Urtzi Urkizu / 2019-02-19 / 313 hitz
Estereotipo femeninoak areagotzen ari dira iragarkietan. Hala ondorioztatu du CAC Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak, Eguberrietako kanpainan telebistan emandako iragarkiak aintzat hartuta —urriaren 10etik urtarrilaren 5era Kataluniako TV3, Super3/33 eta 8TV kateetan emandakoak zenbatu dituzte—. Estereotipo guztietatik %88,8 femeninoak direla jakinarazi dute.
2001. urtean hasi ziren Katalunian jostailuen kanpainak aztertzen, eta genero estereotipoak, oro har, gutxitu egin dira. Baina, azkenaldian estereotipo maskulinoek beherantz egin badute ere, estereotipo femeninoak %20 ugaritu dira aurreko urtearekin alderatuz gero. Gehien erabiltzen diren estereotipoen kontakizunean neskak soilik beste neska batzuekin jolasten agertzen dira, edo neskak panpinekin jolasten; zehatzago esanda, protagonista soilik neskak diren iragarkien %84,9tan neskak panpinekin, animaliekin edo fikzioko animaliekin jolasten agertzen dira. Iragarkien erdietan baino gehiagotan nesken akzioa barruko espazio batean izaten da, eta eremu horren tonalitatea argia, pastel kolorekoa edo arrosa da.
Iragarkietan erabiltzen den hizkuntzari dagokionez, kontzeptuek mundu idilikoak eta magiazkoak irudikatzen dituzte; kasu askotan, panpinen munduekin lotutakoak.
Haur youtuberrekin kezka
Datuak ematean, Roger Loppacher Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko presidenteak salatu du estereotipo femeninoen joerak gorantz jarraitzen duela. «Kezka handiz ikusten dugu Youtubeko jostailu kanalek egiten dutena ere. Audientzia masiboak dituzte, eta estereotipo femenino guztiak erreproduzitzen dituzte», azaldu du Loppacherrek. «Aktiboagoak eta beligeranteagoak izan beharko genuke estereotipoen presentzia salatzeko orduan, bai telebistakoak, bai Youtubekoak».
Kataluniako erakundeak aurreneko aldiz aztertu ditu Interneteko plataformetako kanalak: Youtube, Dailymotion eta Vimeo. Ondorioztatu dute Youtubeko zenbait kanalek milioika jarraitzaile dituztela. Bada kanal bat, esate baterako, non bi ahizpa diren protagonista, 7 urtekoa bata eta 6koa bestea: Las ratitas du izena, 11 milioi harpidedun ditu, eta hiru hilabetean 2.500 milioi bisita izan zituzten haien bideoek. Txostenean jaso dutenez, bi neska protagonistak askotan beren itxura fisikoarekin kezkatuta agertzen dira: makillatu eta orraztu egiten dira, jostailuak erabiliz. Kozinatzen eta etxeko garbiketekin lotutako aktibitateetan ageri dira beste batzuetan, sustatzen diren panpinen laguntzaz.
Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren arabera, Youtubeko bideoek telebistako iragarkietan agertzen diren eskema estereotipatuak erabiltzen dituzte. Erakundeak uste du bideo horiek hain era masiboan zabaltzeak mezu estereotipatua gehiago zabaltzea erraztu dezakeela.