Iker Tubia / 2019-02-27 / 707 hitz
Zenbait herritan hasiak badira ere, bihar ekinen diote herri gehienetan inauterietako ospakizunei, bai Euskal Herrian, baita Europa osoan ere. Han eta hemen, landa eremuko erritu eta tradizioetan antzeko elementuak ikus daitezke, kontinenteko kulturen loturaren ondorioz, aditu batzuen ustetan.
Hartza, Miel Otxin, joareak, zaldikoak, koloretako apaingarriz beteriko dantzari garbiak, mozorro beltzak… Horiek eta antzekoak kalera aterako dira, beste urte batez, inauteriak ospatzeko. Nekazaritza eremuetako inauteriek jarraitzen baitute gizarte postmodernoan. Tokian toki bereizgarri dira inauteriak, baina, era berean, gai eta elementu anitz partekatzen dituzte haien artean. Bisitari galduentzat, zaila izan liteke Euskal Herrian edo beste herri batean daudenetz jakitea. Europako neguko bestak bereizgarri eta komun baitira.
Ezaugarri horiek identifikatu, bildu eta erakutsi zituen duela urte batzuk Carnival King of Europe (Inauteria Europako Errege) egitasmoak. Proiektuaren atzean zen Museo degli Usi e Costumi della Gente Trentina, Italiako Trentoko museo etnografikoa. Hango eta hemengo zenbait inauteri aukeratu, bertatik bertara ezagutu, eta alderatu egin zituzten. Emaitza sarean dago, www.carnivalkingofeurope.it webgunean. Konturatu ziren inauteri horiek zenbait gauza komunean zituztela: morrosko joaldunak, dantzari ttuntturrodun finak, ezkontzaren irudikapena, pertsonaia bitxien inbasioa eta panpina edo irudi baten epaiketa eta heriotza.
«Badirudi, eskura ditugun zantzuen arabera, erritu hauek Europako kulturaren erdigunera garamatzatela; gutxienik, jatorrizko nekazari ingurura», azaldu dute proiektuko kideek. Adibidez, joaldunak aurki daitezke Europako luze-zabalean: Mamuthones deitzen dira Sardinian, Zamarraco Espainian, Survakar Bulgarian, Ta Grdi eta Kurent Eslovenian… Ez da han eta hemen errepikatzen den pertsonaia bakarra. Atzo Lazkaon (Gipuzkoa) aurkeztutako Taming Winter filmean Europako zenbait tokitako hartzaren errituak ageri dira. Ospatzeko moduak ere antzekoak dira: puska biltzea da azpimarragarriena. Ohikoa da ere panpina bat epaitu, exekutatu eta erretzea. Herri askotan inauteria bera irudikatzen du panpinak.
Antzekotasun agerikoenez gainera, xehetasunetan ere ikus daiteke inauteri horien arteko gertutasuna. Oier Araolaza dantzari eta antropologoak aipatu ditu haietako batzuk. Adibidez, aurpegi belztuak. Ingalaterran eztabaida handia dago, arrazakeria ikusten baitute bertan, jatorria beltzen imitazioan dagoela uste dutelako. «Begirada zabalagoa eginda, Euskal Herrian ditugu Olentzero, kauterak, buhameak, Goizuetako zomorroa, mozorroak… Denak ezin dira azaldu pertsona beltzen imitazio moduan. Ez du zentzurik. Zerbait sakonagoa da».
Beste ezaugarri bat: isipua. Hondarribian (Gipuzkoa), eske errondan isipu batekin garbitzen dituzte atariak. Hori bera behin eta berriz ageri da inauterietan: Txerreroa, joaldunak, kottilungorriak… Zalduondoko inauterietan (Araba), batzuek errautsak bota, eta besteek erratzarekin garbitzen dute. «Testuingurutik kanpo, detaile txiki eta zentzurik gabekoa izan zitekeena, hor dago, Europako hainbat neguko festatan: pertsona bat, erratzarekin, festarako tokia garbitzen».
Tradizio komuna
Giovanni Kezich Trentoko etnografia museoko zuzendari eta antropologoak dio Europako kontinente osoa inauteri tradizionalez josirik dagoela, batik bat landako eremurik sakonenak. «Pertsonaia erritualak urtean behin itzultzen dira herrietara, arbasoak balira bezala». Inauteriak Europako fenomeno bat direla dio, bertan sortu zirenez gero. «Ezaugarri berak dituzte jatorri bera dutelako. Inauteri erritu tradizionalak usadio paganoen laburpena dira, gehienak emankortasunari loturiko errituak dira, bizitzaren, sexualitatearen eta heriotzaren adierazpenei loturik. Erroma arkaikoaren garaitik heldu dira». Erritu horien bilakaeratik sortu ziren inauterietako desfile modernoak Pizkundeko hirietan, antropologoaren arabera.
Araolazak dio «agerikoak» direla antzekotasunak, baita «harrigarriak» ere. «Horrek adierazten du badagoela Europan hondo komun edo kultura partekatu bat. Kultura horrek ibilbide, zabalkunde eta hedadura handia izan duela ikusten da. Inauteriak izan daitezke kultura erritual horien aztarnak gordetzen dituzten praktikak». Baina, kasu. «Erantzun askorik ez dago oraindik horren inguruan». Noiz, nola eta non sortu, garatu eta zabaldu zen kultura hori? Juan Antonio Urbeltzek Neolitoaren zabalkundearekin lotzen du, adibidez.
Aitzpea Leizaola antropologo eta EHUko irakasleak beste aspektu bat aipatu du: erlijioaren eragina. Izan ere, katolizismoa eta ortodoxia nagusitu ziren eremuetan gorde baita tradiziozko inauteria hobekien. Inguru protestanteetan inauterietako ohiturak apalagoak dira. «Kristautasunak joera sinkretikoa du. Debekua eraginkorra ez denean, bere egiten ditu ohiturak, eta forma aldatzen die». Adibidez, ilargi egutegia hartu zuen kristautasunak, eta inauterien datak horri loturik dira. «Joera sinkretiko horrek azaldu dezake zergatik mantendu diren inguru horietan. Protestantismoan gehiegikeriak ez du tokirik».
Jatorriari dagokionez, Leizaolak uste du «arreta handia» jartzen zaiola: «Iraganari erreparatzen diogu etengabe, zenbat eta urrunago dagoenari. Eta garrantzitsua da, dudarik ez dago, baina orain gertatzen dena, garaikidea ere oso interesgarria da, hor ikusten delako gaur egun zein diren inauteriak ospatzeko gakoak». Iragan horren interpretazioa gaur egunetik egiten da inauterietan.
Araolazak uste du garrantzitsua izan daitekeela Europako testuingurua ezagutzea, kulturari balioa ematen diolako. Praktika hauek egiteko arrazoiak orain ongi ulertu edo ezagutu ez arren, «badaezpada ere» tradizioa mantentzen dute. «Balioa ematen dio praktika berari; ardura eta harrotasuna ematen die, ondare bat dutelako esku artean».