Esklabotza oraindik existitzen da

Gazteberri / 2019-03-27 / 626 hitz

Walk Free fundazioak egiten duen Esklabotzaren Indize Orokorraren arabera, pasa den urtean 40,3 milioi inguru esklabo zeuden mundu osoan, baita herrialderik garatuenetan ere

Gezurra badirudi ere, 2018. urtean 40,3 milioi esklabo zeuden mundu osoan. Kontuan hartu behar da esklabotza ofizialki debekatuta dagoela munduko ia herrialde guztietan. Horietatik guztietatik, % 71 emakumeak ziren eta % 62k bortxazko lanak egiten zituen. Datu horiek guztiak Walk Free australiar fundazioak egin duenEsklabotzaren Indize Orokorra txostenean jasotzen dira.

Historikoki, esklabotza pertsona batek beste pertsona batengan zuen jabego legala bezala ulertu izan da. Gaur egungo esklabotza, berriz, beste modu batean ulertu behar da. Horregatik, esklabotza denaren eta ez denaren arteko muga, sarritan, nahiko lausotuta azaltzen da. Baina, azken finean, pertsonak ondasunak izango balira bezala tratatzen badira, esklabotza da. 

Gaur egungo esklabotza terminoak menderatzeko eta esplotatzeko zenbait modu jasotzen ditu: pertsonen salerosketa, joputasun egoeran egiten diren lanak, derrigorrezko ezkontzak, delituak egitera behartuta dauden pertsonak edo sexualki esplotatuak direnak.

Walk Freeren ustez, esklabotza garaikidearen ezaugarri nagusi bat da, mehatxuak, indarkeria, hertsadura, engainuak edo abusuak direla eta, pertsonek ezin dutela esplotazio egoeratik ihes egin. 

Europan ere

Eta kontrakoa pentsa badaiteke ere, esklabotza ez da soilik gabezia demokratiko nabariak dituzten edo gerra egoeran diren herrialdeetan ematen. Pertsonen salerosketa eta “lan esklaboa” Europan ere aurki daiteke; hori da, hain zuzen ere, Europako Kontseiluko Gizakien Salerosketaren Kontrako Adituen Taldeak azaltzen duena. Aipatu taldeak 2017. urteko abenduan argitaratu zuen txostenean azpimarratzen zenez, biktimei lan egitera behartzea helburu duten salerosketak eta esklabotzak gora egin dute Europan. Belgika, Zipre, Georgia, Portugal, Serbia edo Erresuma Batua bezalako herrialdeetan, esplotazio mota hori, orain arte nagusi izan den sexu esplotaziorako salerosketa baino handiagoa omen da. 

Gaur egungo esklabotza, bereziki, nagusi da nekazaritza eta arrantza, eraikuntza, manufaktura-industria eta garbiketa-zerbitzuak bezalako sektoreetan. Kasu horietan guztietan, biktimak, nagusiki, gizonezkoak dira. Hala ere, emakumezkoen kasuan, esplotazioa antzematea zailagoa egiten da, hainbat kasutan, esplotazio hori etxeko esparruan ematen da, hots, etxe partikular baten pribatutasunean eta, hainbat kasutan, derrigorrezko ezkontza baten barruan.

89 milioi

Walk Freek egin duen txostenean azaltzen denez, azken bost urteetan, 89 milioi pertsonak jasan dute, nola edo hala, gaur egungo esklabotza formaren bat. Kalkulu horiek kontserbadoretzat jo daitezke, besteak beste, arabiar estatuetan diren edota hainbat talde armatuk errekrutatzen dituzten haurren inguruko datuetan diren hutsuneak direla eta.

Esklabotzaren Indize Orokorrak esklabotza modernoak bi faktorerekin duen harremana uzten du agerian: lehena, oso erregimen errepresiboak non hiritarrek erregimena habetzeko egin behar duten lan eta, bigarrena, gatazka egoerak non estatu soziala eta zuzenbide estatua, eta horiekin batera, babeserako egitura eta sistema guztiak desagertu diren.

Esklabotza maila handiena duen herrialdea, txostenaren arabera, Ipar Korea da. Herrialde horretan hamar pertsonatik bat gaur egungo esklabotza egoeran aurkitzen da eta hiritarren ehuneko handi batek estatuarentzat egin behar du lan. Nazio Batuak Erakundearen Ikerketa Batzorde batek ikusi ahal izan duenez, Ipar Korean ematen diren giza eskubideen urraketak ez dira soilik estatuaren gehiegikeriak; sistema politikoaren ezinbesteko osagaia dira.

Ipar Korearen atzean Eritrea aurkituko litzateke. Bertan, erregimen errepresibo bat da agintean eta errekrutatze sistema bat dute hainbat hamarkadaz bertako hiritarrak bortxazko lanak egiten mantentzeko. Aipatu bi herrialde horiekin batera, esklabotza maila altuena duten herrialdeak honako hauek izango lirateke: Burundi, Afrika Erdiko Errepublika, Afganistan, Mauritania, Hego Sudan, Pakistan, Kanbodia eta Iran. Herrialde horietatik, gehienetan, gatazkaren bat pairatzen ari dira eta horrek eragin zuzena du zuzenbide estatuaren ahulezian. 

Arazo globala

Txostena hausnarketarako datu bat ere utzi du: Barne Produktu Gordina altua duten herrialdeetan esklabotzaren nagusitasuna gero eta altuagoa da. Itxuraz, zuzenbide estatua osasuntsua den zenbait herrialdetan hainbat herritar (bereziki gutxiengo diren taldekoak) babesik gabe aurkitzen dira.

Globalizazioa dela eta gaur egungo esklabotzaren produktuek eta etekinek mugak gainditzen dituzte. Herrialde aberatsenetan asko dira inportatzen diren esklabotza modernoaren arriskua duten produktuak.

Esklabotzaren Indize Orokorrak esklabotzaren arriskua duten bost produktu nagusiak identifikatzen ditu: ordenagailuak eta sakelako telefonoak; arropa eta modako osagarriak; arrainak; txokolatea eta azukre-kanabera. Analisi horren arabera, G20 osatzen duten herrialdeek, urtero, aipatu produktu horietan 354 mila milioi dolar inportatuko lituzkete.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.