Maddi Imaz / 2018-12-20 / 357 hitz
Maddi naiz eta 25 urte ditut. Azken egun hauetan entzun izan dugun albistean pentsatzen jartzen jarri eta Laura ni neu izan nitekeela pentsatzera iritsi naiz.
Emakume bezala nik ere sentitu izan eta sentitzen dut beldurra kaletik noanean, ni ere urduritu naiz zenbait gizonen begiraden artean, ni ere babestu naiz giltzekin, ni ere korrika sartu naiz etxera nire atzera begiratuz, ni ere beldurtu naiz gaueko iluntasunarekin, ni ere txiki egin naiz kaleko bakardadearekin, ni ereā¦
Ez dut imajinatu ere egin nahi zer sentitu duen bere bizitzako azken uneetan emakume honek (bera bezala hil direnak ere ez), ez eta bortxatua izan den emakume batek, erasotua izan denak edo dena delakoa, emakume izate hutsagatik. Ez dut imajinatu ere egin nahi gure errealitatea dela pentsatze hutsak ikaratzen nauelako.
Askotan, hedabideak edota (in)justizia berak zalantzan jartzen gaitu, dugun janzkeragatik, gauean bakarrik ibiltzeagatik, gizon batengan konfiantza sentitu eta berarekin joateagatik, edota gure izateko eragatik. Zenbaitetan ematen duenez errua geurea dela sentiaraziz.
Aurrera begira jartzen naizenean eta azken urtean eman izan diren kasuak burura etortzen zaizkidanean, ohartzen naiz emakumeok babesik gabe aurkitzen garela, oraindik ere zenbaitek guregan botere guztia dutela pentsatzen dutelako, honen aurrean ezer egiten ez delako, heziketa emakumeen jarreretara bideratzen delako (eta ez zenbait gizonen jarreretara), baina batez ere, errua geurea dela sinestarazten saiatzen direlako.
Nire bizitzan atzera egin ondoren ohartu naiz parrandara ateratzen naizela, zenbaitetan etxera bakarrik joan izan naizela, edan egin dudala, mini-gonak eta eskoteak jantzi ditudala, askotan jarrera errebeldea eduki dudala, ikasketetan gainbeherak izan ditudala, mutil ezberdinengan konfidantza izan dudala. Eta zer?
Ez nik, ez Laurak, ez Dianak, ez Nagorek, ez la manada kasuko emakumeak, ez inork ez dugu merezi hau. Ez dugu merezi gure bizitza beldurrez igarotzea, gure gorputzak objektutzat hartzea, edozer gauza esateko eskubidea dutela pentsatzea, sexualki bortxatzea, erasoak etengabeak izatea, eta are gutxiago gure bizitzarekin amaitzea, emakume izate hutsagatik. EZ DUGU MEREZI.
Bihar, ni Laura bilakatzen banaiz zera eskatu behar dizuet, ez bakarrik emakumeei, pertsona den pertsona orori baizik: borrokatu. Borrokatu legeak aldatzeko, gizartea beste modu batera hezteko, beldurra xahutu eta aske bizitzeko. Baina batez ere borrokatu horrelako gizasemeak akabatzeko.
Entzuteaz nekatu zara? Gu bizitzeaz.
Zauden lekuan zaudetela, zuekin gaude eta zuekin eta zuen izenean borrokatzen jarraituko dugu.