Garikoitz Goikoetxea / 2019-06-14 / 477 hitz
Pertsona izendegi berritua aurkeztu du akademiak. Haren arabera, emakumeei nahiz gizonei jarri ahalko zaizkie Amaiur, Amets, Araitz eta beste izen batzuk. Sexu banaketa du oinarri izendegi berriak, eta izen batzuk ez dituzte neutrotzat onartu. Aldaketa gehiago egiteko prest azaldu dira.
Umeei zer izen jarri, zeresana eman dute azken urteetan Euskaltzaindiaren irizpideek. Izenak bi taldetan izan ditu banatuta: gizonen izenak eta emakumeenak. Adibidez, gizonezkoen sailean zituen Amaiur, Amets, Iraitz, Iraultza eta horrelako izen ugari; emakumeen zerrendan, berriz, Lur, Sua eta Izaro, adibidez. Besteak beste, gai horri buruzko argitalpen bat egin zuen Bilgune Feministak, guraso ugariren kexuen ondoren: Izena eta izana ezbaian.
Aldaketak egiten hasi da Euskaltzaindia, Onomastika Jardunaldietan iragarri duenez. Aurrerantzean ere izango da sexuaren araberako izen banaketagizonenak eta emakumeenak, baina beste bat erantsi dute: izen epizenoen zerrenda. Emakumeei bezala gizonei jarri ahalko zaizkie izen horiek.
Besteak beste, honako izen hauek sartu dituzte neutroen sailean: Alai, Aloña, Amaiur, Amets, Araitz, Askatasuna, Bihotz, Euri, Gixune, Ihintz, Ira-ultza, Nahi, Zeru… Horietako asko toki izenak dira. Denera 500 bat daude oraingoz izen neutroen zerrenda horretan.
Euskaltzaindiaren webgunean eskuragarri dago izendegi eguneratua, eta desoreka batzuk ageri dira. Adibidez: Haize neutroen zerrendan sartu dute, baina Haizeaemakumeentzat soilik dago onartua; berdin gertatzen da Alai eta Alaia izenekin, eta Nahi eta Nahia izenekin.
Paskual Rekalde Onomastika Batzordeko ordezkariak azaldu duenez, orain arte “tradizioa” hartu da kontuan hitz arruntak eta toponimoak pertsona izendegian zein sexurekin lotu zehazteko. Besteak beste, Sabino Aranaren eta Jose Maria Satrustegiren izendegiak erabili izan dituzte. Euskaltzaindiak berak 2001ean argitaratu zuen izendegia.
Arazoak erregistroan
Euskaltzaindiaren izendegiak eragin handia du umeei izenak jartzerakoan, Erregistro Zibilean trabak jartzen baitituzte akademiak onartu gabeko izenekin. Hala gertatu izan zaie, adibidez, alabari Amaiur izena jartzen saiatu diren gurasoei. Euskaltzaindiaren arabera, izan ere, gizon izena da hori, nahiz eta leku izena den berez.
Espainiako legeak jarri izan ditu argudiotzat Euskaltzaindiak: izenak bereizi egin behar duela pertsona horren sexua. Gogoan izatekoa da akademiak Espainiako Gobernuari eskari bat egin ziola iaz, pertsona izenekin “malguago” joka dezan. Gutun batean, hala ohartarazi zion Andres Urrutia euskaltzainburuak Madrili: “Euskararen ezaugarri propioak kontuan hartu behar dira izendegian genero bereizteari dagokionez; bestela, hizkuntza erromanikoetatik datozen irizpideak aplikatuko genizkioke euskarari, eta horrek ez du inolako logikarik”. Euskaltzaindiak azaldu duenez, izenak sexua bereizteko obligazio hori berez kendu egin zuen 2011ko lege batek, baina oraindik ez da indarrean jarri.
Izen neutroen zerrendan 500 bat sartu dituzte oraingoz, baina gehiago sartzeko atea ere ireki du Rekaldek: Izaera irekia eta dinamikoa izango du Izendegi berriak eta aldiro-aldiro gaurkotuko da. Kontuan izatekoa da izen gehienek emakume-gizon banaketa dutela oraindik. Elizarekin lotutako izenak daude tartean santuenak eta ama birjinenak, baina leku izen batzuk ere bai. Adibidez, oraindik emakumeen zerrendan daude izen hauek: Lur, Sua, Ilargi eta Izaro. Gizonen zerrendan daude Iraitz, Aratz eta Maren. Ez da hautu itxia, Euskaltzaindiaren arabera: “Datuen argitan frogatuko balitz sail horretako izen batzuek esleitua duten generoaz gain beste generoarekin ere erabili edo erabiltzen direla, datuak egokitu beharko lirateke”.