Kristina Berasain Tristan / 2018-10-06 / 358 hitz
Denis Mukwegek eta Nadia Muradek jaso dute Bakearen Nobela, sexu indarkeriaren kontra borroka egiteagatik: Mukwegek emakume bortxatuak sendatzen ditu, eta Murad EIren esklabo izan zen
Azken urteetako joeratik aldendu, eta, paperezkoak edo hitzezkoak aitortu beharrean, benetako ekintzaileak aitortu ditu aurten Norvegiako Nobel Batzordeak. Denis Mukwegek eta Nadia Mudarek «gatazka armatuetan sexu indarkeria arma gerra gisa erabiltzea amaitzeko egiten duten ahaleginagatik» jaso dute Bakearen Nobel saria. Soslai eta ibilbide zeharo ezberdinetako pertsonak badira ere, badute amankomunean sinesten duten horretan aurrera egiteko kemena, bizitza arriskuan jarrita ere, eta, emakumeekiko konpromiso irmoa, gatazketan lehen biktima diren heinean. Mukwege Kongoko Errepublika Demokratikoan emakume bortxatuak artatzeagatik saritu dute. Murad, berriz, yezidia da, eta Estatu Islamikoaren esklabu izan zen. «Sufritu zuena kontatzeko ausardia» eta «emakumeen kontrako abusuen lekuko izatea» aitortu diote.
Mukwegek (Bukavu, Kongoko Errepublika Demokratikoa, 1955) artatzen dituen emakumeei eskaini die saria. «Zuengatik onartzen dut sari hau. Horrek erakusten du zuek aitortuak izan zaretela. Sari honek ez luke zentzurik ez balu emakumearen borroka aitortuko». Panzi ospitalean, artatzen dituen emakumeen aurrean, mintzatu zen ekintzailea, hunkituta; izan ere, ebakuntza bat egiten ari zela ohartu zen saria jaso zuela, inguruan zituen emakumeak txaloka eta oihuka hasi zirenean.
Mukwegek 1999an sortu zuen ospitalea, eta, ordutik, 85.000 emakume eta neskato bortxaturi eman die laguntza medikua eta psikologikoa. Kongoko Errepublika Demokratikoko Hegoaldeko Kivun dago kokatuta ospitalea, Bukavun. Ebakuntzak egiteaz gain, baina, injustizien aurrean isilik egoten ez dakiten pertsona horietakoa da. Norvegiako Nobel Batzordeak azaldu duenez, mediku eta ginekologoak «bortxaketa masibo» horiek egiten dituztenen zigorgabetasuna salatu du, eta gobernuari leporatu dio ezer gutxi egitea.
Yezidien ahotsa
Murad (Kojo, Irakeko Kurdistan, 1993) sexu indarkeriaren biktima zuzena izan zen. Estatu Islamikoak 2014ko abuztuaren 3an bahitu zuen, 19 urte zituenean. Sinjar eskualdean bizi diren yezidiak akabatu nahi zituzten muturreko islamistek; 5.000 lagun hil zituzten, eta beste 3.000 emakume eta neska bahitu. Kojo herrian sarraskia egin zuten. Muraden sendiko zazpi kide, ama tartean, hil egin zituzten eta hobi komunetan lurperatu. Murad egunero bortxatu zuten, harik eta handik hiru hilabetera ihes egitea lortu zuen. Ordutik yezidi herriaren ahotsa bihurtu da, eta haiei eskaini zien atzo saria: «Yezidiekin, kurduekin eta jazarriak diren beste gutxiengoei eta munduan dauden indarkeria sexualaren biktima zenbaezinei».
Abenduaren 10ean jasoko dute saria, Oslon eta Stockholmen. 970.000 euro jasoko dute.