Edu Lartzanguren / 2018-11-18 / 347 hitz
Europako zortzi estatutan egin duten ikerketak belaunaldien arteko aldeak nabarmendu ditu.
Zortzi estatutan egin dute ikerketa: Alemanian, Danimarkan, Erresuma Batuan, Espainian, Frantzian, Herbehereetan, Italian eta Suedian. 18 eta 30 urte artekoak kritiko dira hedabideekin: zortzi estatuetatik bostetan, 50 urtetik gorakoek baino askoz mesfidatiagoak dira haiekin. Alemanian, Herbehereetan eta Suedian, gazteen erdiek baino gehiagok esaten dute hedabideak fidagarriak direla, baina kopurua ez da haietan %57 (Suedia) baino handiagoa. Gazteak Espainiako hedabideekin fidatzen dira gutxien (%26). Frantzia salbuespena da: gazteak 50 urtetik gorakoak baino hiru puntu gehiago fio dira hedabideez (%37).
Baina belaunaldien arteko aldaketarik nabarmenena, ikerketaren arabera, konfiantzazko informazio iturrietan dago. Gazteek, oro har, 50 urtetik gorakoek baino bi aldiz gehiago kontsumitzen dituzte albisteak Interneten bidez, telebistan baino. Zaharrenentzat, ordea, telebista da informazio iturri nagusia. Esaterako: Frantzian 50 urtetik gorakoen %86k egunero ikusten dituzte telebistako albistegiak; gazteen artean, ordea, %44k bakarrik. Espainian %89 eta %68 dira proportzioak. Danimarkan eta Frantzian, telebistako albistegirik inoiz ikusten ez duten gazteen kopurua %24 da; Espainian, %10.
Horrez gain, estatuz estatu eta hedabidez hedabide aztertuta, egunkarien webguneak dira gazteen informazio iturririk gogokoenak. Edonola ere, gazteek askoz gutxiago irakurtzen dituzte paperezko egunkariak zaharragoek baino: 30 urtetik beherakoek, erdia irakurtzen dute paperean egunero, 30-49 urte artekoekin konparatuta, eta, are gutxiago, 50 urtetik gorakoekin parekatuta.
Sare sozialak, iturri
Gazteen artean askoz ohikoagoa da sare sozialak edo Interneteko bilatzaileak aipatzea informazio iturri gisa: Facebook aipatzen dute %5ek, zortzi herrialdetatik zazpitan. Espainian, Twitter ere aipatzen dute informazio iturri nagusi gisa. Ikerketak ez du argitzen, halere, sare sozialen bidez jasotzen den informazio hori zenbatetan den hedabideen artikuluen aipamenak. Edonola ere, 50 urtetik gorakoek askoz gutxiago aipatzen dituzte sare sozialak edo bilatzaileak. Salbuespena Google da, eta Italian izan da: %5ek aipatu dute han.
Nabarmentzekoa da hedabide publikoek Europako hegoaldeko herrialdeetako gazteen artean galdu duten pisua: Espainian, Frantzian eta Italian, gazteek ez dituzte aipatzen hiru informazio iturri nagusien artean. Pew zentroak 16.114 helduri galdetu zien ikerketa egiteko, iazko udazkenean, eta horietatik 2.970 pertsona 30 urte baino gazteagoak ziren.