Jaione Agirre / 2018-10-20 / 360 hitz
Nire lagun oso min baten urtebetetzea izan da oraintsu. Zoriontzeko postaltxo bat idatzi nion, antzinako erara, banekielako hori oso gustuko izango zuela. Loretxo xume eta alai batzuek zituen postala aukeratu nuen pozik hartuko zuelakoan.
Aurten oparitxo bat ere bidali nahi diot eta propagandaz eskaintza moduan oparitzen dizkizuten poltsikoko agenda batek eman dit ideia. Oso gogoko zituen agendak lehen eta horrelako bat erosiko diot, ezagun batek daukan paper-dendan.
Ez dakit gustuko izango duen orain edota ezertarako balioko dion, zeren nire lagunak aspaldi ez duela lanik egiten. Oso gaixo daroa urte nahikotxo. Opor batzuen ondoren, lanean hasi orduko, estresagatik edo estresak bultzatuta harrapatu zuen birusen batengatik, zorabio handiekin eraman zuten larrialdietara eta, han, herrialde tropikal batean oporretan izan berria zenez, diagnosian erratu eta borondate ezin hobeaz emandako medikazioak arazo neurologikoak piztu zizkion. Epilepsia, agorafobia, eta abar eta abar.
Lana galdu zuen (nahiz eta laneko nagusiek, nire lagunak kontatu zidanagatik, erraztasun guztiak eman zizkioten eszedentzian edukiz eta beren aldetik ahal zutena egin zuten, lanera itzul zedin ahal bezain pronto baina presa gabe, oso langile fina eta apreziatua zelako). Inspekzioetan ez zuen plantarik egiten, pertsona zintzoegia delako eta, gora behera batzuen ondoren, lanera bidali nahi zuten eta ezin zuela esaten zuelako, Segurtasun Sozialak zigortu egin zuen.
Bere bikotekideak zaintzen du, berak bakar-bakarrik (nire laguna ez da gai etxeko lanak egiteko, ezin da kalera bakarrik atera edo bestela antsietate atake bat ematen dio…).
Ez da erraza horrelako gaixotasun neurologiko/psikologiko/psikiatriko batetik ateratzea, sorgin gurpil moduko bat sortzen baita.
Jaustea aldiz, batzuetan iruditzen zait, oso erraza dela, apenas espaloi bateko harmailarik txikiena jaistea bezala.
Gaixotasun hauek gainera tabuak dira eta zoritxarrez, sufritzen dituzten askok ezkutuan eraman behar dituzte lana ez galtzeko eta jendeak gaizki ez begiratzeko, nahiz tratamendu egokiarekin bizitza normala egiteko aukera izan. Atzo bertan ezagun bati entzun nion, nola youtuber batek psikologora zihoala kontatzen zuela eta bera harritu egin zela. Ona da egoera horiek normaltzeko bada, ezta?
Inor ez da kardiologora joan dela esateaz lotsatzen. Behin emakume bati entzun nion kalean beste bati esaten, bizitza oso polita dela, arazoz eta zailtasunez beterik egon arren. Ea bizitza polita bihurtzen den buruko gaixotasun zail horiek dituzten pertsonentzat eta horretarako ustez “normal” gaudenok ere, gure partetxoa egiten dugun.