Garikoitz Goikoetxea / 2018-10-04 / 1720 hitz
Euskara batuaren urteurreneko kongresua gaur hasiko da Arantzazun. Kate baten mugarria izan zen 1968ko biltzarra: prozesu bat zen batuaren jaiotza. Talka ideologikoa izan zen, eta belaunaldi artekoa
Mugarria jarri zuten Arantzazun: euskara batuaren jaiotza ofiziala. Oraintxe dira 50 urte. Gaur hasita, hain justu, mende erdiko bidean egindakoa eta egiteko dagoena aztertuko dute Arantzazun bertan, Euskaltzaindiak antolatutako kongresuan. Zorua ipini zuten 1968ko biltzarrean, batuaren oinarria, baina zimenduak jartzeko lana lehenago hasi zen. «Prozesu bat» izan baita euskara batuaren sorrera, bide horretan parte hartu duten adituen hitzetan. Prozesu bat, euskara noranahiko egiteko helburua zuena, belaunaldi arteko talka erakutsi zuena, oztopoen gainetik aurrera atera zutena. Oraindik amaitu ez den prozesua.
Hiru eguneko kongresua egingo dute gaurtik aurrera Arantzazun, lelo honekin: Arantzazutik mundu zabalera (1968-2018). Hitzaldiak eta mahai inguruak izango dira gaur-biharretan, eta kultura ekitaldiak ere bai. Larunbatean, bi saio nagusi: batetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak hitzaldi bat emango du, euskara batuaren etorkizunari buruzkoa; bestetik, Euskara batuaren adierazpenaaurkeztuko du Joan Mari Torrealdaik, eta erakunde publikoetako eta gizarte eragileetako ordezkariek sinatuko dute. Horrela amaituko dituzte 1968ko biltzarra gogoratzeko jardunaldiak.
Arantzazuko kongresua zuzenean ikusteko aukera izango da BERRIAren webgunearen bitartez.
Hiru egunez bildu ziren 1968an ere Arantzazun: urriaren 3an, 4an eta 5ean. 60 bat lagun elkartu ziren —emakumeak, lau—. Bakoitzak 50 pezeta pagatu behar zituen parte hartzeko. Mila pezeta jarri zituen Anbrosio Zatarainek.
Batasunari heldu ezin
Arantzazun egin zuten biltzar nagusia, baina prozesua lehenagotik zetorren. Izatez, Euskaltzaindiak sorreratik du helburu euskararen batasuna —datorren urtean mendea beteko du Euskaltzaindiak—. Ahalegin asko izan ziren; besteak beste, Arturo Campionek eta Piarres Broussainek txosten bat egin zuten 1920an, eta Resurreccion Maria Azkuek gipuzkera osotua proposatu zuen 1935ean.
Berehala iritsi zen 36ko gerra, eta horrek asko eragin zuen Euskaltzaindiaren beraren jardunean, baita idazleen arteko harremanetan ere: etena. Gerra igarota, 1950eko hamarraldian gazte belaunaldi berri bat sartu zen euskarazko idazkuntzaren alorrean. «Ez genuen zuzeneko harremanik gerra aurreko euskaltzale klasikoekin», kontatu du Joseba Intxausti Jakin-eko kide historikoak. Honako hau zen auzia, haren esanetan: «Idazle haien baliabideak aski al ziren guk nahi genuen goi mailako kultura egiteko?».
Euskaltzaindiak 1956an egin zuen gerra ondorengo lehen kongresua Arantzazun. Urte hartan sortu zuten Jakin aldizkaria, Arantzazun bertan. «Ez zen etxe barrurako aldizkaria. Jende sakabanatua elkarrengana ekarri nahi genuen, guztiei idazteko aukera eman», kontatu du Intxaustik. «Zer idazkera era behar genuen modernitatea euskaraz emateko? Corpusean eta idazkeran zeuden arazoak ikusi genituen». Euskara batuaren premia zegoela, alegia.
Hutsune horri aurre egin ezinik zebilen Euskaltzaindia, Intxaustiren esanetan: «Ez zitzaigun burutik pasatu ere egin Euskaltzaindiaren rola hartzea, baina Euskaltzaindiari kostatzen ari zitzaion batasun borondate hori garatzea, sozialki zabaltzea». Jakin-en hasi ziren beren bidea egiten: arauak ezarriz joan ziren pixkanaka. Aldian-aldian bilerak egiten zituzten Jakin-eko arauak zehazteko.
