Amaia Ramirez de Okariz / 2018-10-17 / 627 hitz
Ghanako Azizakpe irlan egon dira Nieto eta Galapero, umeei igeri egiten irakasten, Akoma gobernuz kanpoko erakundearekin. Argazki eta hitzen bidez, bidaia azaldu dute.
Munduan zehar arraun egin eta ezagututakoa kontatzea helburu duen egitasmo bat da Gasteiztarrak Arraun the World (Gasteiztarrak munduan arraunean).Argazki eta hitzen bidez, Maitane Nieto (Gasteiz, 1996) eta Javier Galapero (Gasteiz, 1976) izan dira 18 eta 30 urte arteko kategorian irabazleetako batzuk; Ghanako Azizakpe irlan bizitakoa azaldu dute. Umeekin egin dute lan, igeri egiten irakatsiz.
Afrika aukeratu zenuten helmuga; hain zuzen ere, Ghana. Nolatan erabaki zenuten hara joatea?
JAVIER GALAPERO: Iaz egin behar nuen bidaia, Akoma Ghanako gobernuz kanpoko erakundeari buruz hitz egin zidatenean. Proiektu asko izan arren, erakundearen baliabideak urriak dira. Harremanetan jarri, eta nire asmoen berri eman nion arduradunari: umeekin igeri egitea. Halere, azkenean aurten joan naiz, Maitanerekin. Hondartza, ura eta umeak maite ditugu.
Zein lehen sentipen izan zenituzten iristean?
MAITANE NIETO: Iritsi ginenean, sekulako harrera egin ziguten. Befono [gizon zuria] deitzen ziguten. Korrika gerturatu, eta lagundu egiten ziguten; baita goitik behera analizatu ere. Ilusioa egiten die bertara ailegatzeak; gainera, badakite zerbait emango diegula. Alde horretatik, esan daiteke gaizki hazten ditugula; halere, eman egiten diezu. Guretzat ezer adierazten ez duen zerbait sekulakoa izan daiteke haientzat.
J. G.: Erakundeko arduradunak esaten zuen bezala [Akomak arduradun bakarra du], helburuetako bat Azizakpe irla bere buru aski duen irla egitea da. Helburua ez da bertakoei arraina ematea, baizik eta kanabera ematea arrantzan ikas dezaten.
Eta, pixkanaka, bertako errealitateren berri izan zenuten.
M. N.: Bai, hiru aste egon ginen Ghanan. Hasieran, denak harritzen zaitu; astebeteren ostean, ordea, gauzak aldatu egiten dira. Hemengo bizimoduarekin alderatuta, jendea lasai bizi da. Hemen dagoen estresa han ez da existitzen. Ez dute presarik izaten; aldiz, gu korrika ibiltzen gara. Inkontzienteki, beraz, bertako bizimodura egokitzen zara.
J. G.: Esaterako, hemen ordutegiak oso finkatuak ditugu, baina han ez dago erlojurik. Eguna igarotzen dute, bizirik irauten saiatu. Aisialdirako aukera handirik ere ez dute izaten.
Umeekin izandako hartu-emanari dagokionez, nolakoa izan zen?
J. G.: Hasieran esan ziguten talde txiki batekin lan egin behar genuela, 12 eta 13 urteko umeekin. Lehen egunetik azkenekora, ordea, gauzak aldatu egin ziren: hamabi ume genituen hasieran eta ia berrogeita hamar bukaeran. Azken finean, bazekiten jatekoa geneukala, eta, gainera, bertako berritasunetako bat ginen. Taldeka antolatu behar izan genituen: batzuk uretan zeuden bitartean, beste batzuk ginkanak edo jolasak egiten ibiltzen ziren.
Hesirik gabeko kartzela Ghanan da argazki hizkiaren titulua. Espetxearen eta herrialdearen arteko alderaketa al da?
M. N.: Irlara iritsi ginenean, dena zen sekulakoa; hala eta guztiz ere, egun batzuk igaro ostean, konturatzen zara bertako herritarrak ezin daitezkeela hortik irten. Mundu txiki batean bizi dira, gainontzeko guztia ezagutu gabe. Ezin dira irlatik irten; hesirik gabeko kartzela batean bizi dira. Gainera, irlatik irteteko baliabideak ere urriak dira.
Argazkiak eta hitzak erabili behar zenituzten egitasmoan. Zer adierazi nahi izan duzue horien bitartez?
J. G.: Argazkietan, irlaren etorkizuna izango direnak izan ditugu oinarri: umeak. Ume horien gurasoak jada irlako presoak dira; umeak, ordea, etorkizuneko presoak izan daitezke, edo ez. Helburua mundua aldatzea ez bada ere, jendeak bertakoen egoera ulertzea nahiko genuke. Hemen asko hitz egiten dugu, baina ez dugu bertako errealitatea ezagutzen.
M. N.: Argazki baten tituluetako bat Errealitatetik ikasten da. Postal baterako argazkia dirudi: lehen planoan, dortoka bat dago; atzealdean, berriz, gizon bat ageri da. Aldiz, argazkian antzematen den errealitatea bestelakoa da. Dortoka hilda dago, eta argazkian ageri den gizona komunean dago, etxe askotan ez baitute komunik. Finean, ironia da; bi mundu ezberdin dira irudietan ageri dena eta benetako errealitatea.
Beraz, uste duzue bildutako irudiek eta hitzek gizartea kontzientziatzeko balioko dutela?
J. G.: Ez dugu uste ezer aldatuko dugunik, baina jendea kontzientziatzea gustatuko litzaiguke, bestelako errealitate bat ezagutzea. Argazkietan ume gehienak barrezka agertu arren, azaldu nahiko genuke ezer ez daukatela; ikuspuntu horretan, nahiko inuzenteak dira. Azken finean, gaizki pasatzen ere ari direla ulertarazi nahiko genioke gizarteari, argazkien eta hitzen bidez.