntua. Txiroa bazara, gehiago baloratuko duzu aberastasuna.
- Norberaren anbizioa. Zenbatekin konformatzen zara?
- Norberaren balio eskala. Batentzat itxura edo prestigioa garrantzitsuna eta beste batentzat lasaitasuna.
- Besteekin zenbat konparatzen duzun.