Maialen Unanue Irureta / 2019-01-09 / 1163 hitz
Bostehun urte dira munduari lehen aldiz bira eman zion espedizioa abiatu zela: Magallaesek hasi zuen, eta Elkanok amaitu, hiru urtera. Historialari batzuen ustez, ezaguna da Elkanoren figura; beste batzuen ustez, ez. Ikerketa sakonagoak eskatu dituzte, baita gertatutakoak modu kritikoago batean aztertzea ere.
Bostehun urte betetzear dira: 1519ko irailaren 20an abiatu zen munduari lehen aldiz bira emango zion espedizioa, Fernando Magallaes buru zuela. Magallaes, ordea, urte eta erdi geroago hil zen, 1521eko bataila batean, eta Juan Sebastian Elkano getariarrak hartu zuen espedizioaren lema, eta 1522ko irailaren 6an heldu zen San Lucar de Barramedara (Espainia), hamazazpi kiderekin batera, Victoriaontzian. Horixe Elkanoz gehien ezagutzen dena: hortik harago, ezer gutxi, historialari batzuen iritziz.
Xabier Alberdi historialaria uste horretakoa da, esaterako. «Bistakoa da Elkanoren figura historikoki baztertua izan dela, eta baztertze hori nahita egindakoa izan da askotan: hori dela eta, ez dugu ezagutzen, ezta mundu mailan ere». Mundubira 500: Elkano fundazioa sortu dute Getariako marinelaren jarduna «goraipatzeko», eta horren aholkulari dabil Alberdi. «Beti bigarren mailan» utzi izan dute, eta horrek sortu du Elkanoren inguruko ezezagutza, haren esanetan. «Jatorrizko arazoetako bat da, hain zuzen, ez Elkanok ez haren inguruko inork ez zuela bere bertsioa argitara eraman», nabarmendu du.
«Bazterketa» hori azaltzen duten arrazoi gehiago ere badaude, ordea. Batetik, Antonio Pigafetta historialariak idatzitakoak daude: «Espedizioan banaketa bat gertatu zen kideen artean: hainbat arazo izan zituzten, eta banaketa horretan, Pigafetta talde baten alde jarri zen, eta Elkano beste taldekoa zen; nahita baztertu zuen Elkano». Bestetik, nazio estatuen sorrera aipatu du Alberdik: «XIX. mendean, nazio-estatuak sortzearekin batera, historia nazionalak idazten hasi ziren, estatu horiek justifikatzeko: Espainiaren historiaz hitz egiten hasi ziren 3.000 urte balitu bezala, nahiz eta orduan sortu berria zen». Orduantxe puri-purian zegoen Espainiaren eta euskal lurraldeen arteko arazoa, Alberdik gogoratu duenez: «Testuinguru horretan, Euskal Herriak monarkia horri egindako ekarpenak isilarazi egingo dituzte espainiarrek, ez zaizkielako komeni: eman nahi zuten irudia zen Euskal Herria ez dela sekula protagonista izan Espainiaren historian».
Mundu biraren itzalpean
Espainian ez ezik, Euskal Herrian ere baztertua izan dela uste du Alberdik. Historikoki, azaldutako pentsaera horiekin bat egindako jendea egon delako. Baina azkeneko denboretan ere sumatu du Elkano baztertzeko nahi bat. «Han eta hemen irakurri eta entzun dut, nolabait, Elkano ez dela goraipatu behar: badaude blogak, argitalpenak… ‘Ez daukagu ezer ospatzeko’ esaten dute: nik ez dakit ospatu behar dugun edo ez, baina ezagutu egin beharko dugu, ez? Hor dago arazoa: ez dugu ezagutu ere egiten».
Idoia Arrieta historialariak munduari bira eman aurretik Elkano nor zen argitzea nahi luke. «Itxura guztien arabera, itsas bizimoduarekin estuki lotutako Getariako familia burges dirudun batean jaio zen, 1487. urte inguruan». Domingo Sebastian Elkanoren eta Kattalin Porturen bederatzi seme-alabetako bat zen. «Ezer gutxi dakigu haren gaztaroaz: biografoek bizpahiru lerro besterik ez zioten eskaini haren garai ilun horri, eta berehala kokatzen dute bidaia handiaren atarian».
Azaldu duenez, zenbait konkista kanpainatan aritu zen «mertzenario gisa, betiere, Gaztelaren zerbitzura». Magallaesek hasitako espedizioa ere testuinguru horretan kokatu du: «Espainiako koroaren okupazioaren oinarria jarri zuen: merkataritzak koroari inperioa zabaltzeko eta lurralde berriak konkistatzeko aukera eskaini zion». Arrietaren ustez, egindakoaren «balentria eta balioak» ez ditu inork zalantzan jartzen, kontuan izanda «egoera oso zailean» egin zutela. Baina, Elkano hizpide hartzean, analisi kritikoago bat du faltan: «Halakoek kanpaina militarrak ezkutatzen dituzte: Magallaesenak eta Elkanorenak espedizio militarra zirudien, Hernan Cortesen pareko ekipamendua baitzuten». Arrietaren hitzetan, espedizioa kolonizaziorako tresna izan zen, eta hori ezkutatu egiten da: «Ezkutatzen dute indigenen bahiketa eta erailketa, biolentzia eta konkista: herriak kiskali zituzten, besteak beste, Mactan; emakume indigenak bortxatu zituzten, eta haien aberastasunak ustiatu zituzten».
