Miquel Misse, soziologoa eta trans aktibista:«Transexualitateak genero arauen zurruntasuna adierazten du»

Maite Asensio Lozano / 2019-04-07 / 1410 hitz

Transexualitatearen inguruan zabaltzen ari diren diskurtso «esentzialistekin eta binaristekin» kritiko mintzatu da Misse. Berretsi du generoa eraikuntza sozial bat dela, eta kulturan kokatu du transen ezinegonaren jatorria. Hortik jarri du auzitan okerreko gorputzaren ideia.

Hausnarketa haragitua egin du Miquel Misse soziologo eta transexualak (Bartzelona, 1986) bere azken liburuan: A la conquista del cuerpo equivocado(Okerreko gorputza konkistatzera). Trans gorputzei buruz aritzeko, bere haragitan sentitutako ezinegonaren jatorria bilatu du, eta okerreko gorputzaren ideia deseraiki. Euskal Herrian izan zen joan den astean, lan hori aurkezten.

Liburuko lehen esaldia: «Sentsazio arraro bat dut: gorputza lapurtu didate». Zertan datza gorputzarekiko ezinegon hori?

Batetik, urte askoan, gizon baten gorputza edukitzeko desioan, eta, bestetik, azken urteetan, daukadan gorputza ezin maitatzearen frustrazioan. Baina nire gorputzari ez zaio ezer gertatzen: ez dago txarto, ez dago gaixo… Trans pertsona askok sentitu dugu gure gorputza ez dela gurea; nola da posible? Gorputza lapurtu digute. Transexualitatearen auzian ondoen funtzionatzen duen diskurtsoa biologizista da —«arazoa biologikoa da; beraz, ez duzu agentziarik»—, eta nire gorputzari buruz ere mezu horiek jaso nituen. Askotan saiatu naiz nire gorputzarekin adiskidetzen, eta, azkenerako, neure buruari baimena eman diot pentsatzeko beste gorputz bat posible izan zitekeela, beste modu batean bizi nezakeela gorputz hauxe bera.

Nondik dator okerreko gorputzaren ideia?

Transexualitatearen inguruko teoria klasikoak esan digu trans pertsonon gorputza eta genero identitatea ez datozela bat, gure garapen biologikoan ustez izandako alterazio baten ondorioz; hau da, pertsona bat ar gorputz batean jaiotzen bada, berez izan behar du gizon identitatea. Denbora askoan, gorputza eta identitatea bat ez zetozenean, behartu egiten zen: adibidez, elektroshock bidez. Oraingo ereduan, berriz, gorputza identitaterantz mugitzen da. Medikuek aukera hori ematen digute, eta trans askok ontzat jo dute gorputz okerraren teoria, eta eskatu egiten dute gorputza aldatzeko. Neurri batean, perbertsoa da, zeren oso zail bilakatzen baitu gorputzen lapurrak seinalatzea: «Zuek eskatzen ari zarete eta!».

Horren arabera, ez al da arraroa hainbeste pertsonengan bat etortzea beren sexu ezaugarriak eta genero identitatea?

Oso arraroa. Doktrina eta presio asko dago hor. Jendea ez da konturatzen genero identitate bat duenik ere: gehienek ez dute pentsatzen halako gorputz bat dutela eta emakume edo gizon sentitzen direla… Espero ez den genero adierazpide bat dutenek baino ez dute horretaz hausnartzen.

Zer dakar okerreko gorputzaren ideia auzitan jartzeak?

Onartzea gorputz horrekin bizi zitekeela presio sozialik ez balego; eta hori nahiko urrun dago transexualitatearen inguruko diskurtso askotatik. Batzuek galdetzen dute ea uharte jendegabe batean trans izango nintzatekeen; bada, ez, noski. Niri generoan trantsitatzeko eta nire gorputza arbuiatzeko ideia bururatu zitzaidan, hain justu, nire gorputzaren zati batzuei esanahi jakin bat eman dien gizarte batean nengoelako. Beraz, kulturarekin zerikusia badu, zergatik ari gara jendearen gorputza aldatzen? Ni ez nago gorputza moldatzearen aurka, baina bai gure ezinegonaren konponbidea gorputza aldatzean datzala dioen diskurtsoaren aurka. Beste irtenbide batzuk daude, baina konplexuagoak dira.

