Josebe Blanco / 2019-02-18 / 954 hitz
Ez dakit zuek, baina ni bizia eta heriotzaren artean bizi naiz; edo, akaso, haiek nigan bizi dira; ala, beharbada, nirekin bizi dira; ala, agian, totum revolutum nahasi bat osatzen dugu. Ez dakit. Eta zuek, zuek haien artean, apopilo dituzuela, haiekin ala nahasian bizi zarete? Ala uste duzue bikote hori urrun duzuela? Bada, azken hori bada zure kasua, sentitzen dut, baina biziko bazara, heriotza behar ondo-ondoan. Gure biziraupena eta besteen heriotza guztiz lotuta daude, alferrik ukatu egingo dugu, berdin animalia izan edo landarea izan, bakarren bat hil egingo da guk mundualdi honetan jarraituko badugu.
Kirmen Uribek bere poema batean aldarrikatzen zuen munduari begiratzeko modua dela hizkuntza; munduan egoteko modua, bizitzeko modua ematen dizkigula hizkuntzak. Hala uste dut bizitzako beste hainbat esparrutan, baita elikadurarenean ere.
Izan ere, oso ikuspegi ezberdina dute orojaleak eta barazkijaleak: batek xerrada ederrak ikusten dituen tokian, besteak amatasunaren irudi mistikoa ikus dezake edota metano-fabrika –ala biak–. Batek gaixoentzako janaria ikusten duen lekuan, besteak osasunaren, etikaren eta militantziaren garaikurra ikusten du.
Kasu gehienetan, ez batak ez besteak ez du inongo loturarik izan jaten duen horrekin –izan animalia ala landarea–, ez daki non hazi den, nork zaindu duen, zer lan-molde dauden horien atzean… Gehixeago estutuz gero, prest leudeke jango duten horren bizia eta heriotzaren ardura hartzeko? Uste dut haragijaleen ehuneko handi batek utzi egingo liokeela haragia jateari, lan horiek hartu beharko balitu. Porruen familia zabala jateak heriotza isila du, isila eta odolgabea, izan ere.Tarteka animaliak jaten dituzten batzuek ere erreparoak dituzte animalia ezagutzen badute, baina jatorri ezezagunarekin inongo erreparorik; kasu horretan, dena barrura.
Hain oinarrizkoa den elikaduraren katea non eta noiz apurtu zaigu, munduari begiratzeko modua aldatzeraino? Hori ere ez dakit.
Haragia jan nahi dugu, baina hil gabe. Haragia jan nahi dugu, baina ez dezala izan animaliaren itxura, hobe hanburgesa edota nugget itxurakoa –eta 3 dimentsiotako Eiffel Dorrea balitz, askoz goxoagoa–; haragia jan nahi dugu, baina ez dakigu oilaskoa garbitzen; haragia jan nahi dugu, baina odolik gabe. Esnea –edo gazta– nahi dugu, baina txahala, arkumea edo dena delakoa hil dutela jakin gabe. Bizitzako beste gauza askotan bezala, nahi dugu, baina besteek har ditzatela euren gain ardura eta lana –batez ere zikina bada–; eta guk bitartean gabe jarraitu nahi.
Bizitzatik urrundu egin gara, funtsezkoa dena –bestela, hil egiten gara– ahaztu –ezabatu?–, eta hamaika teoria sortu naturarekiko etendura horri zentzua emateko. Teoria horien babesean gai izan gara haragi begetala sortzeko eta ikusezin egiten zaizkigu nork egiten duen –industriak–, zer lehengai erabiltzen dituen horretarako –gehienetan soja eta bestelakoak–, lehengaiak sortzen dituen nekazariaren lan-baldintzak eta hainbesteko kezka sortzen digun ingurugiroak zer kalte izan dezakeen –ekoizpen eredua, garraioa…–.
Gure jendartean, gainera, sustatzen dira bi jarrerok, eta horiek apaintzen eta zuritzen dituzten bihozberakeria eta goxokeria ere. Walt Disney faktoriak honetan ere bere lantxoa egin du; eta orain abereak nahi ditugu gure begien eta umetxoen gozamenerako, landa eremura joaten garela, apaingarri eta pedagogia piskat egiteko. Gero zer jaten dugun eta nola… beste kontu bat da.