Baziren mugimendu gehiago. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi euskaltzain urgazlea zen, eta dimisio gutuna bidali zion akademiari. Euskara batua bultzatzeko behar adina ahalegin ez egitea leporatu zion Euskatzaindiari. Ez zioten dimisioa onartu. 1963ko abuztua zen.
Txillardegiren ekimena
Berehala, 1963ko azaroan, batua sortzeko bilera sail bat hasi zuten Baionan. «Txillardegik bildu gintuen ia ikasturte batez. Hura zen gidaria», azaldu du Jean Louis Davant euskaltzain emerituak. Zortzi lagun elkartu ziren hasierako bilkura haietan: ETAtik, Txillardegi bera eta Eneko Irigarai; EAJtik, Telesforo Monzon eta Jesus Solaun; Elizatik, Roger Idiart, Piarres Andizabal eta Jean Hiriart-Urruti; eta Enbatatik, Davant. «Txillardegik egin zuen hautaketa. Euskal alderdien gain finkatu zuen, eta liturjian aritzen zirenen gain».
Davanten esanetan, bilera haietan Txillardegi zen hizkuntzalari aditua. «Gainerakoak idazleak ginen». Bilerak «halako euskara hibrido batean» egiten zituzten. Euskalki desberdinekoak ziren bileretako partaideak, baina, Davantek dioenez, moldatu ziren, ohituta zeuden eta. «Aise gurutzatzen ginen».
1963ko udazkenean hasitako batzar haiek udan burutu zuten bidea, 1964ko abuztu hondarrean. Batzar zabalago bat egin zuten, Baionan bertan, erabakiak hartzeko batzarra. 30 bat lagun elkartu ziren. Tartean zen Intxausti, Jakin-en ordezkari gisa. «Ni joan nintzen, baina taldean landu genuen gaia». Baionarako proposamen bat taxutu zuen Jakin-ek. «Aurkeztu genuen, baina prest geunden Baionan erabakitakoa onartzeko». Bi eguneko bilera izan zen Baionako hura. Arau zerrenda labur bat onartu zuten.
Gaur egun erabat onartutako arauak dira: x idaztea, ez sh edo ch; tx, ez tch edo ch… Gai arantzatsu bati ere heldu zioten Baionan: h hizkiaren auziari. Erabiltzeko araua eman zuten, baina bazekiten horrek arazoak sortuko zituela: «Euskaldun askok H hori nun dagoen ez dakielako, epeka joatea erabakitzen da». Lehen faserako, proposatu zuten bokal berdinen artean erabiltzea (nahastu, adibidez), eta bi adiera nahasten direnean (hura eta ura). Gainerako kasuetan, «epe bat» uztea erabaki zuten, eta h-a aukeran utzi zuten: hartu eta artu, esate baterako.
Arauen hasieran ohar bat sartu zuten: «Batasunari buruz, euskaltzale guziei erabaki hauek betetzen hasteko eskatzen diegu; eta bereziki Euskaltzaindiari egiten diogu dei bat, bere aipamen guziaz erabaki hauek aztertu ondoren onar ditzan». Iragarri bezala, Jakin-ek onartu egin zituen Baionako erabakiak, eta hala jakinarazi zuen: «Datorren alean hasita, Jakin-en lege hauek obligatu egingo dute». Areago, arauak betearazteko konpromisoa hartu zuen: «Hemendik aurrera, nahiz idazleak erabaki hauek gorde ez, eta artikuluak lege hoiek alde batera utzita igorri, Jakin-eko zuzendaritzak zuzendu egingo ditu». Euskarazko lehen aldizkaria izan zen gisa horretako hautua egiten.
Premiak agerian
Elur bola handituz joan zen pixkanaka. «Prozesu natural bat» izan zen, Intxaustiren esanetan. «Ikastolen goraldia iritsi zen, eta ikusi zuten corpusean zer arazo zituzten. Hedabideak ere garatzen ari ziren. Bistan geratu ziren batasun faltaren kalamitateak».
