Itziar Ugarte Irizar / 2018-10-02 / 505 hitz
Duela urtebete amaitu zuen liburu saritua idazten, eta dagoeneko ipuin-bildumaz zer esan ez dakiela aipatu du Eider Rodriguezek (Errenteria, Gipuzkoa, 1977). Aurreko lanetik zazpi urteren ostean plazaratu zuen Bihotz handiegia, iragan azaroan, eta bide arrakastatsua egin du ordutik hona.
Zilarrezko Saria ere irabazi du aurten Bihotz Handiegia-k. Liburu saltzaileek ematen dute hura; hau, aldiz, instituzioek. Sari denak ez dira berdin jasotzen?
Egia esan, pozez hartu dut sari hau ere. Sari bat da, eta, egia esan, sariek ez diote gehiegi laguntzen literatura den jardun horri. Baina pozik nago, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak emandako sari bat den, eta Jaurlaritzarekin kritikoa naizen. Eskertzen dut aitortza, dudarik gabe; bihotz zabalik jaso dut, baina nire kontraesanak ditut.
Utikan Euskadi Sariak manifestuaren sinatzailetako bat izan zinen 2007an.
Garai hartan egoera beste bat zen. Sinatzaile batzuekin nolabaiteko konplizitatea sentitzen nuen, bazeuden zumitzak manifestu hori ateratzeko, baina gaur egun ez naiz horren parte sentitzen. Manifestua garrantzitsua izan zen, eta egia da aldaketak izan zirela. Tentsio hori egotea oso interesgarria da, eta kritikoak izan behar dugu, sari guztien gainetik.
Zer aldatu da?
Gauza asko; aldatu dira gauzak egiteko manerak sariari dagokionez. Aipatu ditudan konplizitate horiek ere gaur ez ditut sentitzen. Eta urte asko pasatu dira. Aldarriak egokiak eta beharrezkoak iruditzen zaizkit, baina balio behar dute gauzak aldatzeko, ez protesta bera helburua izateko.
Pertsonaia «makurrak» ikusi ditu epaimahaiak zure ipuinetan. Zuk, ordea, pertsonaia «arruntak» direla diozu.
Esaten didatenean nire pertsonaiak ilunak direla, gordinak, makurrak, beti hartzen dut harridura puntu batekin. Nik ez ditut horrela ikusten, eta ez ditut horrela sortu. Hori ere badira, baina ez hori bakarrik. Inor ez da makurra bakarrik, edo onbera bakarrik. Gauza asko gara aldi berean, eta alderdi horiek ekartzen saiatzen naiz, ez bakar bat.
Eta, halere, behin eta berriz nabarmentzen da pertsonaiarik gordinena zure obran.
Bai. Epaimahaikoek hori ikusi badute, ondo iruditzen zait. Nik bota nuen ibiltzera testua, eta bakoitzak testu horrekin dauka daukan harremana, zilegia erabat.
Hizki larririk gabeko istorioak saritzeak poztu zaituela aipatu duzu. Ez da ohikoena?
Ez dakit literatura hori saritzen den edo ez. Baina bai nire liburuan ez dagoela borroka handirik, pertsonaia eredugarririk. Oso gizatiarrak dira. Alde horretatik, nolabait humanoa den parte hori saritzen dela sentitu dut, eta poztu nau. Sinetsita nago gauzak beste modu batzuetara egin daitezkeela, eta gauza txiki horiek, isilik egindakoak, egunerokoak, historiara pasatuko ez direnak, horiek ekarri nahi izan ditut.
Pertsonaietan jokatzen da dena literaturan?
Ez da hainbeste pertsonaien literatura, baizik eta jendearena. Beti saiatzen naiz gaur egun bizi garen tokiko eta garaiko hori eramaten literaturara, hori da nire benetako helburua, eta hori aurrera eramateko tresna dira pertsonaiak, baina ez dira helburua, inolaz ere. Benetako helburua errealitate puskak nire ahotsez kontatzea da.
Aurki helduko dira Bihotz handiegia-ren lehen itzulpenak. Zenbateko garrantzia ematen diozu horri?
Itzulpena bidean gertatzen den gauza pozgarrietako bat da beti niretzat. Bihotz handiegia 2019ko maiatzean argitaratuko da gaztelaniaz eta katalanez, aldi berean. Pozgarria da, beste toki eta bizimodu batzuetara heltzeko bidea delako. Hala ere, orain koadernora eta ordenagailura bueltatu nahi dut berriz, idazten jartzera. Sariek ere badute alde ez hain on hori, beste lan batzuetara egon behar duzula.