Irati Armentia / 2019-05-01 / 409 hitz
Askok jakingo duzuen bezala, guraso banaketaren arloan hainbat lege aldaketa izan dira. Honen harira, nire aburuz gertaera hau zaintza partekatuaren eremuan aurre-pausu gisa hartu genezake. Gauzak horrela, gai honen arloan egoera pixka bat azaltzea eta eztabaidatzea gustatuko litzaidake.
Egia da, zaintza partekatua duela urte batzuk onartu zela; dena den, gauzak ez dira guztiz ondo egiten ari. Ondorioz, orain arte, seme-alabak dituzten bikote bananduen artean hainbat ika-mika egon dira seme-alaben ardura nori dagokion erabakitzeko orduan. Onartu beharra dago gehienetan haien ardura amak hartzen duela, baina egia esan, ez litzateke horrela izan beharko. Argi dago, seme-alabak bien arteko harremanaren ondorio direla, orduan, zergatik eduki beharko luke amak aitak baino eskubide gehiago haien ardura hartzeko? Izan ere, feminismoaren alde borrokan gauden gizarte honetan, berdintasuna aldarrikatzen dugu, alegia, gizonek ere umeen zaintzaren ardura har dezaten.
Aipatu bezala, gai honek hautsak harrotu dituen kontua izan da. Jende askoren ustez, aitak ez dauka amak bezalako gaitasuna seme-alabeei hezkuntza egoki bat emateko. Horren haritik, emakume askok ez dute uste bikoteen bi kideek umeen hezkuntzaz eta hazkuntzaz arduratzeko ahalmen bera dutela, horregatik, ez dute lege hau onargarria ikusten.
Beste aldetik, guraso batzuk zaintza partekatuaren alde daude, hauen ustez, modu hau guraso bananduak haien umeak hezteko eta hazteko era bidezkoena da. Dena den, batzuetan arazo psikologikoak ekar ditzakeela onartzen dute. Kasu honetan seme-alabek egun batzuk amarekin igarotzen dituzte eta beste batzuk aitarekin. Horrela, bi etxebizitzetan bizitzera ohitu behar izaten dira. Era berean, guraso bakoitzak bere etxeko ohiturak eta arauak ditu eta azken finean haien seme-alabak bietara ohitu behar izaten dira. Ondorioz, bikote bananduen umeek askotan arazo psikologikoak izaten dituzte eta kasu batzuetan psikologoen laguntzaren beharra izaten dute.
Nire ikuspuntutik, zaintza partekatua aukera hoberena da, batik bat, beste kasuetan, bizi ez diren gurasoekiko harremana hozteko arriskua egon daitekeelako. Normalean, amarekin bizitzearen erabakia hartzean, honekiko harremana aitarekikoa baino askoz estuagoa izaten amaitzen du. Gauzak horrela, aitek hilabetero errenta eman eta astero edo hilero ordu batzuk seme-alabekin egon baino ez dute egiten.
Ikusten den bezala, arazo izugarri zaila da eta kudeatzeak, askotan, iskanbila ugari eragiten ditu bikote-ohien artean. Gainera, kasu hauek batzuetan epaiketen bidez adostu behar izaten dira eta gauzak ilun jartzen direnean, bikotearen partaide batek bere umearenganako eskubide guztiak gal litzake.
Bukatzeko, esan beharra dago, bikote banaketak gero eta ohikoagoak direla eta haietara ohitu behar dugula. Horren haritik, honen gaineko legeak lehenbailehen argi utzi beharko genituzke, ahal den heinean, arazoak ekidin daitezen. Datu ofizialen arabera, zaintza amari ez emateko arrazoiak hauek dira: egonkortasun psikologiko eza, utzikeria edo droga menpekotasun larriak.