Iker Tubia / 2018-11-11 / 1300 hitz
Hamasei urtez erraketista profesional aritu zen Madrilen, baina 1977. urtean utzi egin zuen, «penaz», eta, orduz geroztik, ez da berriro aritu. Erraketa izugarri maite du, eta emozioz gogoratzen ditu garai haiek.
Erraketan ongi moldatzen zela eta, frontoian negozioa zuen gizon batek fitxatuta, Madrilera joan zen Rosa Soroa gazte zelarik (Elduain, Gipuzkoa, 1945). Han aritu zen, profesional, Madrid frontoian. Bera bezala, Euskal Herriko hainbat neskak egin zuten antzeko bidea 1917tik 1980ra bitarte. Garai hartan erraketistek ez zuten sona handirik izan sorlekuan, baina azken urteetan haien istorioak argitara atera dira, batik bat Raketistak Lehen eta Orain kultur kirol elkartearen lanari esker. Bilobaren tabernan jarri du hitzordua Soroak, eta jokatutako azken partidan erabilitako erraketarekin agertu da.
Nola hasi zinen erraketan?
Hasi nintzen 14 urterekin. Tira, lehenago, herrian ibiltzen ginelako kalean, eta, gero, 14 urterekin, ama enteratu zen Tolosan entrenatzen zirela, eta hara joan ginen. Astean bi egunez joaten ginen, eta bost neska ibiltzen ginen, inguruko herrietakoak. Bi urtez egon nintzen Tolosan. Garai hartan, Madrilgo enpresari bat etorri zitzaigun, ikusi gintuen, eta handik denbora gutxira kontratatu gintuen Madrilera joateko.
Etxean babesa izan zenuen?
Amarena bai, baina aitarena ez. Nik antzematen nion ezetz, ez zitzaiola askorik gustatzen Madrilera joatearena. Baina Tolosara ere ez zen joaten ikustera. Ama maizago joan zen Madrilera ni ikustera. Lehenengo aldian ere, berarekin joan nintzen. Horrela ikusi zuen non eta nola geratzen nintzen.
Aldaketa handia izan zen Madrilera joatea?
Elduaindik Madrilera, hori zen aldaketa ikaragarria. Esaten nuen: «Nora etorri naiz? Ez dut ezer ezagutzen». Inpresioa egin zidan, baina segituan jarri nintzen, ez nuen problemarik izan. Bi partida jokatzen nituen egunean, eta ez nuen denborarik ere. Herrira gustura etortzen nintzen, baina Madrilen ere oso gustura ibili nintzen.
Euskaldunak ere baziren han?
Bai, bai. Hemengoak asko, beti izan dira. Baina nik debutatu eta gero euskaldun askorik ere ez zen sartu.
Garai hartan boladan zegoen erraketan aritzea?
Madrilen bai, baina hemen ez dut uste. Ni urtero etortzen nintzen, eta inork ez zidan galdetu ere egin. Jakin dut Donostian jokatzen zela, baina ez dakit zein urtetan. Nire garaian izan balitz, Madrilera ez nintzatekeen joango.
Etxean pilotazaletasuna zegoelako hasi zinen?
Frontoia etxe ondoan daukat; orduan, joaten ginen eskolatik ateratzean, eta lagunekin gustura aritzen ginen. Asko gustatzen zitzaidan, asko.
Baina familian tradizioa izan duzue, ezta?
Bai, nire aitak pilotan jokatu zuen, baina zale gisa. Gero, Miguel osaba eskuz oso ona zen, eta nire anaia ere eskuz aritu zen. Beste anaia, berriz, Miamin, zesta puntan aritu zen.
Ondorengoek jarraitu dute?
Ez, ez. Ez nire aldetik, ez anaiaren aldetik ere. Hor gelditu da.
Profesional aritu zinen Madrilen. Nolakoa zen jarduna?
