Gaizka Izagirre / 2019-03-26 / 1684 hitz
Ez dezagun ahaztu, animaliak gara. Hori ahaztean azaldu ohi dira gizakiaren alderik basati eta zitalenak. Balio beza atal honek gure animalia izaera goraipatu eta beharrean dauden beste animalien berri emateko.
“Oraindik gogoan dut gure kotxe gorriaren atzeko atea ireki zenuen egun hura. Nire pilota gustukoena esku artean zenuen arren, zure aurpegiak ezohiko keinu bat transmititzen zuen, baina berdin zitzaidan. Oso pozik nengoen, zurekin jolasteko irrikatan, beti bezala nire buztantxo beltza etengabe mugituz. Azkenean jaurti zenuen nire pilotatxoa. Inoiz baino urrunago. Aurkitu eta zeunden tokira iritsi nintzenean ordea, desagertu egin zinela konturatu nintzen. Ez zu, ez gure kotxe gorria. Arrastorik ez. Ezker-eskuin begiratzen hasi nintzen, urduri. Non sartu zinen? Zergatik utzi ninduzun hor? Txakur-kume guztien artetik ni aukeratu ninduzuenean zoriontsu ikusten zitzaizun. Egun horretatik aurrera familia bat osatu genuela uste nuen. Egia da 8kg pisatzen nituela eta gaur egun 30, baina barrutik berbera izaten jarraitzen dut. Berdin-berdin maite zaituztet. Zuek jada ez nauzue maite? Non zaudete? Beldur naiz. Nora joango naiz? Zer egingo dut? Ez dakit non nagoen. Nirekin haserretu zarete gehiegi hazi naizelako?“
Etxauri herri nafarrean animaliak maite dituzten emakume talde bat dago, Etxauriko Neskakbezala ezagutuak. Ahulenen alde arraun egiten dute egunero; baztertuak, abandonatuak, objektu miserable gisa tratatuak izan diren txakur eta animaliei bigarren –ala enegarren– aukera bilatzeko asmoz. Arantxa Orkoien, Susana Garmendia eta Miram Ortiz-ekin egoteko aukera izan dugu eta herrian bertan elkartu gara.
Kontakizun horren protagonistaren izena ez dugu ezagutzen. Baina aurkeztu berri diguten zortzi urteko Kai txakurraren kasua izan liteke. Bost urte beranduago bakarrik jarraitzen du. Ahalik eta bizitza duinena ematen saiatzen ari diren arren, familia baten beharra du. Etxe baten goxotasuna eta maitasuna, besterik ez. Bitartean, Etxauriko neskei esker bizirik dirau. Baina bere argitxoa itzaltzen ari da, lau hormen artean igarotzea kondenatua baitago. Bera bezala, badira beste hainbat txakur. Gizaki askoren arduragabetasunaren erruz, merezi gabeko ehunka animalien bizitza tamalgarria, latza eta tristea bilakatu da.
Noiz eta zergatik hasi zineten?
Arantxa Orkoien. Orain urte batzuk, Etxauriko txakurtegian zeuden txakur ugari hil egin behar zituztela eta, laguntza eske bidali zuten e-mail kate baten ondorioz hasi zen guztia. Garai hartan, astero hiltzen zituzten animaliak, bereizi gabe gainera.
Diru-laguntzarik baduzue?
Miriam Ortiz. Ez. Pertsona partikularren aldetik iristen den laguntza da gure egungo sostengu bakarra.
Eta nola egiten duzue zuen egunerokoarekin tartekatzeko?
A.O. Ez da erraza. Ofizialki lau neska bagara ere, zazpi lagunen artean eramaten dugu guzti hau aurrera. Gure bizitza pertsonalarekin bateratzea ez da batere erraza, batzuk amak gara, langileak, ahizpak, lagunak… zereginak eta kezkak dituzten pertsona arruntak azken finean. Baina animaliak hainbeste maite izanak, denbora ez dagoen tokitik ateratzeko ahalmena eman digu. Bizidun hauek gure bizitzaren zati dira, gure bizitza dira, hobe esanda. Pertsona-armada bati esker, donazioak, sare sozialetako adopzioen zabalkuntza, harrera-etxeek eta abar luze batek osatzen duen “Etxauriko unibertsoa” sortu dugu.