Zeintzuk?

Binarismoa borrokatzea, generoaren inguruko iruditeria eta gorputzen normatibitatea aldatuz; eta balio maskulinoen eta femeninoen arteko desberdintasuna borrokatzea, ez baita berdin genero batera edo bestera trantsitatzea.

Hortaz, identitatearen aitortzaz gain, badago egiturazko auzi bat ere.

Lotuta daude biak. Batetik, sistema honek fikzio bat sortu behar du: gizonak eta emakumeak baino ez daude, eta bakoitza modu zehatz batean portatzen da. Eta bestetik, bien artean harreman hierarkiko bat eraiki du; gizonen eta emakumeen artean ez ezik, maskulinitatearen eta feminitatearen balioen artean ere. Sistema hori hondatzeko, bi dimentsioetan sartu behar da: ez du balio genero desberdintasuna kritikatzea eta logika binarioa mantentzea, eta ez du balio binarismoa kritikatzea baina desberdintasuna mantentzea.

Nola lagun dezake bestelako gorputzen —adibidez, lodien— egonezina aztertzeak?

Lehenik, identitarismoa baztertu behar genuke —eta ez soilik trans auzian—. Kezkatzen nau trans mugimenduak esateak transek bakarrik hitz egin dezaketela gai honen inguruan, esperientzia esanguratsu bat dutelako —horrek berekin dakarrelako errealitatea ulertzeko beste modu bat eta hitz egiteko zilegitasun bat—, eta horrekin kritiko direnak transfoboak direla. Ni ez nago ados. Nolabait ere, badago esperientziaren idealizazio bat, nahitaez ezagutza bat emango balu bezala; eta bai, trans izateak esperientzia bat ematen du, baina esperientzia hori modu askotara landu daiteke. Nire trans aktibismoan, trans ez diren gizon eta emakumeekin lan egin dut beti, eta ezagutza ikaragarria ekarri diote borroka honi. Hortaz, gai izan behar dugu ohartzeko norbere esperientziak ez digula esklusibotasunik ematen, eta elkartzeko gorputzarekiko beste esperientzia batzuk dituztenekin, ikuspegi identitariotik aztertzen ez badituzte. Iruditzen zait eztabaida ireki behar diegula feministei, gizarte eraldaketaren alde ari direnei, edo arauetatik kanpoko gorputz bat edukitzearen estigmaz hitz egin nahi dutenei.

Azken urteetan transexualitateak ikusgaitasun handia lortu du. Zergatik?

Nire ustez, gero eta trans adierazpide onargarriagoak daudelako. Zergatik izan da hain onartua haur transen gaia, kontuan hartuta zer onarpen sozial txikia duten emakume trans sexu langileek, adibidez? Trans existentziaren modu batzuk errazago egokitzen direlako araura. Ikusgaitasun olatu hori lotuta dago gizartea malgutzearekin, baina baita jendeak ez uste izatearekin ere esperientzia horiek arriskuan jarriko dutenik genero sistema.

Haurren transexualitatea aipatu duzu. Zer gertatzen da mutil batek dioenean neska bat dela?

Larridura eragiten du bere inguruan, eta, kezka egoera horretan, jendeak konponbideak bilatzen ditu. Eta, gaur egun, haur transexualitatearen errelatoa konponbide bat da haientzat; lehen ez zegoen halakorik. Nire ustez, errelato hori errelato bat izan beharko litzateke, baina ez bakarra; ez egia absolutua, baizik eta azalpen posible bat. Mutil batek esaten duenean neska dela, nire iritziz, egin beharrekoa ez da hainbeste literalki hartzea esan duena, baizik haren alboan egotea pentsatuz zergatik uste duen neska dela. Hori esaten ari ote da berarengandik etengabe portaera maskulinoak espero dituen mundu batean bizi delako?

Alegia, gerta daiteke mutil batek esatea neska dela panpinekin jolastu nahi duelako?