Partida jokatu eta gero, kinielak jokatzen genituen. Zazpi jokatzen ziren arratsaldetan eta gauean lau. Kiniela jokatzea tokatzen bazen geratzen ginen kiniela jokatzeko. Txikitan, nire ilusioa zen kiniela jokatzea. Aurrenekoa jokatzea garrantzitsua izan zen niretzat, baina ez dakit nik irabazi nion edo berak niri. Baina hura poza zen, handik aurrera gehiagotan jokatu nuelako.
Nola jokatzen zen kiniela?
Partidako kiniela jokatzeko, izaten ziren sei, eta, gero, partida jokatzeko, lau. Partidetan beti jokatzen zen kiniela bat, eta, horretarako, bi gehiago sartzen ziren. Asko jokatu nituen.
Jende asko joaten zen partidak ikustera?
Ni joan nintzenean frontoiak leporaino betetzen ziren. Hori zirraragarria zen. Nahiko handia zen frontoia, eta jende asko sartzen zen. Baina, gero, azken urteetan, oso apal. Baina hasieran? Edozein egunetan betetzen zen. Arratsaldez gutxiago, baina gauez bai. Artekari asko egoten ziren, eta apustuak egiten zituzten.
Nolakoa zen giroa frontoia lepo betetzen zenean?
Iskanbila handia izaten zen. Erre ere egiten zen orduan, eta arropak usain handia hartzen zuen. Baina, tira, ez zegoen beste erremediorik. Ni oso gustura ibili nintzen, dena den.
Hainbeste jende joanda, ezagunak izanen zineten?
Gu ezagunak orain egin gara, omenaldiekin eta. Dokumentala egin dutenak [Raketistak Lehen eta Orain elkartekoak] asko saiatu dira denarekin, pilotariak elkartzen… Eta oraindik ere ari dira.
Gogorra zen erraketista profesionala izatea?
Niretzat ez. Pena handia izan nuen utzi nuenean, oso gustura aritzen nintzelako. Batzuetan haserretzen zinen, beste batzuetan ez, segun gauzak nola ateratzen ziren. Beti dena ez da ondo ateratzen, eta beti irabazi ere ez da egiten.
Beste jokalariekin harreman ona zenuten?
Bai, orain ere elkar ikusten dugu noizean behin. Denak zaharrak gara, baina egoten gara.
Madrilen nola zegoen antolatuta negozioa?
Madrilen, Bartzelonan, Valentzian… toki askotan ibili dira erraketistak. Mexikon ere bai. Sekulako frontoiak izan ziren. Guk bukatutakoan gutxiago zabalduta zegoen, neska gutxiago zeuden. Nik, nesken frontoia, gurea bakarrik ikusi nuen. Gu neska asko ginen. Pentsa, zazpi partida jokatzeko, baginen neskak!
Partida asko zenituzten?
Partidak egunero-egunero jokatzen ziren. Txandaka jokatzen genuen. Festarik ez zen izaten, eta egunero bi partida jokatzen genituen.
Soldata duina izaten zen?
Joan berritan, ez nuen erraketentzako lain ere izaten. Gogor jotzen nion pilotari, eta erraketa asko hausten nituen; beraz, etxean eskatu behar izaten nuen dirua. Eta laguntzen zidaten. Madrilera joanda, pentsiora joan behar zenuen, denak batera joan ginen, eta, gero, bai, bat etxe batera, bestea beste batera. Aurrerago, bai, bizitzeko ematen zuen, bai.
Orduan, erraketak zuek erosi behar zenituzten?
Bai, Madrilen bai. Tolosan ez, enpresariak ordaintzen zituen erraketak eta pilotak.
Saririk jaso duzu?
Txapelketak izaten genituen. Madrilgo famatuek ematen ziguten kopa: toreroek, futbol jokalariek, aktoreek… Txapelketa nahiko jokatzen genuen, eta irabazi genituen txapelketa batzuk.
Ibilbidea ikusita, erraketarekin ona zinela esan dezakegu, ezta?
Bueno, ni baino hobeak baziren. Txar-txarra ere ez, nahiko gogor jotzen nion pilotari. Atzean jokatzen nuen nik.