Eta kontraesankorra ematen badu ere, nire ustez, janariari errespetua galdu egin diogu. Munduari begiratzeko moduan izan dugun aldaketaren ondorioetako bat. Izan ere, dagoeneko ez gara gai bizia ikusteko platerean, ezta familia baten lana ere. Gai gara, ordea, janaria botatzeko, eta horrekin batera badoaz lana eta bizitza –horiek barnean gordetzen duten guztiarekin–. Eta platerak, konturatu gabe, zentzuz eta maitasunez husten ari gara. Jakina, mahaian dugun horregatik eskerrak ematea antigoalekoa da.
Ideia asko aipatu dizkizuet, agian, modu nahasian, baina halaxe bizi dut inguruan dudan giroa. Alde batetik kalean bizi den ganadu-hazleen kontrako jarrera, berdin dio nola egiten duzun lan, animalien bizi-baldintzak zeintzuk diren, zer onura dakarren zu hor izateak… Beti hiltzaile gupidagabearen papera egokitzen zaizu. Eta bestetik, indartsu, barazkijaleen kontrako mezuak eta irainak, zenbaitetan naturarekiko euren sentitzeko modua irrigarri utziz. Erasotua sentitzen naiz batzuek zein besteen hitzekin eta moduekin.
Zurrunbilo horretara, gero datoz nire bizipenak, noski. Azken hilabetean ehun jaiotza baino gehiago ikusi, bizi eta horietan parte izan dut. Denetarik izan dugu, poza eta zoritxarra; eta, guztietan odolaren gorria, eta askotan malkoen gazia. Heriotza ere presente izan dut ia egunero; batik bat gure txerrien haragiaren bueltan egindako lanengatik. Brian eta Kurrin zuten izena. Ez pentsa txarretik, juxtu kontrakoa, oso maitatuak baitziren –horrek pentsatzera eman dit jendeak txerrien izenak aukeratzeko orduan, hautatzen dituela gorroto dituen politikarienak, txerriari kariñorik ez hartzeko eta errazago hiltzeko–. Aldi berean, orain, arkumeak hiltegira eramateko sasoia dugu, eta astero-astero hara joaten gara, bitan. Batean bizirik eramaten ditugu, eta bigarrenen bueltan, hilda ekarri.
Gertaerok bi pentsamendu errepikakor dakarzkidate. Lehendabizikoa, animalia horien bizimodua. Nik pozik ikusi eta sentitu ditut, goxo bizitzen. Maitatuak izan dira guztiak –batzuk oso maitatuak–. Bigarrena izaten dut buruan hiltzea tokatzen denean: arkume hau daramanak errespeta eta goza dezala, ez dezala zaborrontzira bota, arren.
Animaliak errespetuz tratatzen eta hiltzen ditugu, beharbada, egunero-egunero bizitza eta heriotza alboan ditugulako. Horregatik, egunero-egunero, eskerrak ematen dizkiet gure ardiei ematen diguten esneagatik –eta emandako arkumeengatik–, horra heltzeko zer bide egin dugun jakin badakidalako. Horrexegatik dut esnea –odola bezala– bizitzaren ikur.
Artzaina da idazten ari den hau, orain dela 23 urte haragia jateari utzi zion artzaina –esnekiak eta arrautzak jaten ditut–, izan ere. Eta egun ditudan lanbide eta bizimodua izanda, barrenak astindu egin zaizkit. Artzain garaiaren hasiera-hasieratik bizi nuen inkoherentzia hazten joan da, eta dagoeneko ez zait lekurik geratzen. Konturatu egin naiz orduan erabakia hartzera bultzatzen ninduten arrazoiek, gaur ez dutela apenas indarrik. Orduan agroindustriaren kontrako iraultza zenak, orain eramango nindukeela, zenbait egoeratan, barazkirik ere ez jatera. Atzera begiratu, eta munduan dudan kokalekua aldatu egin da, eta horrek fitxa guztiak mugitu egingo dituela uste dut. Dena den, eskerrak eman behar dizkiot bizitzari. Izan ere, uste dut barazkijalea izatera bultzatu ninduten arrazoiek laguntzen didatela ahalik eta egokien tratatzen animaliak.
Zer edo zer sakonagoa dago elikaduraren eta janariaren atzean: munduan egoteko modu bat, munduari begiratzeko modu bat, mundua bizitzeko modu bat, mundua ulertzeko modu bat…
Haragijalea izan ala barazkijalea izan, sakontasun horretatik begiratzeko ordua iritsi da.