Urteurrena zuen Euskaltzaindiak aurki, 1969an. Batasunaren auzia pil-pilean zegoen. Akademiari erronka bota zion Gabriel Arestik: 50. urteurrena baliatuz, hel ziezaiola Euskaltzaindiak sorreran jarritako oinarrizko helburuari, euskararen batasunari. «Euforia giro hartan, egiteko hori aktan jarri zen. Horren ondorioa Arantzazuko bilera izan zen», kontatu du Xabier Kintana euskaltzain emerituak. 1968ko urri hasierarako jarri zuten kongresuko data.
Sukaldeko lana hasi zen. «Juan San Martin zen Euskaltzaindiko idazkaria. Euskara batuaren aurkako mugimendu bat antzeman zuen, eta idazleekin bilera bat egitea erabaki zuen». Ermuan (Bizkaia) bildu ziren 1968ko ekainean. «Gipuzkoa salbuespen egoeran zegoen, eta konplikatua zen han egitea bilera», azaldu du Jose Luis Lizundia euskaltzain emerituak. Gipuzkoatik hurbil, Ermuan bildu ziren, Gerediaga elkartearen babesarekin. «Arantzazukoa prestatzeko bilera zen».
Iritsi zen biltzar nagusia. Eztabaidak izan zirela gogoan du Lizundiak. «Eztabaida biziak. Baina eskuetara joan gabe». Baziren euskara baturik behar ez zela uste zutenak. Pasadizo bat gogoan dauka Lizundiak: «Batzuek zioten ez zegoela euskara batua egin beharrik: gipuzkera hartu, eta kito. Piarres Lafittek honela erantzun zien: ‘Zertaz ari gara, Euskaltzaindiaz edo giputzaindiaz?’».
Arantzazuko biltzarrean Koldo Mitxelena izan zen ikur nagusia: hark aurkeztu zuen txosten nagusia, Ortografia izenekoa. Hitzaurre esanguratsua du agiriak: «Ezin-bestekoa, hil-edo-bizikoa, dela uste dugu euskera batasun bidean jartzea»; «Ez luke gai honetan inor mindu nahi Euskaltzaindiak, baina ezin diteke batasunera jo, inor —gerok lehenik gerala— mindu gabe». Txostenaren edukiari dagokionez, segida bat dago Baionatik Arantzazura. Davant: «Jarraipena da osoki. Txillardegi da euskara batuaren aita; Mitxelena, aita pontekoa, lekukoa hartu baitzuen». Mitxelenaren itzalaz bat datoz adituak: garrantzi handia izan zuen batuak benetan aurrera egin zezan. Batetik, Salamancako Unibertsitateko katedraduna zen, ezaguna; bestetik, EAJko kidea, kartzelan eta erbestean egona. «Hari esker nagusitu zen euskara batua», dio Davantek. «Itzal handia zuen EAJn. Lortu zuen ez zitezen euskara batuaren aurka joan. Ez zen guti».
Arantzazuko biltzarrari buruzko agiri labur bat egin zuen Euskaltzaindiak. Euskara batua behar zela nabarmendu zuen, baina hori ezin zela «bat-batean» egin.
ETA eta ‘h’-a
Kontrakotasunak izan ziren, ordea, izan zirenez. «Erresistentzia ideologikoak ziren batez ere: sabinismoaren erresistentzia, purismoarena», adierazi du Lizundiak. Belaunaldi eta ideologia talka bat zen. Argigarria da Arantzazuko biltzarra egin eta hamar urtera zein zen egoera. Lizundiak kontatu du 1978an Bergaran azterketa bat aurkeztu zutela, idazleek nola egiten zuten: batuaren aldeko hautua egina zuten gazteek. «Ez zeuden horren ideologizatuta eskuinetik eta klerikalki».
Polemika handiak sortu ziren bidean. «Batuaren aurkariek, filologiaz, gramatikaz eta arrazoi pisudunez kontrako arrazoirik ezin emanez, aldarrikatzen zuten batasuna marxista eta espainolisten asmakeria hutsa zela», kontatu du Kintanak. Izan ziren salakuntza gehiago ere: h hizkiak sortu zuen ika-mika handiena. Orain begiratuta, absurdoak dirudite argudioek: «Esaten zuten h hizkiak eta esan nahi duela grekoz; h-a ETArekin lotzen zuten. Ez zen zentzuzko argudioa, baina halaxe izan zen», adierazi du Davantek.