Kaskorik ez zenuten ibiltzen. Beldurrik ez zenuten?
Ez, ez, batere ez. Orain ibiltzen dituzte kaskoa eta betaurrekoak. Ez dakit, segurtasunagatik izango da, baina nik esaten diet: «Bueno, bueno, ez dakit nik horrela jokatuko nukeen». Ez du pisurik, baina… ez zait gustatzen. Baina egin behar bada, egingo dute. Horrela ibiltzen dira orain denak.
Lasai aritzen zineten kaskorik gabe, beraz?
Nik pilotakadaren bat eman nuen, baina asko ez genuen ematen. Ez genuen beldurrik ez. Buruan zauriren bat bai, seguru, jositako pilotak gogorrak zirelako. Orain suabeagoak ibiltzen dituzte; behintzat, soinua apalagoa dute. Baina asko jokatzen dute.
Ama izan zinen erraketista zinela. Zaila izan zen?
Ama izan nintzenez geroztik, lau urtez-edo ibili nintzen, Donostiara bizitzera etorri arte. Baina ez zen zaila izan. Haurra nirekin eramaten nuen frontoira, han beti nuen norbait harekin geratzeko nik jokatu bitartean. Gauetan jokatzea tokatzen zenean, beti geratzen zen norbaitekin etxean. Gizonak ere han jokatu zuen urte batzuetan; beraz, bera ez bazen ni, edo beste norbait. Baina hara eramaten genuen, bai.
Txikitatik frontoian egon arren, ez zuen bide hori hartu.
Oso txikitan utzi zuen. Madrilen egon izan balitz agian, baina ez.
Noiz etorri zinen Euskal Herrira?
Donostiara 1974 inguruan etorri nintzen, eta, orduz geroztik, ez nuen jokatu. Pena handia hartu nuen, baina, utzi nuen. Hemen ezin zen jokatu, urteak ziren nesken frontoia itxi zela. Orain bai hasi dira, eta telebistan agertzen dira. Oso polita da, baina ea segitzen duten. Animatuta, badaude, baina laguntza ere behar dute.
Donostiara etorri, erraketa utzi, eta zertan aritu zinen?
Nire gizona palan ibiltzen zen Balda frontoian, eta ni txartel leihatilan aritu nintzen, hori itxi arte. Madrilera itzuli ginen hortik denbora gutxira, eta gizonak jokatu zuen bai, baina nik dagoeneko ez. Leihatila ere utzi nuen ordurako.
Erraketa betiko gorde zenuen?
Hona azkenengoz etorri ginenean erretiratuta nengoen, eta nire gizonak jarraitu zuen gero entrenamenduetan-eta, baina nik ez. Ez zegoen inor, eta bakarrik aritzeko ere… Nik, behintzat, ez nuen inor ezagutzen. Orain bai, ezagutzen ditut, baina ni zaharra nago.
Oraingo erraketistei aholkurik ematen diezu?
Zortea opa diet. Zortea eta gustatzea, hori behar da; bestela, berdin-berdin da etxean geratzea.
Omenaldi asko izan dituzue azkenaldian. Nola hartu dituzue?
Azken omenaldia herrian izan zen. Hasierako ideia kultur etxean dokumentala ikustea zen, baina… gehiago izan zen. Egia esan, asko mugitu dira. Haiei esker atera da argitara; bestela, guk egindakoa ahaztuta geratuko zen.
Pilotarik kasu egiten diozu? Partidak ikustera joaten zara?
Omenaldietan ikusten ditut partidak, gustatzen zait. Eta gero, kasik larunbatero joaten naiz eskuz ikustera, Labritera. Bestela, telebistan ere ematen dutenez, etxetik. Erraketaren atzetik, eskuz gustatzen zait gehien. Erremontea eta horiek ere gustatzen zaizkit, baina erreminta telebistan ez da ondo ikusten. Eskuzkoa ikusten da ondo. Erremontea frontoian bezala ez da inon ikusten.