Martxel Aizpurua / 2019-06-05 / 773 hitz
Gipuzkoako ehiztariak greban daude, eta duela gutxi manifestazio bat ere egin dute. Marjinaturik sentitzen dira nonbait. Gizarteari adierazi nahi izan diote beharrezkoa dela ehiza gure lurraldean, kalte handiak egiten ari diren basurde eta orkatzen aurka.
Animalia basatiek egiten duten kaltea ekiditea bada gizarteak ehiza orokorki onartzeko arrazoi nagusia, ez dirudi oso arrazoizkoa denik kalterik egiten ez dutenak ehizatzea: uso, oilagor, istingor, zozo, birigarro, usapal, untxi, erbi, azeri…
Gure arteko ehizaren arrazoi nagusia gizonezko (gehienak hala dira) batzuen aisialdiarekin lotua dago: mendira joan, zain egon, arrastoak jarraitu, txakurrak hezi, lagunartea, otorduak, afana…
Zer esango didate niri? Ni ere ehiztaria izana naiz, umetatik hasita. Lehendabizi zepo eta tiragomarekin saiatzen ginen txori mota guztiak harrapatzen. Gero, balinezko eskopeta etorri zen, eta, azkenik, 12ko handia. Gure gazte sasoian ohorea zen ehiztaria izatea, eta ehiza kalean erakutsiz joaten ginen etxera. Edozer harrapatzea libre zen orduan.
Gero ikasi nuen ehiza ez zela egokia naturako orekari eusteko, alderantziz baizik, orekaren kalterako zela. Horregatik utzi nion ehizatzeari, ez bihotzak ezer esan zidalako, buruak baizik.
Nik ere sentitzen nuen orduan afrikar hark, lantza eskuetan, esaten zuena: «Ehizarako lantza eskuetan hartzen dudanean, animalia bati bota arte ezinegon bat sentitzen dut gorputzean». Nire ingurukoek badakite oraindik amesten dudala tiroa bota aurreko tentsio-puntu hori, betiko izango da nonbait.
Eskopeta eskuetan denean, edozer da tirogai: txori txiki edo handi, harrapari edo intsektiboro, tomate-poto edo kartutxo-azal… eguneko orduaren arabera.
Gaur egun, gizarteko pertsona batzuek animalien presentzia maite dute, eta beste batzuek ingurumenaren orekan duten garrantziagatik babestu nahi dituzte. Ez da ondo ulertzen nolatan, aisialdi hutsagatik, gutxi batzuek gehiengoaren aurka eskubidea lor dezaketen nahi beste hiltzeko.
Gure lurraldea populatuegia dago edozein bazterretan ehiztariak tiroka sentitzeko edo armadunak edozein mendi-bideetan gurutzatzeko. Mendian armarekin dabiltzanen aisialdia eta gabe dabiltzanena ez dira konparagarriak, bistan denez; bien bateragarritasuna auzitan jarria dago.
Ehiza-baimena ematen duen administrazioari ere galdera bera egin diezaiokegu: zergatik ez debekatu gure artean ehiza xehea? Ez al lioke kasu handiagoa egin behar gehiengoari eta bere betekizun diren bioaniztasun eta kontserbazioari?
Ehiza xehearen ehizagaiek ez dute kalterik egiten; ez dugu hegazti horiek botako dituzten ehiztaririk behar. Kalterako da ehiza. Espero dut laster batean gure lurraldeetan ehiza xehea erabat debekatzea.
Animalia basatien kalteak xantaia?
Basurde eta orkatzak erruz ugaritu dira azken aldian. Arrazoi bi aipatzekotan: bata, zuhaitz-landaketetan sortu den azpibaso natural itxia, eta hor sortu den janaria. Bestea, bi espezie horien harrapakaririk eza, adibidez otsoa.
Animalia horien kalteak ugaritu egin dira, eta administrazioak, ehiztariekin adostuta, uxaldiak antolatzen ditu, animalia horien kopurua murriztu asmoz. Itxuraz, une honetan ez da bide hoberik ikusten. Konkretuki: 2018an, Gipuzkoan 2.500 basurde inguru eta 1.000 inguru orkatz ehizatu ziren.
Ehiztarien beharra hedatu nahi dute gizartean. Gizarteak ehiztarien beharra baldin badu, deituko zaie zeregin jakin batzuetarako, ordainduko zaie behar bada, baina basurde eta orkatzek egiten dituzten kalteek ez diete eskubiderik ematen beren jardun etengabea, xantaia moduan, lortzeko.
Ehiza larriaren egoera ezagutzen dutenek diote administrazioak ez duela ikertzen ehizaldi horien ondorioz zer gertatzen ari den animalia horien populazioan. Ez dirudi gutxitzen ari direnik. Kudeaketa eraginkor baten bidean emandako pausoen balorazioa funtsezkoa da.
Zenbaitzuek diote ehiztariak alerik handienak botatzeko joera dutela; alegia, trofeo ederrak nahi. Ondorioz, animalia horien familian dominantea hiltzean, mendeko gazteak (bat baino gehiago) ernaltzen hasi eta populazioak behera egin ordez gora egin dezakeela diote. Egoera ikertu ondoren, administrazioak berak ezarri beharko ditu irizpideak, ez ehiztariek.
Ehiztarien lana arinduko litzateke gure lurraldera otsoa itzuliko balitz. Kartzelara ni, otsoa aipatzeagatik? Beharbada, nik ez dut ezagutuko otsoa gure mendietan, baina otsoa badator berriro Euskal Herrira. Mendebaldetik, Pirinioetatik guregana hurbiltzen ari da, eta, Ekialdetik, Araba eta Bizkaian sartu dira jada batzuk.
Gai sakon eta serioa da otsoarena, abeltzaintza osorik aldatuko duena, eta aurrez, oso aurrez hasi beharko litzateke sektorearekin hitz egiten, artzainak mentalizatzen, Europako beste eskualdetan nola prestatu diren ikusten, eta abar. Gizarte osoa inplikatu beharko da gai horretan; dirua kostako da hori dena. Ezin ditugu begiak itxi; tirokatuz soilik ez dugu otsoaren arazoa konponduko, ezta artzaintzarena ere.
Uxaldi hutsez ere ez dira basurdeen eta orkatzen arazoak konponduko, baina, gaur egun ez bada beste biderik, administrazioak bila ditzala behar dituen ehiztariak eta egin behar diren uxaldiak , ez ehiztariek nahi dituztenak edo nahi dituztenean. Ondoren, baloratu jarduera horien emaitzak.
Gizartea asko aldatu da; ehiztariek zuten prestigioa galtzen ari dira, eta fama txarra hartzen. Ehiza-baimen eskaera ere behera doa, eta egungo gazteek ez dute ehiza 40 urtez gorakoek bezala ikusten. Ehiza kirol bezala ikusten ez duen jendea gero eta gehiago da; ondorioz, ehiztarien federazioa ere larritzen hasia izango da honezkero, laguntza gabe geratuko ote den. Ehizatik bizi diren denda eta enpresak ere ez dira lasai egongo. Gure gizartea aldatzen ari da.
Ehiztariek hauteskunde-sasoia ondo aprobetxatu dute protestarako. Ehiztari askorentzat zoritxarrez, ordea, Vox-ek bakarrik egin du ehizaren alde. Beste alderdiak isilik egon dira; isiltasuna ez bedi izan konplizitate-seinale.