Arantzazun «erdi bidea» hautatu zuten, adierazpenean jaso zutenez: h-a erabiltzea «begi onez» ikusiko lukeela Euskaltzaindiak.
Euskaltzaindi barruan ere baziren gorabeherak: ez zeuden denak batasunaren alde. Arantzazuko biltzarra egin zutenean Manuel Lekuona zen euskaltzainburua, eta uzkur ageri zen batasun prozesuarekin, azkarregi ari ote ziren. Berehala zituzten hauteskundeak Euskaltzaindian, eta isileko mugimenduak hasi zituzten.
Villasanteren sotana
1970eko udaberria zen. Arantzazura joan ziren hiru lagun: Juan San Martin, Koldo Mitxelena eta Jose Luis Lizundia. Hitzordua zuten Luis Villasante euskaltzainarekin —Arantzazuko fraidea zen—. Lekuonaren ordez beste buru bat jarri nahi zuten euskara batuaren aldekoek. «Bagenekien batuaren aurkako erasoak nondik zetozen: bereziki inguru klerikal batetik. Zer hobeto fraide bat baino?», dio Lizundiak. Villasante konbentzitu nahi zuten. Pasadizo deigarria da segidakoa, Lizundiak kontatu duena. Hor dabiltza Arantzazun paseoan, eta zalantzan dago Villasante, proposamena onartu edo ez: «Komunistatzat ez ote naute joko?». Halako batean, heldu dio sotanatik Mitxelenak, eta izter aldetik apur bat goratu dio: «Nik ez dut Marx ikusten hor ezkutatuta». Baietza eman zuen. «Jokaldi ona izan zen», esan du Lizundiak.
Bozketa iritsi zen, eta Villasante izendatu zuten euskaltzainburu. «Denak ez ziren batuaren alde, baina euskaltzain asko adinagatik ez ziren bilkuretara joaten, eta beste aldera eraman genuen Euskaltzaindia», dio Davantek. Belaunaldi berri batek hartu zuen gidaritza. Aldaketa zen. Kintana: «Villasantek berehalako bultzada eman zion batasunari, deklinabidea eta, batez ere, aditzaren batasuna ekarriz».
Erresistentziak baziren artean, edonola ere. Adierazgarria da 1973an Euskaltzaindiak jasotako gutun bat. Jose Estornesek bidali zuen, hamar argitaletxeren izenean, eta, besteak beste, eskatu zuen h-aren erabilera bertan behera uzteko, «nahaspila» sortzen ari zela eta. Irmo erantzun zion Villasantek: «Idazki honen egileak ez daki, nunbait, Euskal Herria bai mugaz hemengo aldean eta bai mugaz beste aldean ere badela». Iparraldean h-a erabiltzeko tradizioa zutela gogoratu zion. «Nahaspilari» dagokionez, hara: «Bakoitzak bere txokoko aho hizkerari bakarrik kasu eginez idatzi nahi duenean, orduantxe sortzen da nahaspila».
Euskara batuak lekua irabazi du urteen joanean, eta liskar horiek apaldu dira. «Asko bideratu da gaia. Jada inork ez du zalantzan jartzen euskara batua behar dela», nabarmendu du Lizundiak. Aurrerapausoa nabaritu du Davantek ere, «zauri gutiago» dagoela orain. Hau da gakoa, haren esanetan: «Nahi dugu euskara luma guziekin baina hila, edo luma batzuk galduta baina bizirik?».
Euskara batuari buruz zabaldu diren aurreiritziekin badu kezka Intxaustik: «Hotz uzten naute. Hizkuntzaren etorkizunaz pentsatu gabeko usteak dira. Batuaren premia guztizkoa da, guztizkoa». Belaunaldi transmisioarekin du ezinegona, aurrera jarraitzeko ildoaz: «Badakigu zenbat kosta diren ikastolak, zer atxikimendu izan duen bertsolaritzak… Bide onetik ibili gara XX. mendearen bigarren partean. Ahalegin pertsonal eta diru asko joan da. Beldur naiz etorkizuneko plangintza berrien premiaz aski kontzientzia izango ote dugun».