Alvaro Martinez / 2019-03-23 / 525 hitz
Martina Navratilova tenislari ohia munduko tenislari arrakastatsuenetarikoa izan zen. Emakume homosexuala izateagatik ere ezaguna da. Azken egunotan, ordea, bere adierazpen batzuek hautsak harrotu dituzte. Bere aburuz, emakume transexualak, zehazki “emakume bilakatutako gizonak” edo “testosterona maila handia duten emakume gizonduek” emakumeen kirolari kalte egiten diote.
Baina zergatik diote Navratilovak eta besteek transexualek emakumeen kirolean eragin txarra izan dezaketela? Gizon eta emakumeen arteko alde fisikoak agerikoak dira. Horregatik gizonen ezaugarriak dituen emakume bat beste emakumeen aurka lehiatzean, abantaila handia du.
Caster Semenya da agian, kasu nabarmenena. Caster Semenya hegoafrikako atleta bat da. Kirolari honek, 800m-ko lasterketan, urrezko domina lortu zuen 2009ko eta 2017ko atletismoko mundu-txapelketan, eta hori gutxi balitz, urrezko domina irabazi zuen 2016ko Rio de Janeiroko olinpiadetan. 2009an, Semenyak lehenengo postua lortu zuenean, berarekin korrika egin zuten bestelako korrikalariek Semenyaren sexuaz susmatu zuten, itxura erabat maskulinoa zela eta. Azterketa batzuk egin eta gero, Casterrek anomalia kromosomiko bat bere gorputzean zuela antzeman zuten, ez zuelako ez uterorik ez obulurik, baina testikulu batzuk zituen bere barruan. Atletismoko Munduko Federakundeak (IAFF) ez zekien zer egin, ez zutelako inolako legerik transexualentzako, beraz, gaur egun Caster Semenyak emakumeen mailan korrika egiten jarraitzen du. Egunotan, epaiketetan horren inguruan erabakia hartu behar dute.
Lehen esan dudanez, emakumeen eta gizonen arteko alde fisikoak oso nabariak dira. Kirol batzuetan, emakumea gizona baino hobea izan daiteke, baina beste kirol batzuetan alderantziz gerta daiteke. Transexualen kasuan, aldiz, haiek erabaki dezakete ze kirol mailatan jokatu nahi duten, baina nire ustez, hori ez litzateke bidezkoa izango beste jokalarientzat.
Egia da pertsona bakoitzak erabaki dezakeela zer sexuko pertsona izan nahi duen, baina kirolaren arloan desberdintasun handiak daude bi sexuen artean alde fisikoa dela eta. Sexu bateko pertsona batek haren kontrako sexuen kontra jokatzen duenean -bereziki gizonen ezaugarriak dituena emakumeen kategorian sartzean-, sortzen den abantaila ikaragarri handia izan daiteke, biak anatomikoki desberdinak direlako eta erraztasun handiagoa izan dezaketelako. Casteren kasuan ikusi dugunez, beste emakumeek baino testosterona maila handiago zuen, eta horrek azkarrago korrika egitea eragiten zuen, eta horrela sariak ziurtatzen zituen.
Transexualen arazoa negozio gisa erabil daiteke, gainera. Sexuz aldatu diren kirolariek haien baldintza berriak erabil ditzakete sariak eta dirua lortzeko. Pertsona hauek ez lukete arazorik izango haien emakumezkoen aurkakoei aurre egiteko, eta legea aldatu ezean, horrela egon daitezke bizitza osoan. Dominak lortzeko zailtasunak dituzten herrialdeek tentazioa ere izan dezakete, kirolari arrakastatsuak lortu ahal izateko.
Hainbat adituk irtenbide zail bat proposatu dute. Zenbaiten ustez transexualen ligak edo txapelketak sortzea egokiena izango litzateke. Transexualen liga sortzean, bakarrik haiek lehiatuko lirakete, emakumeen edo gizonen txapelketetan bezala. Askok diotenez, konponbide hau pixka bat diskriminatzaile izan liteke. Hirugarren liga bat sortzean, transexualak bereizten dira eta ez dira gizon edo emakumetzat hartzen, baizik eta beste zerbaiten moduan. Horrez gain, ikusleria txikiegia izango litzateke.
Kirolen federazioetako partaide batzuek kiroletako arauetan aldaketak egitea proposatu dute, kirola sexura egokitzeko. Hauen ustez, adibidez, futbolean, neskak 90 minutu jokatu beharrean, 75 edo 80 minutu jokatu beharko lukete.
Berez, hainbat adibide daude non hau gertatzen den:
-Tenisean 5 set ordez 3 set jokatzen dute emakumeek.
-Txirrindularitzan etapa gutxiago eta motzago dituzte.
-Arraunketan, denbora eta distantzia laburragoa txapelketetan.
Nire ustetan, hau ez litzateke egokia, zeren honela emakumea ahultzat hartzen dugu. Eta gaur egun berdintasuna eta “emakumeak edozer egiteko gai” direla etengabe aldarrikatzen da. Berdintasuna, eskubide zein ahaleginean.