Nola eragiten dizue txakur guzti hauen sufrimendua egunero-egunero lehen pertsonan bizitzeak?
A.O. Sekulako inpotentzia sentitzen dugu, baina guztiok bide eta prozesuaren parte izaten ikasi dugu. Nire kasuan, Etxauri lehen aldiz zapaldu nuenean negarrez hasi nintzen, ezin nuen gelditu. Garai hartan, animaliak 40 kaioletan pilaturik zeuden eta txakurtegia sarraski zentro moduko bat zen. Baina trabaz beteriko bide hau ibiltzen joan garen heinean, eta gauzak aurrera eramatea lortzen dela konturatuz, aurrera egiteko motibazioa bilatzen ikasi dugu, edalontzia erdi betea ikusteko indarra lortu dugu. Halere, inpotentzia une oro sentitzen jarraitzen dugu. Badira “ohitu egiten zarela” dioten hainbat pertsona, baina gezurra galanta da. Animalia hauek jasaten duten bakardadera, etsipenera eta abandonura, ez zara inoiz ohitzen.
Orain urte batzuk izan ziren uholdeen ondorioz, txakur ugari hiltzeko zorian egon ziren eta polemika apur bat sortu zen sare sozialetan. Zer gertatu zen zehazki?
A.O. Garai hartan Dani Aranaz zen txakurtegiaren kudeatzailea eta gertaturikoa saihestu zitekeen zerbait izan zen, argi eta garbi. Txakurtegia uholde-lautada baten gainean eraikia dago eta estolda-zuloak aspalditik aldatu behar zirela jakina zen, baina uholde larri batzuen erruz, ura txakurren kaioletan sartzen hasi zen. Bertan itota hiltzeko arriskua zegoen arren, ez zuten inongo ebakuaziorik egin. Gu, 19:00etan bertara iritsi ginenean, ura belauneraino iristen zitzaigun. Ahal genuen guztia egin genuen, baina ateak itxi eta bota egin gintuzten. Mugikorra hartu eta sare sozialetan txakur guztiak itotzen ari zirela salatu genuen, laguntza eske. Euskal Herri osoko 500 pertsonek baino gehiagok erantzun zuten. Orduan konturatu ginen ez geundela bakarrik, mirari txiki bat izan zen. Txakurren gehiengoak salbatu egin ziren arren (ehundik gora), bostek bizitza galdu zuten. Batzuen arduragabetasun eta kudeaketa txar baten erruz, guztiak hiltzeko zorian egon ziren. 2015. urtetik aurrera kudeatzaile berriek, ebakuazio-plan berri bat proposatu zuten. Hiru aldiz gauzatu da geroztik eta uholde arriskua dagoen bakoitzean, txakur guztiak ebakuatu eta arriskua dagoen bitartean, beste egoitza batzuetara eramaten dituzte.
M.O. Txakurtegi eraikina bera, Nafarroako gobernuak kudeatzen du. Guk ez dugu inongo babesleku fisikorik, txakurtegian bertan lan egiten duen elkarte bat gara eta. Bertan dauden txakurrei laguntzeaz gain, guk geuk erreskatatzen ditugun animaliak harrera etxeetan eta txakur-egoitzetan izaten ditugu. 2014ko azaroaz geroztik, animaliak maite ditugun pertsonok kudeatzen dugu eta Animalien Babesleku Zentroa izena jarri diogu. 2010ean “0 hilketa legea” adostu orduko kudeatzaileekin; guk txakur guzti horien alde borrokatzeko ardura hartu genuen (paseatu, garbitu, jaten eman, etxe bat bilatu, erreskatatu…) eta beraiek trukean inoiz ez zituztela hilko agindu ziguten. Gaur egun Etxaurin dauden animaliek kalitatezko pentsua jasotzen dute, albaitariaren kontrola izaten dute, egunean bi aldiz askatzen ditugu zelaian eta, batez ere, sekulako maitasuna eta zaintza eskaintzen saiatzen gara.
