Jaione Dagdrommer / 2019-03-14 / 468 hitz
Martxoaren 15ean, mobilizazioak deitu dira klima aldaketa eragiten ari diren politiken aurka. Europako ikasle mugimendutik bultzaturiko mobilizazio hauek Euskal Herrira ere iritsi dira.
Klima aldaketa errealitate bat da, 2100. urterako ez omen da Australian negua urtaro bezala existituko, baina zer egin honen aurrean? Norena da ardura? Planeta suntsitzearen aurkako borroka hil ala biziko auzia bilakatu da. Aurreikusten denaren arabera gizateriak 12 urte ditu ingurugiroaren hondamendi katastrofikoa saihesteko. Iazko urtea 1850etik izandako laugarren urte beroena izan zen eta datozen bost urteetan inoizko tenperaturarik handienak aurreikusten dira hiri handienetan. Ozeanoak oxigeno asko galtzen ari dira itsasoko ura berotu delako, itsas-maila metro erdi igoko da datozen 80 urtetan eta arazo larriak eragingo ditu kostako herri eta hirietan. Kalkuluen arabera, hamar urte barru, planetaren berotzearen ondorioz, Artikoa erabat urtuko da udan.
Aldaketa klimatikoaren aurkako mugimenduaren hastapenak 2018ko abuztuan eman ziren. Greta Thunberg aktibistak ostiraletan eskolara joateari utzi zion Stockholmeko parlamentuaren aurrera joan eta aldaketa klimatikoaren aurrean ekintzak exijitzeko. Ordutik asko hitz eginda aldaketa klimatikoak ekarri ditzakeen ondorio itzulezinei buruz; hainbeste ezen Interneteko desafio biral bihurtzera iritsi baita zaborra jasotzea!
Jakina da Interneteko erronkek oro har momentu dibertigarriak uzten baldin badituzte ere, entretenitzea beste helbururik ez dutela izaten. Oraingo honetan ordea, planeta salbatzea helburu duen erronka bat sortu da. Zaborrez beteta dagoen inguru natural batera joan, bertako zaborra bildu eta #trashtag traola erabiliz lehen nola zegoen eta zuk nola utzi duzun argazkiak igotzean datza erronkak. Ziurrenik gehiengoak like batzuk lortzeagatik egiten badute ere, ezer ez egitea baino hobea da, ezta?
Halere, erronka hutsal horiek soilik ez dute egoera aldatuko. Horregatik, Thunberg suediarraren jarraibidea segituz martxoaren 15ean mundu osoan greba deituta dago aldaketa klimatikoaren aurka agintariek neurriak har ditzaten. Euskal Herriko ikasle sindikatuak ere manifestazioak deitu ditu. Eguerdian hasiko dira eta euskal hiriburu gehienak zeharkatuko ditu: Bilbon Arriagatik aterako da, Gasteizen Bilbo plazatik, Donostian Boulevardetik eta Iruñean udaletxeko plazatik.
ZER ESKATZEN DUTE
Iazko azaroaz geroztik milaka eta milaka ikaslek klima aldaketaren eta honek ingurugiroan eragiten duen hondamendiaren aurkako mobilizazio erraldoiak egin dituzte Belgikan, Alemanian, Britainia Handian, Australian eta beste hainbat lekutan.
Bihar, martxoaren 15ean, Europako ikasle greba erraldoia deitu dute eta euskal ikasle sindikatuak bat egin du aktiboki mugimendu eta deialdiarekin. Hala adierazi dute: Planetaren biziraupenaren aldeko mobilizazioa ez da bereizten azken urteetan aldarrikapen sozialengatik edo hezkuntzaren aldeko aldarrikapenengatik egin ditugun borroketatik. Gurean hauxe da ikasleek eskatzen dutena:
- Zubietako erraustegia gelditu. Ez dute negoziorik nahi ekologismoarekin.
- Energia eta erregaiak sortzen dituzten multinazional guztiak nazionalizatzea eta inbertsio plan publiko bat egitea energia industria erabat ekologikoa eta jasangarria izan dadin. Energia pobreziari ez!
- Kalitatezko eta doako garraio publiko eta ekologikoaren alde. Inbertsio masiboa hiriak %100 jasangarriak izan daitezen.
- Automobil, aeronautika eta ontzigintza industriaren nazionalizazioa eta horien eraldaketa ekoizpena bideragarria eta ez kutsagarria izan dadin.
- Lurraren, abeltzaintzaren eta elikagai prozesamenduen industriaren nazionalizazioa. Elikagai jasangarri, ekologiko eta osasuntsuak nahi dituzte gizarte osoarentzat.
- Langileen eta gazteen osotasunaren kontrol demokratikoaren baitan planifikaturiko ekoizpen jasangarria.