Lan kolektiboaren emaitza
Daniel Zulaika historialariak Elkanori buruzko udako ikastaro batzuk zuzenduko ditu aurten; horrez gain, euskal herritarrek munduari eman zioten lehenengo bira hartan izan zuten garrantzia nabarmentzeko liburu bat kaleratuko du laster. «Elkanorengandik ihes» egin duela dio Zulaikak, asko idatzi delako haren inguruan, eta ez hainbeste harekin lan egin zutenen inguruan: «Funtsean, lan kolektibo baten emaitza izan zen hura. Askoren artean egin zuten, nahiz eta Elkanok gidatuak izan ziren».
Zulaikak talde lanean jarri du arreta, euskal herritarren parte hartze datuek harrituta: «240 atera ziren espedizioan, eta 31 ziren euskal herritarrak: ordezkari gehien zuten herrialdeetan bigarrena ginen; bost itsasontzitik hiru Bizkaikoak ziren, eta bost maisutatik bi gipuzkoarrak ziren». Eta ez zen kasualitatea, haren esanetan: «Beste herrialde edo komunitate batzuek ez zeuzkaten bi gauza geneuzkan euskaldunok: burdina eta egurra. Horregatik, eta beharrak bultzatuta, itsasontziak eraikitzen hasi ginen, eta Europako flotarik garrantzitsuenetako bat bihurtu ginen».
Euskal herritarrei buruz han-hemenka argitaratutako zatiak hartu eta batzea izan da bere lana, Zulaikaren esanetan. «Nik egin dudana izan da pertsona horiez guztiez idatzi dena elkarrekin jartzea, forma ematea; hemendik aurrera, uste dut ikerketa lan asko egingo direla oroimenezko urteurren honetan».
Nola eta zertarako oroitu
Miguel Jimenez historialariak, esaterako, pare bat artikulu kritiko argitaratu ditu lehenengo mundu bira oroitzeko ekitaldiei buruz. Haren ustez, «deigarriak» dira fundazioak egin dituen zenbait baieztapen. «Elkano Errenazimentu garaiko gizona dela esan dute». Baieztapen horren atzean dagoen «akatsaz» ohartarazi du, Errenazimentua eta Humanismoa sinonimotzat hartu dituztelakoan, «Elkano enpresa proiektu batean sartu zen humanista gisa» aurkeztuz. «Aitzitik, Elkano, funtsean, noblezia txikiaren ordezkari bat baino ez zen, kanpaina militarretan eta Gaztelako koroaren zerbitzuko espedizioetan inplikatu zena: alegia, ekintza gizon bat zen, aberastasuna eta loria bilatzen zituena, nobleziak ulertzen zuen gisara».
Beldur da erakundeek mendeurrenari eman diezaioketen erabilerarekin, eta Josep Fontana historialariak Walter Benjamin oinarri hartuta esandakoa gogoratu du: «Historia askatu egin behar dugu aurrerapenaren ideiatik: hainbat aukera sortzen dituzten bidegurutze sorta gisa ulertu behar dugu». Horren ordez, beste zerbait da erakundeek egiten dutena, haren ustez: «Botereek bultzatutako kontakizun historikoez ohartarazi zuen Fontanak: dirua xahutzen dute festibal arranditsu eta oroitzapen ospakizunetan, gizarte laguntzarako baliabideen kaltetan».
Alberdik, bestalde, pertsona «benetan ezagutzeko» baliatu nahi luke mendeurrena. «Irakurri dut ‘genozida’ zela, eta, horregatik, baztertu beharreko norbait dela: Europako historiografian, gaur egun oraindik ere, gehien estudiatzen den pertsonetako bat Adolf Hitler da, genozida bat. Zergatik? Jakin nahi dugulako astakeria hori nondik sortu zen». Alberdiren ustez, norbait baztertzean «munstroak» sortzen dira, eta ez litzateke halakorik egin behar: «Genozida bat baldin bada, jakin dezagun zergatik, eta azter dezagun: azter eta jakin dezagun zergatik den jaungoiko bat edo deabru bat».
«Gutxi eta errepikakor»
Ahal duenero artxiboetara joateko aprobetxatzen du Alberdik: iazko udaberrian egin zuen azken egonaldia, hiruzpalau egunekoa. «Ezezagunak eta funtsezkoak diren dokumentu batzuk topatu nituen: horietako batek hankaz gora jartzen du Elkano ihesean itsasoratu zela esaten duen teoria hori, eta hori hiru eguneko ikerketa presazko bat eginda jakin nuen. Badago dokumentazioa, eta begiratu beharra dago».
Elkanori buruz «gutxi» idatzi dela uste du Borja Aginagaldek, Euskadiko Artxibo Historikoko zuzendariak: «Orain arte, ez da lan handirik egin Elkanori buruz: ez hemen, ez inon. Egin diren gutxiak irakurri ditut, eta esan diren gauza asko imajinazio askorekin esan dira: errepikakorrak dira, ez dute ezer berririk esaten». Elkanorekin lotutako zortzi dokumentu bilatu zituen 2016an Aginagaldek Aiako Laurgain dorretxean (Gipuzkoa). Zortzitik bi argitaragabeak ziren, eta horietatik bat, «balio handikoa», haren esanetan: Elkanok Karlos I. enperadoreari bidalitako gutun bat da, bere eskuz idatzia.
Haren ustez, garrantzitsua da, historia aztertzean, dokumentuen edukiaz gain, horiek nola, non eta noiz idatzi ziren kontuan hartzea. «Uste dut oraindik ez ditugula topatu historiaren zati hori irakurtzeko betaurreko egokiak kontakizun sendo bat egiteko: lan asko daukagu, betaurreko berriak jarri eta zaharrak kenduta».