Bai, noski. Burmuinean alterazio bat daukala pentsatzeak baino zentzu handiagoa du horrek. Umeek ez dute adierazten genero trantsizioarekin lotutako desio bat, baizik eta identifikazio bat neska edo mutil izatearekin. Neska bati galdetzen badiozu zergatik den mutila, genero adierazpidearekin erantzungo dizu: «ile laburra daukat», «futbolean jolasten naiz»; baina ez du esaten mutil sentitzen denik, ez du sentimendu identitariorik. Izan ere, zer da andre sentitzea? Zer da gizon sentitzea? Ez daukagu adostasunik hor; identitate hori oso subjektiboa da: bakoitzak bere erara sentitzen du. Diskurtso feministak dio generoa ez dela berezkoa, ez dela biologikoa, baizik eraikuntza sozial bat. Beraz, kontraesan handia iruditzen zait esatea emakume identitatea ikasi egiten dela transen kasuan izan ezik, horrekin jaio direlako. Nolatan? Edo neska guztiak jaiotzen dira neska izateko berezko joerarekin, edo bat ere ez, baina soilik transak, ez.

Kritiko mintzatu izan zara haur transexualen guraso elkarte batzuen inguruan. Zergatik?

Generoaren ikuspegi esentzialista eta binarista hori bultzatu dutelako. Baina haien diskurtsoa hegemoniko bihurtu da, eta, ondorioz, egun ume horiek laguntzeko modu bakarra dago: onartzea neska trans bat dela; eta hori ikusten ez baduzu, haren eskubideak urratzen arituko zara. Ni ez naiz esaten ari ez denik neska trans bat, baizik eta beste bide batzuk jorratu beharko genituzkeela, neska trans bat ez izatearen aukera barnean hartuta —adibidez, mutil femenino bat izatea—. Agian ikuspegi irekiago bat emanda ere genero trantsizio bat egitea erabakiko du, eta ondo egongo da. Baina nondik egingo du? Iruditzen zait gaur egun oso ikuspegi esentzialistatik egiten dela. Eta ez da gauza bera trantsizioa egitea uste duzulako neska baten burmuina duzula, edo feminitatearekin identifikatzen zarelako, eta antzematen duzulako ez duzula beste aukerarik bi kasilletako bat hautatzea baino. Oso garrantzitsua da nola azaltzen diogun geure buruari zergatik garen transexualak, zeren hori oso lotuta egongo baita gure agentziarekin, gure ahalduntzearekin, eta gure gorputzarekiko harremanarekin.

Prozesu irekiago horrek eskatuko du ziurtasunik eza kudeatzen jakitea, ezta?

Bai, are gehiago transfobotzat jotzen denean denbora tarte bat hartzea haur hori laguntzeko. 4 urteko haur bati NA aldatzeak eta halako erabaki askok ez dute zerikusirik umeekin eta haien premiekin, baizik eta helduek generoaz egiten duten interpretazioarekin. Haurrekin gauzak hain presaka egiteak prozesua estutzen du maiz, eta iritzia aldatzeko aukerak desagerrarazten ditu.

Haurtzaroa baino konplexuagoa da nerabezaroa, aldaketa fisikoak hasten direlako. Nola jorratu garai hori?

Konplexuagoa da, baina, era berean, garai interesgarria da, errazago ulertzen delako nola diharduten presio sozialek: trans nerabe askok oso argi azaltzen dute trantsitatzen ari direla binarismoak bultzatuta. Nerabezaroak hausnartzeko aukera hori ematen du, baina estigma handiagoa dakar: gizarte bazterketa oldarkorragoa da, eta, ondorioz, jendeak konponbideak behar ditu bizirik irauteko, eta hor zailagoa da beste erritmo batzuk proposatzea. Haurtzaroa espazio magiko bat da: haurrek hegan egin dezakete, izan daitezke arratoi edo dragoi; beraz, neska eta mutil, biak aldi berean izan daitezke, edo ezer ez. Nerabezaroa gogorragoa da.

Liburuan diozu zure utopia ez dela transexual asko dituen mundu bat. Zergatik?

Nire utopian, jendeak ez du generoz aldatu behar zoriontsu izateko. Transexualitatea albiste txar bat da, genero arauen zurruntasuna adierazten duelako. Zergatik onartzen dugu pertsona batzuk hain deseroso egotea, bizirik irauteko operatibo hori guztia gauzatzeraino? Hori ez da nire mundu ideala. Jendeak nahi duen genero identitatea izan dezakeen mundu bat nahi dut nik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.