Ander Otaño / 2019-04-16 / 290 hitz
Gaur egun, mendebaldeko gizartearentzat bidaiatzeko arrazoi handiegirik ez da behar, baina, kasu honetan, aisia eta beharrak banatu nahi nituzke, izan ere, mundu globalizatu honetan, mugek garrantzia irabazi dute. Merkantziak garraiatzeko muga-zerga irekiak nahi ditugun bitartean, etxeko ateek itxita jarraitzen dute.
Horregatik, gogoan izan behar dugu Euskal Herria ere migratzailea izan dela, eta gure arbasoak atzerrira joanak direla. Horren adibide ditugu, arrantzale eta marinelei buruz entzun izan ditugun kondairak. Ez baitira kasualitatea, Red Bay-n, Islandian, Filipinetan edo Hego Ameriketan utzi ditugun aztarnak, ondorio positibo zein negatiboekin: bortxatzeen, gaixotasunen sorreraren, torturen eta lehengaien ustiatzearen isla dira. Ezagunenak Elkano eta Lope de Agirre ditugu.
Gizakiak, beti bezala, nomada izaten jarraitzen du, basamortuko lehorraldia arinduko duen oasiaren bila jarduten duena. Habitat egoki bat bilatzeko eginak gaude, eta, behin aurkitutakoan, bertako ezaugarri klimatologiko, litologiko eta orografikoak aprobetxatzen ditugu. Horrela sortu ziren lehen tribu edo zibilizazioak.
Euskal Herrian, goseteak, gerra karlistak eta Hego Ameriketako lurrazal berriak kolonizatzeko nahiak dinamizatu zuten giza migrazioa, hurrengo belaunaldietako sostengua sortzeko aukeraren ametsak bultzatuta. Irlanda ere horren adibide dugu: patataren gaixotasunak sortutako goseteak eta migrazioak bi milioi biztanle galtzea ekarri zuten,eta belaunaldi galdutzat hartzen dute.
Mundu berria zibilizatzera, hilketak, bortxatzeak, gaixotasunen zabalkuntzak, esklabotza… edo artzaintza egitera joan ginenok gaur egun arrazista bihurtu gara, lurraldetasun faltsuaren ereserkia eskuan dugula. Berriro ere, egoera ekonomikoaren mozkorraldiaren eraginpean gaude. Horregatik, pentsioen arazoa, gazteen langabezia eta lan prekarietatearen arazoa ez dute atzerritarrek sortzen. Erruduna ez da mafiaren eskuetan erori den gaztea, egoera hori sortu duen gizarte klasearena baizik. Horregatik, pedagogia kritikoaren beharrean gaude, izan ere, migrazioaren beharrean gaude; lan egiten duten gazteek etorkizuneko pentsioak ordainduko dituzte, eta aberastasun kulturala sortzeko abagunea da.
Aberastasuna ez baita diruaren metatzea; ezagutzan eta harremanen elkartrukean kokatzen da. Nongoak diren begiratu eta kritikatu beharrean, ikas dezagun Sahararen, Senegalen eta Ekuadorren testuinguru historiko eta kulturalaz.