Zihara Jainaga Larrinaga / 2018-11-15 / 527 hitz
Ekonomia globala eta egungo futbolaren industria maila berean jarri ditu Goldblattek. Dioenez, historiak eman dio esanahia futbolari, eta aurrez eraikitako guztia suntsitzen ari dira ordainpeko telebistak.
Txapeldunen Liga ematen duten bitartean, Bristol Rovers taldea animatzera joatea gogoko du David Goldblatt pentsalariak (Bushey, Erresuma Batua, 1965). Unibertsitatean zuen irakasle postua utzi, eta futbolaren eta politikaren inguruko hainbat liburu idatzi ditu ordutik. Athletic fundazioak antolatutako Letrak eta Futbola hitzaldi zikloan parte hartu du aste honetan. Futbolaren industriak dirutzak mugitzen dituen garaietan, talde txikien zaleek duten garrantzia eta eratzen duten identitatea nabarmendu ditu.
Nola deskribatuko zenuke futbola gaur egungo munduan?
Telesail edo antzerki itxura duen erritual bihurtu da futbola azken urteotan. Halaber, jendeak norbere identitatea eratzeko baliatzen du. Horregatik iruditzen zait hain interesgarria.
Zein iritzi duzu munduko egungo futbolaren industriaz?
Ekonomia globalaren funtzionamenduaren adibidea da. Goiko mailetan dagoen distira behekoen, hau da, oinarriaren kultura ezereztuz sustatzen da. Eta goi maila hori jende ustel eta ezgaiek kudeatzen dute, bihotz gabeko hedonistek.
Zenbateraino da garrantzitsua futbolaren historia ulertzea sortzen duen negozioa ulertzeko?
Historiak ematen dio esanahia futbolari; horregatik, ezinbestekoa da futbolaren historia ulertzea. Azken finean, futbola esanahian eta taldearen kulturaren historian oinarritzen da. Ordainpeko telebistak, baina, dena aldatu du. Diruarekin, telebista futbol modernora iristen da orain, baina modernizazio horrek aurrez zegoen guztia suntsitu du.
«Futbolak globalizazioaren etekinak bahitzen dituen elite txiki bat pribatizatu du». Zure hitzak dira. Nola interpretatzen dituzu futbolaren negozioan izandako azken gertaerak, testuinguru historikoa oinarri hartuz?
Futbolean ikusten diren aldaketek munduan gertatzen diren aldaketak islatzen dituzte. Azken 30-40 urteetako globalizazio ekonomikoa ulertzeko, futbola lagungarri da oso. Lan merkatuak eta sistemaren jabeek hainbat gauza ikus ditzakete futbolaren jomugari esker, eta gauza bera gertatzen da globalizazioarekin. Kapitalismoa hau guztia kokatzen saiatzen da.
2015. urtean manifestu bat argitaratu zenuen. Zein zen zure helburua?
Errotiko aldaketak ikusi nahi ditut futbolean. Gizartea bakartua eta banatua zegoen momentu hartan, jendeak norbere interesei soilik begiratzen zien. Horregatik, zerbait handia egitea izan zen nire helburua. Horretarako, hainbat ideia batu nituen; halaber, argitaratzeko une egokia zela iruditu zitzaidan, Erresuma Batuko hauteskundeekin bat baitzetorren.
Izan al du ondoriorik?
Globalizazioaren erresistentziarako mugimendua sortu zen manifestuari esker. Alde zegoen jendea batu, eta urrats txikiak eman ziren. Italian, adibidez, errefuxiatuen alde lan egiten duten klubak daude, eta Ingalaterrako talde batzuetan zaleak dira klubaren jabeak.
Zertan datza zale kontzeptua?
Ez dago zale izateko modu bakarra; hots, aniztasuna dago zaleen artean. Zalea ez da soilik 50 urtean futbol zelaira joan den gizon zuria. Dirutzak ordaintzen dituzten turista japoniarrak, futbol modernoaren eta globalizazioaren aurkako erakustaldiak antolatzen dituzten alemaniarrak, eskuin muturrekoak edo emakumeak aurki ditzakegu egun futbol zelaietan.
Posible al da zalerik gabeko futbolik existitzea?
Jolas bat soilik izango balitz, bai; kasu horretan jende asko dibertituko litzateke futbolarekin. Mota horretako futbolean, adibidez, ez da zalerik behar. Egun nagusitzen den futbolean, baina, ezinbestekoak dira. Futbolari baino gehiago ikuskizunari erreparatzen diogu; hau da, futbola ikusten duen kolektiboan jartzen dugu arreta, partidan jarri beharrean.
Gogorra al da talde baten zalea izatea?
Talde txikien zaleak gehienetan ez dira euren taldeak irabazten ikustera joaten; benetako futbola galtzaileena da. Ezta futbolaren edertasunagatik ere, askok penagarri jokatzen baitute. Futbol ona nahi izanez gero, badakite telebistan ikus dezaketela. Futbol zelaian soilik aurkitzen diren janari tipikoak edo hango airea usaintzeak, baina, tokiko identitatearekin lotzen zaitu, eta hori berezia da.