Txakurren abandonuari dagokionez, onerako ala txarrerako, joera aldaketarik nabari duzue azken urteotan?
S.G. Animaliekiko dugun kontzientzia hori aldatzen ari da, baina oso poliki. Nabarmen hobetu dena adopzio kopurua eta hauen kalitatea izan da. Baina bide luzea geratzen da oraindik. Gaur egun, erreminta gisa erabiltzen diren txakur ugari daude, “alferrikakoak” iruditzen zaizkienean, abandonatu egiten dituztenak. Legedia ez betetzea ere oso ohikoa izaten da: mikrotxip gabeko txakurrak, hazkuntza ilegalak, baserrietan bizi osoan zehar loturik daudenak eta abar luze bat.
Zein da gehien abandonatzen duten txakur mota?
A.O. Etxaurira iritsi ginenean, ehiza eta artzain txakur pila zeuden. Gaur egun, Mastin arrazako ugari iristen diren arren, joera aldaketa bat sumatu dugu: ‘txakur arriskutsu’ bezala katalogatuak diren horiek dira gehien iristen hasi direnak (Pit Bull, Staffordshire Bull Terrier, American Staffordshire…).
Krisiak eraginik izan al du abandonu kopuruan?
S.G. Aitzakiak era guztietakoak eta ugariak izaten dira: “Txakurra gehiegi hazi da”; bizimodu aldaketa baten ondorioz, “zaindu ezin dituztenak”; gehienetan gezurra izaten diren “alergiak”, bikote hausturak, umeen jaiotzak, gaizki hezi diren txakurrak, eta abar. Imajinazio asko eta ardura gutxi.
Gabonak pasa berri dira, eta jendeak, adoptatu beharrean, txakurrak erosten eta oparitzen jarraitzen du?
A.O. Bai, eta uste duguna baino gehiago gainera. Animalia batengatik ordaintzea krimen bat iruditzen zait. Jendeak txakurrak erosten jarraituko du beti, baina egia da babesleku eta txakurtegietara geroz eta jende gehiago etortzen dela, kontzientzia aldatzen ari da pixkanaka.
Mundu guztiak zuena bezalako zentro bat bisitatuko balu eta errealitate gordina ezagutu, pentsaera hori aldatuko litzateke?
A.O. Bai, baina ez bakarrik erosteari dagokionez. Guk beti eskatzen dugu, norberaren etxetik gertuen duen txakurtegia bisita dezatela. Agian ezin izango dute adoptatu, baina ziur ez direla hortik axolagabe irtengo, bizitza latz horiek aldatzeko zerbait egiten saiatuko dira, ziur.
Zer egin dezakete?
M.O. Modu ugari daude: denboraldi baterako adopzioak eginez, garraio solidarioak, sare sozialetan jartzen ditugun albisteen zabalkuntzan lagunduz, ekarpen ekonomiko txikiren bat eginez…
Eta lerro hauek irakurtzen dagoen norbait txakur bat adoptatzen animatuko balitz?
A.O. Lehenik eta behin “bizi osorako” leloa garunean ongi txertatua izan behar duten pertsonak izan daitezela, maitasun desinteresatua eskaintzeko prest daudenak eta arduratsuak. Hori horrela izanik, zuzenean Etxauriko Animalien Babeslekura etor daitezela. Ekarri beharrekoa: NAN txartela, txerto eta txiparen kostua ordaintzeko dirua (55 euro inguru) eta Nafarroako gobernuari bidali behar zaion ordainketa-eskutitz moduko bat (15 euro). Bestela, gure sare sozialetan ikusitako txakur bat adoptatu nahi izanez gero, txikasetxauri@gmail.com helbidera idatzi ala Facebook-etik mezu pribatua bidali. Lehenik galdetegi bat egingo diegu eta guztia ondo badoa, adopzioak aurrera egingo du. Guk animaliaren jarraipena egingo dugu.
