Nerea Osinalde / 2018-11-16 / 385 hitz
Batzuen ustez, denbora galtzea; beste batzuen iritziz, ordea, gozamena. Loa eguneroko bizitzaren parte garrantzitsua da, ezinbestekoa. Gogoratu, bestela, nola sentitu zinen, arrazoiak arrazoi, ezin loak hartu ibili zinen egun hartan: guztiz lehertuta. Tortura metodo zaharra ere bada loa galaraztea. Izan ere, pertsona batek denbora luzez esna badirau, bere gaitasun kognitiboak galtzen ditu, eta haluzinazioak izan ditzake. Baina zergatik? Zertarako egiten dugu lo?
Aspalditik dakigu animalia ornodunek bizirik irauteko lo egin behar dutela, nahiz eta lo egiteko premiak oso ezberdinak diren espezieen artean. Esaterako, saguzar arre txikiek batez beste 20 ordu egiten dute lo egunero; aldiz, jirafek eta elefanteek 2 ordu baino gutxiago.
Horrez gain, hegaztiak gai dira, mehatxuren bat sentituz gero, burmuinaren erdia esna dutela lo egiteko. Alemaniako Ornitologiako Max Planck Institutuan gauzatutako ikerketa batek hau erakutsi zuen: ilaran jarritako ahateen artean, barrualdekoek bi begiak itxita egiten zutela lo; muturrekoek, berriz, begi bana irekia zutela. Ez hori bakarrik. Muturreko ahateek, noizean behin, irekitako begia itxi eta bestea zabaltzen zutela ere ikusi zuten, esna zegoen garuneko hemisferioak atseden har zezan, eta alderantziz.
Berriki behatu da animalia ornogabeek ere, hala nola erleek, otiek eta zizareek lo egiten dutela. Gainera, zizareengan eta gizakiongan melatoninak, hots, loaren zikloa erregulatzen duen hormonak, oso antzera funtzionatzen duela frogatu dute. Horren ondorioz, loaren eboluzio-historiak gutxienez 600 milioi urte dituela kalkulatzen da.
Loaren helburu biologikoa zein den zehazteko, ez dago adostasunik adituen artean. Batzuen arabera, garuneko neuronen arteko konexioak (sinapsiak) sendotzeko egiten dugu lo. Aldiz, homeostasi sinaptiko deritzon hipotesia babesten dutenen arabera, kontrakoa gertatzen da: egunean zehar etengabeko ikasketa-prozesuan murgilduta egoteagatik sendotu diren sinapsiak ahuldu egiten dira lotan gaudela. Batetik, energia eta espazioa aurrezteko; eta, bestetik, memoria eta ikaskuntza bermatzeko.
Ez badakigu ere loaldian zer gertatzen zaien neuronen sinapsiei, badirudi proteina sorta batek pairatzen duen fosforilazio-defosforilazio mekanismo baten bidez erregulatzen dela. Aurtengo ekainean Nature aldizkarian argitaratutako lan baten arabera, lo-esna oreka baldintzatzen duten 80 proteina daude. Horietako 69 sinapsietakoak. Gainera, frogatu dute proteinen fosforilazio-maila bat datorrela lo beharrarekin.
Proteinek ez ezik, geneek ere eragin zuzena daukate loaren premian eta kalitatean. Esaterako, gautxoriak diren pertsonek erritmo zirkadianoa erregulatzen duen CLOCK genearen aldaera berezi bat daukate; Narkolepsia eta familia-insomnio hilgarria pairatzen duten gaixoek, berriz, HCRT eta PRPN geneak dituzte mutatuta, hurrenez hurren.
Eta zuk? loarekin erlazionatutako mutaziorik ba al daukazu? Erantzuna ezezkoa bada ere, hona hemen, beste behin, behar ez den lekuan loak harrapatzen zaituenean erabiltzeko aitzakia bikaina: errua geneena da.