eitb.eus / 2019-09-15 / 248 hitz
Populazioa galtzeko arriskurik handiena duten zonaldeak Zangoza inguruak, Estellerriak, Pirinioak eta Nafarroako Erdialdea dira.
Espainiako Gobernuak erronka demografikoari aurre egiteko duen Ordezkaritzak zabaldutako datuen arabera, Nafarroako hiru herritatik batek (%38,6ak) hutsik geratzeko arriskua du. Populazioa galtzeko arriskurik handiena duten zonaldeak Zangoza inguruak, Estellerria, Pirinioak eta Nafarroako Erdialdea dira.
Antzeko datuak jaso ditu FNMC Nafarroako Herri eta Kontzejuen Federazioak ere. Nafarroako biztanleek azken hamarkadan izan duten bilakaera ikusita, eta 2017ko data erreferentziatzat hartuta, sei eskualdek populazioa galdu dute: Pirinioetako inguruak biztanleen %12,92 galdu du, Zangozak %5,17, Montejurrak %2,12, Erdialdeak %1,92, Estellerriak edo Lizarra inguruak %1,31 eta Izarbeibarrek %0,95.
Hain zuzen ere, gai hau aztertu dute gaur Uxuen, hango Udalak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak “Lurraldearen Ordenazioa eta Despopulazioa” izenburupean antolatu dituzten jardunaldietan. Bertan izan da Jose Maria Aierdi Nafarroako Gobernuaren Lurralde Antolakuntza, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetarako sailburua. Aierdik argi utzi du “despopulazioaren mehatxua lurralde politika guztien agendaren erdian” egon behar dela.
Etxebizitza politikak, eraikinen berritze politikak etab. landa inguruan aplikatu beharreko beste Gobernu-ekintza batzuekin koordinatu behar direla esan du Aierdik, lana sortzearekin, aktibitate ekonomikoa sortuko duten esparruen garapenarekin, lekuko elikadura industriaren promozioarekin, zerbitzu publikoen erabilerreztasuna bermatzearekin eta turismoa bultzatzearekin, besteak beste.
“Gure esku dago Europako joera orokorrari men egin, herritarren %75 hirietan bilduz, edota joera hori iraultzea, gure politiketan lurralde eta gizarte kohesioa bilatuz, oreka bat lortuz garapen urbanoaren eta landa garapenaren artean, lurralde bizi bat edukitzeko, eta ez desertuz inguratutako hiriak”, gaineratu du.
Bere departamentuak lurralde politika berrikusi eta estrategia transbertsal bat diseinatu beharra daukala iragarri du sailburuak, “herri txiki eta ertainak desagertzen joan ez daitezen”.