Zerbait gehitu nahi baduzu…
S.G. Bai. Jarri zaitezte beraien azalean eta egin zerbait, mesedez!
KONTZEPTUAK ARGITUZ
Abandonaturiko animalien zifrak
Euskal Herri mailan datu ofizialik ez dagoen arren, estatu espainiarrean, Affinity fundazioak hogei urte daramatza abandonaturiko animalien inguruko datu eta zifrak biltzen. Garrantzitsua da esatea, datu hauek, animaliak babesteko zentroetatik igortzen dituztela eta bertara iristen diren kasuak soilik izaten direnez, aukera asko daudela zifra hori altuagoa izateko. Erakunde hau gainera, Animalien Justizia eta Defentsarako Behatokiarekin batera, kode zibilean, hiru lege aldatzea proposatu zuen Espainiako Kongresuan, animaliak objektu izatetik eskubidedun izaki bizidunak izatera heltzeko. Hemen datuak: www.fundacion-affinity.org.
Beste datu batzuk
2015ean Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioak eskainitako datu ofizialei erreparatuta, honako ondorioak topatu daitezke:
Txakurrak
“Oparitu egin zidaten”, gehien errepikatu zen erantzuna (%53). Adoptatuko txakurren portzentaia %21,8koa da, gainerakoak denda ala txakur-hazleei erositakoak dira.
Katuak
Katuen kasuan, zifrak desberdinak dira, %44,7k “kalean aurkitu nuen ala adoptatu nuen” diote eta %11,2k dendetan erosi dituzte.
Araudia Euskal Herrian
Une honetan indarrean dagoen dekretua, 2004ko ekainaren 1ean sinatu zen. “Euskal Autonomia Erkidegoan txakurrak edukitzeari buruzko” legediaren barruko zortzigarren artikuluak honela dio:
– Txakurrak abandonatzea eta txakur horiek jasoko dituzten zentroak.
1. Animaliak Babesteari buruzko Legearen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, abandonatutako txakurtzat hartuko da identifikatu gabe dagoen eta bakar-bakarrik dabilen txakurra; txakur abandonatua izango da, halaber, nahiz eta identifikatuta egon, jabeak edo baimendutako pertsonak galdu egin dela salatzen ez badu ezarritako epean.
2. Eskumena duten Udalek eta Foru Aldundiek jasoko dituzte abandonatutako txakurrak, bai eta identifikatuta egon arren, jabearen inolako kontrolik gabe noraezean dabiltzan txakurrak ere. Txakur horiek erakunde horien eskuetan egongo dira, harik eta berreskuratzen, ematen edo hiltzen diren arte.
Horretarako, Udalek langile eta instalazio egokiak izan behar dituzte, edo bestela, hitzartu egingo dituzte zerbitzu horiek honako erakunde hauekin guztiekin: Administrazioarekin lankidetzan diharduten animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteekin, udalaz gaindiko erakundeekin, Foru Aldundietako organo eskudunekin, edo gune zoologikoen baimen, erregistro eta kontrolari buruzko Dekretuaren arabera baimendutako txakurren nukleo zoologikoekin.
3. Identifikatu gabe dagoen txakur bat, gutxienez, 30 egun eduki beharko da hartuta. Epe hori igaro eta txakurrarengatik inork galdetu ez badu, hil egingo da —aurrez identifikatuta—, norbaitek bere egingo du, edo hirugarren bati emango zaio.
Txakurra identifikatuta badago, jabeari jakinaraziko zaio froga eta guzti txakurra jaso edo hartu egin dela, eta jabeak zazpi egun baliodun izango ditu txakurra berreskuratzeko; aurrez, txakurra zentro horretan edukitzeak sortu dituen gastuak ordaindu beharko ditu. Epe hori igaro eta jabeak txakurra berreskuratu ez badu, adierazitako hori egingo zaio txakurrari.
4. Txakur bat abandonatzea arau-hauste oso larria izango da Animaliak Babesteari buruzko Legearen 27.3 b) artikuluaren arabera.